Jesusen Jaiotzea
(Mt 11,8-25)
2,1 Sasoi haretan, mundu guztiko erroldaketea egiteko agindu eban Augusto enperadoreak*. 2 Lehen erroldaketa hau Siriako* gobernari Kirino zala egin zan. 3 Beraz, erroldatzera joan ziran danak, bakotxa bere herrira. 4 Josek ere, Daviden familia eta jatorrikoa zan-eta, Galileako Nazaret herritik Judeako Belen izeneko Daviden herrira igon eban 5 bere emazte Mariagaz, erroldatzera. Maria seindun egoan. 6 Belenen egozala, umea izateko egunak bete jakozan, eta 7 lehen-semea izan eban; oihaletan batu eta abere-aska baten jarri eban, ostatuan ez egoan-eta hareentzat lekurik.
Aingeruak eta artzainak
8 Baziran inguru haretan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen. 9 Jaunaren aingerua aurkeztu jaken eta Jaunaren aintzak argiz inguratu ebazan; hareik bildur-ikaraz gelditu ziran, 10 eta aingeruak esan eutsen: «Ez bildurtu! Hara, barrion pozgarria dakartsuet, bai zeuentzat, bai herri osoarentzat ere: 11 Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio jatzue gaur Daviden herrian. 12 Eta hona seinalea: jaiobarri bat aurkituko dozue oihaletan batua eta askan etzunda».
13 Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zan aingeruaren inguruan, Jainkoa goresten: 14 «Aintza zeru goienean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dauzan gizon-emakumeei!»
15 Aingeruek zerura alde egin ebenean, artzainek inotsoen alkarri: «Goazen Belenera Jaunak adierazi deuskun gertakari hori ikustera».
16 Joan ziran lasterka eta han aurkitu ebezan Maria, Jose eta jaiobarria askan etzunda. 17 Ikusi ebenean, umetxo haretaz esan jakena kontatu eben. 18 Artzainek esandakoa entzun eben guztiak harriturik gelditu ziran. 19 Mariak, barriz, gertakari guztiok gogoan hartzen ebazan, bere barruan hausnartuz. 20 Artzainak entzun eta ikusi ebenekaitik Jainkoari aintzaka eta goraka bihurtu ziran, dana aingeruak esandako lez jazo jaken-eta.
21 Jaio eta zortzi egunera umea erdaindu ebenean, Jesus ezarri eutsoen izena, sortu aurretik aingeruak esandako lez.
Jesus tenpluan aurkeztua
22 Moisesen legean agindutako garbikuntzea egiteko unea heldu jakenean*, gurasoek Jesus Jerusalemera eroan eben Jaunari aurkezteko. 23 Izan ere, holantxe agintzen dau Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko jakoz. 24 Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskini eben: usapal bi edo usakume bi.
25 Bazan Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain egoana. Espiritu Santua beragaz eban 26 eta aditzera emona eutson ez zala hilgo Jaunak bialdutako Mesias ikusi barik. 27 Espirituak eraginik, tenplura joan zan eta, Jesusen gurasoak legeak agintzen ebana beteteko asmoz tenpluan sartzerakoan, 28 umea besoetan hartu eta Jainkoa goretsi eban esanez:
29 «Orain bai, Jauna,
zeuk hitz emondako lez,
itzi daikeozu zure morroi honi
bakean hilten!
30 Ikusi dabe nire begiok
zure Salbatzailea,
31 herri guztien aurrean zuk aurkeztua:
32 nazinoak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe».
33 Aita-amak harriturik egozan Simeonek umeaz esaten ebanagaitik. 34 Simeonek bedeinkatu egin ebazan eta umearen ama Mariari esan eutson: «Begira, ume hau israeldar batzuentzat jauspide eta besteentzat jasobide izateko jarrita dago; eztabaidea sortuko dauan seinalea izango da, 35 horrela guztien asmo ezkutuak agerian gelditu daitezan. Eta zuri ere ezpateak zulatuko deutsu bihotza».
36 Bazan profetesa bat ere, Ana, Fanuelen alabea, Aserren leinukoa. Urteetan oso aurreratua zan: gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi izan ondoren, 37 alargun gelditu zan, eta bazituan laurogeita lau urte. Ez eban tenplutik urteten, eta gau eta egun Jainkoaren zerbitzuan ziharduan bertan, barau eta otoitz. 38 Une haretan aurkezturik, Jainkoari eskerrak emoten hasi zan, eta umeari buruz hitz egiten Jerusalemen askapena itxaroten eben guztiei.
Nazaretera bihurtu
39 Jaunaren legeak agintzen eban guztia bete ondoren, Jesusen gurasoak Galileara bihurtu ziran, Nazaret euren herrira. 40 Umea hazten eta sendotzen joian; jakinduriaz betea egoan eta Jainkoaren onespena beragaz eukan.
Jesus umea tenpluan
41 Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziran urtero erromes Pazko Jaietan. 42 Jesusek hamabi urte* bete ebazanean, jaietara joan ziran, ohitureari jarraituz. 43 Jaiak amaiturik, gurasoak etxera abiatu ziranean, Jesus umea Jerusalemen gelditu zan, hareek jakin barik. 44 Erromeskideen artean zalakoan egun beteko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziran ahaide eta ezagunen artean. 45 Eta, aurkitzen ez-eta, Jerusalemera bihurtu ziran bila.
46 Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu eben, lege-maisuen erdian jesarrita, entzuten eta galdetzen; 47 entzuten eutsoen guztiak txunditurik egozan erantzunetan azaltzen eban argitasunagaitik. 48 Ikusi ebenean, harrituta gelditu ziran gurasoak, eta amak esan eutson:
—Seme, zergaitik egin deuskuzu hori? Ikusi ze larri genbiltzan aita eta biok zure bila!
49 Harek erantzun eutsen:
—Zergaitik zenbizen nire bila? Ez zenkien nik neure Aitaren gauzetan jardun behar dodala?
50 Baina hareek ez eben ulertu zer esan gura eban. 51 Jesus eurekaz jatsi Nazaretera eta euren menpe bizi izan zan. Amak gogoan hartzen ebazan gertakari guztiok. 52 Jesus hazten joian, bai jakituriaz, bai gorputzez, eta Jainkoak eta gizakiek gero eta gogokoago eben.