Jesus biztu. Hilobia hutsik
(Mt 28,110; Mk 16,18; Lk 24,112)
20,1 Asteko lehen egunean* Magdalako Maria hilobira joan zan goizean goiz, artean ilun egoala, eta harria hilobitik kendua ikusi eban. 2 Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite eban beste ikasleagana bihurtu zan lasterka, eta esan eutsen: «Eroan egin dabe Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini daben».
3 Urten eben, orduan, Pedrok eta beste ikasleak, eta hilobirantz jo eben. 4 Biak batera joiazan korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago joian, eta lehenago heldu zan hilobira. 5 Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean egozala ikusi eban, baina ez zan sartu. 6 Heldu zan haren atzetik Simon Pedro, eta sartu zan hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi ebazan, 7 bai eta Jesusen burua batzen egondako zapia ere; baina hau ez egoan oihal-zerrendekaz batera jarria, beste toki baten aparte batuta baino. 8 Orduan, sartu zan beste ikaslea ere, hilobira lehenengo heldu zana. Ikusi eta sinistu egin eban. 9 Izan ere, ordura arte ez eben-eta ikasleek ulertu Liburu Santuak dinoana; hau da: Jesusek hilen artetik biztu egin behar ebala.
10 Pedro eta beste ikaslea etxeratu egin ziran.
Jesus, Magdalako Mariari agertu
(Mk 16,911)
11 Maria hilobi ondoan gelditu zan, kanpoan negarrez. Halako baten, oraindik ere negarrez, hilobirantz makurtu zan, 12 eta aingeru bi ikusi ebazan zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zan tokian jesarrita, bata burukaldean eta bestea oinetan. 13 Aingeruek esan eutsoen:
—Emakume, zergaitik zagoz negarrez?
Harek erantzun eutsen:
—Nire Jauna eroan egin dabe, eta ez dakit non ipini daben.
14 Berehala, atzera begiratu eta Jesus ikusi eban zutunik, baina ez zan konturatu Jesus zanaz. 15 Jesusek esan eutson:
—Emakume, zergaitik zagoz negarrez? Noren bila zabilz?
Harek, ortuzaina zalakoan, esan eutson:
—Jauna, zuk eroan badozu, esaidazu non ipini dozun, eta neuk jasoko dot.
16 Jesusek esan eutson:
—Maria!
Honek, hurreratuz, esan eutson hebreeraz:
—Rabbuni! (Hau da, Maisu).
17 Jesusek esan eutson:
—Itzi naizu*, oraindik ez dot-eta igon Aitagana. Ea, zoaz nire senideengana eta esaiezu neure eta zuen Aitagana noala, neure eta zuen Jainkoagana.
18 Magdalako Mariak joan eta ikasleei barri hau emon eutsen: «Jauna ikusi dot». Eta Harek esana kontatu eutsen.
Jesus ikasleei agertu
19 Asteko lehen egun haretan bertan, arratsean, ikasleak etxe baten baturik egozan; judu-agintarien bildurrez, ateak itxirik eukezan. Sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, agurtu ebazan esanez: «Bakea zuei». 20 Gero, eskuak eta saihetsa* erakutsi eutsezan. Pozez bete ziran ikasleak Jauna ikustean.
21 Jesusek barriro esan eutsen: «Bakea zuei. Aitak ni bialdu nauan lez bialtzen zaituet nik zuek ». 22 Eta hareen gainera arnasea botaz, esan eutsen: «Hartu eizue Espiritu Santua. 23 Zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei parkatu egingo deutsez Jainkoak ere; zuek parkamena ukatzen deutsezuenei, ukatu egingo deutse».
Jesus eta Tomas
24 Tomas, Hamabietako bat, Bikia eritzona, ez egoan hareekin Jesus etorri zanean. 25 Alkartu ziranean, beste ikasleek esan eutsoen:
—Jauna ikusi dogu.
Tomasek erantzun eutsen:
—Haren eskuetan untzeen seinalea ikusten ez badot, eta nire atzamarra untze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badot, ez dot ezelan ere sinistuko.
26 Zortzi egunen buruan, etxean egozan barriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zan. Ateak itxita egozan arren, sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, agurtu ebazan esanez: «Bakea zuei». 27 Gero, esan eutson Tomasi:
—Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinisgogor, sinistedun baino.
28 Tomasek erantzun eutson:
—Ene Jauna eta ene Jainkoa!
29 Jesusek esan eutson:
—Ikusi nozulako sinistu dozu? Zorionekoak ikusi barik sinisten dabenak.
Ebanjelioaren helburua
30 Mirarizko beste seinale asko egin ebazan Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez dagozanak. 31 Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dala sinistu daizuen idatzi dira eta, sinistuz, betiko bizia izan daizuen hari esker.