Jesus tentaldian garaile
(Mt 4,1-11; Mk 1,12-13)
4,1 Jesus Espiritu Santuaz* beterik bihurtu zan Jordandik. Espirituak eroanik, basamortuan ibili zan 2 berrogei egunez, deabruak tentatzen ebala. Egun hareetan ez eban ezer jan, eta azkenean gosetu egin zan. 3 Deabruak esan eutson, orduan:
—Jainkoaren Semea zaranez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.
4 Jesusek erantzun eutson:
—Liburu Santuan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.
5 Ondoren, deabruak, toki garai batera eroanik, munduko erreinu guztiak erakutsi eutsozan une baten 6 eta esan eutson:
—Hara, neureak dodaz erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta gura dodanari emon daikeodaz. 7 Beraz, adoratzen banozu, zeuretzat izango dozuz.
8 Jesusek erantzun eutson:
—Idatzia dago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera baino ez gurtu.
9 Orduan, Jerusalemera zuzendu eban deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan eutson:
—Jainkoaren Semea zaranez, bota zeure burua hemendik behera, 10 idatzia dago-ta: Bere aingeruei aginduko deutse zu zaintzeko. 11 Besoetan eroango zaitue, harriekaz estropezu egin ez daizun.
12 Baina Jesusek erantzun:
—Agindua dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.
13 Orduan, bere tentazino guztiak agorturik, deabruak alde egin eban Jesusengandik, hurrengo egokiera arte*.
GALILEAKO MISINOA (4,14—9,50)
Misinoa hasi
(Mt 4,12-17; Mk 1,14-15)
14 Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara bihurtu zan, eta inguru haretan guztian zabaldu zan haren barri. 15 Hango sinagogetan irakasten eutsen, danek goraltzen ebela.
Misino-egitaraua (4,16-30)
Nazaretera bisitan
(Mt 13,53-58; Mk 6,1-6)
16 Nazaretera* joan zan, bera hazi zan herrira, eta zapatuan sinagogan sartu zan, ohiturea eukan lez, eta irakurgaia egitera zutundu. 17 Isaias profetearen liburua emon eutsoen eskura eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu eban:
18 Jaunaren espiritua nire gainean dago,
berak nau bialdu gatibuei askatasuna
eta behartsuei barriona adieraztera,
itsuei ikusmena aldarrikatzera
eta zapalduak askatzera,
19 Jaunak bere ontasuna azalduko dauan
urtea iragartera*.
20 Liburua itxi, laguntzaileari emon eta jesarri egin zan; danak sinagogan begira-begira eukazan. 21 Eta honela hasi jaken: «Gaur bete da profezia hau entzuten deustazuenontzat».
22 Denek Jesusen alde hitz egiten eben eta harriturik egozan Jainkoaren ontasunaz esaten ebazanekaitik. Baina bainoen: «Hau ez da, ba, Joseren semea?» 23 Orduan, Jesusek esan eutsen: «Harako esaera ha gogoratuazoko deustazue, beharbada: ‘Sendagile, osatu zeure burua’, eta esango: ‘Egizuz hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin ei dozuzan gauzak’». 24 Eta gaineratu eban: «Benetan dinotsuet: Ez da profetarik bere herriari mesedegarri jakonik*. 25 Egiaz esaten deutsuet: Emakume alargun asko egoan Israelen Eliasen aldietan, hiru urte eta erdian euririk egin ez ebala, lurralde osoan gosete handia izan zanean; 26 halan ere, Jainkoak ez eban hareetako inorengana bialdu Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargun bategana baino. 27 Eta legendun asko egoan Israelen Eliseo profetearen aldietan; halan ere, ez eban hareetako inor osatu, Naaman siriarra baino».
28 Hau entzutean, sinagogako danak amorruz bete ziran. 29 Eta, jagirik, Jesus herritik kanpora bota eta herria jasoa egoan mendiko troka batera zuzendu eben, handik behera jaurtiteko. 30 Baina Jesus hareen artetik igaro eta bere bidetik joan zan.
Jesusek nagusitasunez predikatzen
eta osatzen (4,31—5,16)
Jesusek deabruduna osatu. Jesusen hitzaren nagusitasuna (Mk 1,21-28)
31 Jesusek, Galileako uri batera, Kafarnaumera, jatsi eta jendeari irakasten ziharduan zapatuan. 32 Haren irakaspenaz txunditurik egoan jende guztia, nagusitasunez hitz egiten eutsen-eta. 33 Bazen sinagoga haretan espiritu gaiztoaren menpe egoan* gizon bat. Eta oihu bizian esan eban:
34—Alde hemendik! Zer dok gugaz, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera hator? Bajakiat nor hazan: Jainkoaren Santua.
35 Jesusek gogor eraso eutson:
—Isildu hadi eta urten horrengandik!
Deabruak jende artean lurrera bota eban gizona, baina ezelango kalterik egin barik urten eban harengandik. 36 Harri eta zur gelditu ziran danak, eta alkarri esaten eutsoen:
—Zer da hau? Espiritu gaiztoei nagusitasunez eta indarrez agintzen deutse, eta horreek urten egiten dabe!
37 Haren entzutea herrialde haretako bazter guztietara zabaldu zan.
Jesusek Simonen amaginarreba osatu
(Mt 8,14-15; Mk 1,29-31)
38 Jesus, sinagogatik urten eta Simonen etxean sartu zan. Simonen amaginarrebea sukar handiaz egoan, eta haren alde zeozer egiteko eskatu eutsoen. 39 Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu eutson sukarrari, eta sukarrak alde egin eban; jagi zan amaginarrebea berehala eta zerbitzen hasi jaken.
Gaixo asko osatu
(Mt 8,16-17; Mk 1,32-34)
40 Eguzkia sartu zanean, gaixoak eukezan guztiek, edozein gaisotasun zala ere, Jesusengana eroan ebezan; eta Harek, bakotxari eskuak ezarriz, osatu egin ebazan. 41 Askogandik urten eben deabruek ere, deiadarka: «Jainkoaren Semea zara zu».
Berak zorrotz galazoten eutsen hitz egitea, baekien-eta Mesias zala.
Jesus Judean zehar predikatzen
(Mk 1,35-39)
42 Eguna zabaldu ebanean, Jesus herritik urten eta bazter bakarti batera joan zan. Jendea haren bila ebilen, eta, aurkiturik, eutsi egin nahi eutsoen, euren artetik alde egin ez eian. 43 Baina Harek esan eutsen: «Gainerako herriei ere iragarri behar deutset Jainkoaren erregetzaren barriona, Jainkoak horretarako bialdu nau-ta».
44 Eta Judeako* sinagogetan ibili zan barriona iragarten.