Iraina eta parkamena
(Mt 18,6-7.21-22; Mk 9,42)
17,1 Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nahitaezkoa da munduan galbideak* suertatzea, baina zoritxarrekoa inoren sinismena galbidean jarten dauana! 2 Hobe leuke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora botako balebe, txiki honeetakoren bat galbidean jartea* baino. 3 Kontuz ibili!
«Senideren batek iraintzen bazaitu, egiozu aldarri, eta, damutzen bada, parkatu. 4 Eta egunean zazpi bider iraintzen bazaitu eta zazpi bider etorten bajatzu ‘Damu dot’ esanez, parkatu».
Sinismena eta zerbitzua
(Mt 17,20)
5 Apostoluek eskatu eutsoen Jaunari:
—Handitu eizu sinismena gugan.
6 Jaunak erantzun eban:
—Sinismena bazendue, mostaza-hazia lango txikia izanik ere, ikondo honi «Urten hortik eta aldatu itsasoan» esango zeuskioe, eta obeditu egingo leuskizue.
7 «Egizue zuetako batek morroi bat dauala solo-lan edo artzaintzarako. Morroia etxeratzean, ‘Hator berehala mahaira’ esaten ete deutso? 8 Ez ete deutso beste hauxe esaten: ‘Prestatu eidak afaria, jantzi amantala eta zerbitzatu naik, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko dok hik’? 9 Morroiari esker ona zor ete deutso agindua bete daualako? 10 Zuek ere bardin: agindu jatzuen guztia egin eta gero, esan: ‘Morroi gizagaixo* batzuk gara; egin behar genduana besterik ez dogu egin’».
Jesusek hamar legendun osatu
11 Jerusalemera bidean, Samaria* eta Galilean zehar joian Jesus. 12 Herri baten sartzerakoan, hamar legendunek urten eutsoen bidera. Urrun gelditurik, 13 deiadarka esan eutsoen:
—Jesus, Maisu, erruki zakiguz!
14 Jesusek, ikustean, esan eutsen:
—Joan eta azaldu abadeengana.
Bidean joiazala, garbi gelditu ziran. 15 Hareetako bat, osatuta egoala oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz bihurtu 16 eta Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez; samariarra zan bera. 17 Jesusek esan eban: «Ez ete dira hamarrak gelditu garbi? Non dira beste bederatziak? 18 Ez da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etorteko?»
19 Gero, esan eutson: «Jagi eta zoaz; zeure sinismenak salbatu zaitu».
Jainkoaren erregetzearen etorrerea
(Mt 2,423-28,37-41)
20 Jainkoaren erregetzea noiz helduko zan galdetu eutsoen fariseuek; Jesusek erantzun eutsen:
—Jainkoaren erregetzea ez da nabarmen etorriko. 21 Ezin esan izango da: «Hona hemen» edo «Hara han»; Jainkoaren erregetzea zeuen artean dago-ta.
22 Gero, ikasleei esan eutsen: «Helduko jatzue Gizonaren Semearen etorrerako egun bat besterik ez bada ere ikusi nahi izango dozueneko sasoia, baina ez dozue ikusiko. 23 Orduan, ‘Hona hemen, hara han’ esango deutsuee. Baina zuek ez joan, ez urten atzetik lasterka. 24 Izan ere, tximisteak une baten zerualde batetik besteraino distira egiten dauan lez, halan izango da Gizonaren Semea etorriko dan egunean. 25 Baina aurretik asko sufritu behar dau, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo dau.
26 «Noeren sasoian lez jazoko da Gizonaren Semearen sasoian ere. 27 Jan-edanean ziharduen jendeak, eta ezkondu egiten ziran, *Noe itsas-ontzian sartu zan arte; baina etorri zan uriolea eta danak galdu ebazan.
28 «Gauza bera gertatu zan Loten sasoian ere: jan eta edan, saldu eta erosi, landatu eta eraiki egiten eban jendeak; 29 baina Lotek Sodomatik urten eban egunean, su eta sufrezko euria egin eban zerutik eta danak galdu ebazan.
30 «Hala jazoko da Gizonaren Semea agertuko dan egunean ere. 31 Egun haretan, etxe gainean dagoana eta bere gauzak etxean dituena ez bedi hartzera jatsi; era berean, soloan dana ez bedi atzera bihurtu. 32 Oroitu Loten emazteaz.
33 «Bere bizia segurtatu nahi dauanak galdu egingo dau; galtzen dauanak, barriz, onik aterako dau. 34 Egia esan, gau haretan bi egongo dira ohe berean: bata eroan eta bestea itzi egingo dabe. 35 Bi emakumek ekingo deutsoe batera eihoten: bata eroan eta bestea itzi egingo dabe». (36 *).
37 Ikasleek galdetu eutsoen orduan:
—Non izango da hori, Jauna?
Jesusek erantzun eutsen:
—Sarraskia non, hantxe batzen dira putreak.