Jesus Pilatoren aurrean
(Mt 27,1-2.11-14; Mk 15,1-5; Jn 18,28-38)
23,1 Jagi ziran danak eta Pilatogana eroan eben Jesus. 2 Han, salatzen hasi jakozan: «Gure naziona nahasten harrapatu dogu gizon hau; enperadoreari zergak* ordaintzea galazoten dau eta bera Mesias, erregea, dala esaten».
3 Pilatok galdetu eutson:
—Juduen erregea zara Zu?
Jesusek erantzun eutson:
—Zeuk dinozu.
4 Pilatok abadeburuei eta jende-taldeari esan eutsen:
—Nik ez dot gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen.
5 Baina hareek, behin eta barriro: «Judea osoan zehar herria asaldatzen dabil bere irakaspenez; Galilean hasi zan eta honaino heldu da».
Jesus Herodesen aurrean
6 Hori entzutean, gizon ha galilearra zan galdetu eban Pilatok. 7 Eta, Herodesen* eskumenekoa zala jakinik, hari bialdu eutson, Jerusalemen zan-eta egun hareetan. 8 Zeharo poztu zan Herodes Jesus ikusteaz, aspaldian eban-eta ha ezagutzeko gogoa, hartaz entzuten ebazanekaitik; mirariren bat egiten ikusiko ebala ere uste eban. 9 Herodesek galdera asko egin eutson, baina Jesusek hitzik erantzun ez. 10 Bitartean, han ziharduen abadeburu eta lege-maisuek salatu eta salatu. 11 Herodesek, bere soldaduekaz batera, irain eta isekaz erabili eban Jesus eta, jantzi distiratsu bat soinean jarririk, barriro Pilatogana bialdu eban. 12 Egun haretan, adiskidetu egin ziran Herodes eta Pilato, arterago arerio ziran-eta.
Jesus heriotzara kondenatua
(Mt 27,15-26; Mk 15,6-15; Jn 18,39—19,16)
13 Pilatok, abadeburu, agintari eta herria barriro baturik, 14 holan esan eutsen: «Gizon hau herria nahasten dabilela-eta ekarri deustazue; baina zuen aurrean galderak egin deutsodaz eta ez deutsot aurkitu zuek leporatzen deutsozuen errurik batere; 15 ez eta Herodesek ere, barriro geuri bialdu deusku-ta. Honek ez dau, beraz, heriotzea merezi dauanik ezer egin. 16 Zigorraldi bat emon eta askatu egingo dot». ( 17 *).
18 Baina danek aho batez oihuka esan eutsoen:
—Kendu hori eta askatu eiguzu Barrabas!
19 Barrabas hau, urian gertaturiko matxinada eta giza-hilketa bategaitik sartu eben kartzelan.
20 Jesus askatu nahian Pilatok barriro hitz egin eutsen; 21 baina hareek oihuka:
—Kurutzera hori! Kurutzera!
22 Harek hirugarrenez esan eutsen:
—Zer oker egin dau, ba, honek? Nik ez dot hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen. Beraz, zigorraldi bat emon eta askatu egingo dot.
23 Hareek oihu eta oihu ziharduen kurutzeratu eiala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziran oihuak. 24 Orduan, Pilatok hareen eskabideari men egitea erabagi eban: 25 hareek eskatzen ebena —matxinada eta giza-hilketagaitik kartzelan egoana— askatu eta Jesus euren esku itzi eutsen.
Kurutze-bidean
(Mt 27,32; Mk 15,21; Jn 19,17)
26 Jesus kurutzeratzera eroiela, solotik etxera joian bat, Simon ziranekoa, hartu eben eta kurutzea leporatu eutsoen, Jesusen ondotik eroan eian*. 27 Herriko jende-talde handia joian Jesusen ondoren, bai eta emakume asko ere bular-joka eta haregaitik aieneka. 28 Bihurtu zan Jesus eurengana eta esan eutsen: «Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik nigaitik; egizue negar zeuekaitik eta zeuen seme-alabekaitik. 29 Hara, badatoz honako hau esango dan egunak: ‘Zorionekoak agorrak, seinik sortu ez daben sabelak eta titirik emon ez daben bularrak’. 30 Orduan, holan esango deutsee mendiei: ‘Jausi zaiteze gure gainera’, eta muinoei: ‘Estaldu gaizuez. 31 Izan ere, egur hezeari hau egiten badeutsoe, zer ez ete iharrari?»
