Jesus Joanek iragarria eta bateatua.
Tentatua (3,1-4,16)
Joan Bataiatzaileak Jesusen etorrerea iragarri
(Mk 1,2-8; Lk 3,1-18; Jn 1,19-28)
3,1 Sasoi haretan agertu zan Joan Bataiatzailea, Judeako basamortuan* holan hots eginez: 2 «Bihozbarritu zaiteze, gainean dozue-eta Jainkoaren erregetzea*».
3 Joan honi buruz esan eban, hain zuzen, Isaias profeteak:
Ahots batek oihuka dihardu basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bide zidorrak hari.
4 Joanek gamelu-ulezko jantzia eban soineko eta narruzko ugela gerriko, eta saltamatxinoak eta basa eztia ebazan janari.
5 Jerusalem uriko, Judea osoko eta Jordan inguru guztiko jendea joaten zan harengana, 6 eta, euren pekatuak autortzen ebezala, Joanek bateatu egiten ebazan Jordan ibaian. 7 Fariseu eta saduzear askori, bateatzera etozela ikustean, holan esan eutsen Joanek: «Sugekumeok! Nork esan deutsue gainean dozuen haserre-zigorrari ihes egingo deutsozuela? 8 Agertu eizue zeuen jokabideaz bihozbarrituak zagozela, 9 eta ez pentsa nahikoa dozuenik ‘Abrahamen ondorengo gara’ esatea. Egia esan, honako harri honeetatik ere atara daikez Jainkoak Abrahamen ondorengoak. 10 Prest dago aizkorea zuhaitza hondotik joteko: frutu onik emoten ez dauan zuhaitz guzti moztu eta sutara botako da. 11 Nik urez bateatzen zaituet bihozbarritu zaitezen; baina nire ondoren datorrena ni baino ahaltsuagoa da, eta ni ez naz inor hari oinetakoak eranzteko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue. 12 Eskuan dauka sardea, eta garia garbitzera doa: garaua mandioan jasoko dau; lastoa, barriz, inoiz amatauko ez dan sutan erreko».
Jesus bateatua
(Mk 1,9-11; Lk 3,21-22; Jn 1,29-34)
13 Jesus Galileatik Jordanera etorri zan, Joanengana, honek bateatu eian. 14 Joanek ez eutson itzi nahi eta esan eutson:
—Neu naz zuk bateatu beharrekoa, eta zeu zatoz nigana?
15 Baina Jesusek erantzun eutson:
—Itzi eidazu orain, holantxe bete behar dogu-eta osoan Jainkoaren nahia*.
Orduan, amore emon eban Joanek.
16 Bateatu eta berehala, urten eban Jesusek uretatik. Horretan, zerua zabaldu egin zan, eta Jainkoaren Espiritua ikusi eban Jesusek uso-itxuran jaisten eta beragana etorten. 17 Eta abots hau etorri zan zerutik: «Hauxe da nire Semea, nire maitea; berau dot atsegin».