32 Jesusegaz batera gaizkile bi ere eroan ebezan hiltzera.
Jesus kurutzean josia
(Mt 27,33-44; Mk 15,22-32; Jn 19,18-27)
33 «Buru-hazur» eritzon tokira heldurik, bertan kurutzeratu eben Jesus, bai eta gaizkile bi ere, bata Jesusen eskoian eta bestea ezkerrean. 34 Jesusek holan inoan: «Aita, parkatu eiezu, ez dakie-ta zertan diharduen*».
Soldaduek Jesusen jantziak banatu ebezan, zotz eginez.
35 Herria begira egoan. Agintariek, barriz, Jesusi iseka egiten eutsoen, esanez: «Besteak salbau jozak; salbau daiala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, bada». 36 Soldaduek ere irri egiten eutsoen; ondoraturik, ozpina eskeini eutsoen eta esan: 37 «Juduen errege bahaz, salbau egik heure burua».
38 Honako idazkun hau eukan buruaren gainekaldean: «Hau juduen erregea da».
39 Zintzilik egozan gaizkileetako bat Jesusi irainka ebilkon, esanez:
—Ez haz, ba, hi Mesias? Salbau egik heure burua eta salbau gu ere!
40 Baina besteak haserre egin eutson hori inoanari:
—Ez haz Jainkoaren bildur, zigorra jasaten hagoala ere? 41 Gurea legezkoa dok, geure egintzekaitik merezia joaguk-eta; baina honek ez jok okerrik egin.
42 Gero, gaineratu eban:
—Jesus, gogoratu nitaz errege izatera helduko zaranean.
43 Jesusek erantzun eutson:
—Benetan dinotsut: Gaur neugaz izango zara paradisuan*.
Jesusen heriotzea
(Mt 27,45-56; Mk 15,33-41; Jn 19,28-30)
44 Eguerdialdea zan, eta ilundu egin zan lurbira guztia hirurak arte. 45 Eguzkia ezkutatu egin zan, eta santutegiko oihala* erdiz erdi urratu zan. 46 Jesusek, oihu handia eginez, esan eban: «Aita, zeure eskuetan jarten dot bizia». Hau esanik, azken arnasea emon eban.
47 Erromatar ehuntariak, gertatua ikusirik, Jainkoa goretsi eban, esanez: «Benetan gizon hau zintzoa zan!»
48 Ikuskizunera joandako jende guztia, jazotakoa ikusirik, bular-joka bihurtu zan urira. 49 Jesusen ezagun guztiak, bai eta Galileatik jarraitu eutsoen emakumeak ere, urruntxoago egozan begira.
Jesus hilobian ezarria
(Mt 27,57-61; Mk 15,42-47; Jn 19,38-42)
50 Orduan, kontseiluko* kide bat etorri zan, Jose eritzona, gizon on eta zintzoa; 51 honek ez ebazan ontzat emon batzar Nagusiaren erabaki eta jokabidea. Judeako Arimatea herrikoa zan izatez, eta Jainkoaren erregetzea noiz helduko zain egoan. 52 Josek, beraz, Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu eutson. 53 Jesus kurutzetik jatsirik, izara baten batu eban eta hatxean zulaturiko eta oraindik han beste inori lur emon bako hilobi baten ezarri. 54 Jaietarako prestaketak egiteko eguna* zan eta zapatua hastera joian.
55 Galileatik Jesusegaz etorritako emakumeek, Joseren atzetik joanik, hilobia ikusi eben eta Jesusen gorpua zelan ezarten eben begiratu. 56 Gero, bihurtu eta usain-gozoko ukenduak* prestatu ebezan.