Jesusek jendetzeari jaten emon
(Mt 14,1321; Mk 6,3044; Lk 9,1017)
6,1 Handik aldi batera, Galilea edo Tiberiades aintziraz* beste aldera joan zan Jesus. 2 Eta jendetza handia joakon atzetik, gaixoak osatuz egiten ebazan mirarizko seinaleak ikusten ebezan-eta. 3 Jesusek mendira igon eban eta han jesarri zan bere ikasleekaz. 4 Laster zan Pazkoa, juduen jai nagusia. 5 Jesusek, jende asko etorkola ikusirik, esan eutson Feliperi:
—Non erosiko geuke ogia honei jaten emoteko?
6 Zirikatzeko esan eutson hori, ondo ekian-eta berak zer egin behar eban.
7 Felipek erantzun eutson:
—Berrehun denarioren ogia* ez litzateke nahikoa bakotxak apur bat eskuratzeko.
8 Haren ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan eutson:
9—Bada hemen bost garagar-ogi eta arrain txiki bi dituen mutiko bat; baina zer da hori honenbesterentzat?
10 Jesusek jendea jesarriazoteko agindu eutsen ikasleei. Bedartza ederra egoan leku haretan, eta jesarri egin ziran danak. Bost milaren bat gizonezko ziran. 11 Jesusek ogiak hartu eta, esker onezko otoitza egin ondoren, banatu egin ebazan jesarrita egozanen artean; bardin arrainak ere, nahi adina. 12 Eta asetu ziranean, esan eutsen Jesusek ikasleei: «Batu eizuez hondakinak, ezer galdu ez dadin».
13 Batu ebezan, ba, eta bost garagar-ogietatik jan ebenei gelditu jakezan hondakinez hamabi otzarakada bete ebezan. 14 Jendeak, orduan, Jesusen mirarizko seinale ha ikusirik, honela inoan: «Hauxe da egiaz mundura etortekoa zan profetea».
15 Jesusek, barriz, errege egiteko indarrez eroan nahi ebela ikusirik, alde egin eban barriro mendira berak bakarrik.
Jesus ur gainean oinez
(Mt 14,2227; Mk 6,4552)
16 Iluntzean, Jesusen ikasleak aintzirara jatsi 17 eta, txalupara igonda, aintziraz beste aldera abiatu ziran, Kafarnaumerantz. Ilunduta egoan, eta artean Jesus ez zan eurekaz. 18 Aintzireak hasarretzen ziharduan, haize handia ebilan-eta. 19 Arraunean bost edo sei kilometro* egin ondoren, Jesus ur gainean oinez eta txaluparantz hurreratzen ikusi eben, eta bildurrak hartu ebazan. 20 Jesusek, barriz, esan eutsen: «Neu naz. Ez bildurtu!»
21 Hareek, orduan, txalupan hartu nahi izan eben, eta txalupa berehala heldu zan joiazan tokira.
Bizi-ogiaz hitzaldia
22 Biharamunean, aintziraz beste aldean egoan jendea konturatu zan han txalupa bat bakarra izan zala eta Jesus ez zala itsas-ontziratu ikasleekin, honeik bakarrik joan zirala baino. 23 Bitartean, beste txalupa batzuk heldu ziran Tiberiadesetik, Jaunak esker onezko otoitza egin ondoren ogia jan eben ingurura. 24 Jesus eta ikasleak han ez egozala konturatzean, jendea txalupetara igon eta Kafarnaumera joan zan, Jesusen bila. 25 Aintziraz beste aldean aurkitu eta esan eutsoen:
—Maisu, noiz etorri zara hona?
26 Jesusek erantzun eutsen:
—Bene-benetan dinotsuet: Nire bila zabize, ez ikusi dozuezan mirarizko seinaleekaitik, ogia asetzeraino jan dozuelako baino. 27 Ahalegindu zaiteze, ez galtzen dan janariagaitik, irauten eta betiko bizia emoten dauan janariagaitik baino; hori Gizonaren Semeak emongo deutsue, Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari egin dauanak.
28 Orduan, galdetu eutsoen:
—Zer egin behar dogu Jainkoak nahi dauana egiteko?
29 Jesusek erantzun eutsen:
—Hauxe da Jainkoak nahi dauana: berak bialdu dauanagan zuek sinistea.
30 Galdetu eutsoen, orduan:
—Zer seinale emoten deuskuzu, ba, guk ikusi eta zuri sinisteko? Zer egiten dozu? 31 Gure arbasoek mana jan eben basamortuan, Liburu Santuak dinoan lez: Zeruko ogia emon eutsen jaten.
32 Jesusek erantzun eutsen:
—Bene-benetan dinotsuet: Ez eutsuen Moisesek emon zeruko ogia neure Aitak baino; harexek emoten deutsue zeruko egiazko ogia. 33 Jainkoaren ogia, zerutik jatsi eta munduari bizia emoten deutsona da-ta.
34 Orduan, eskatu eutsoen:
—Jauna, emoiguzu beti ogi horretatik.
35 Jesusek erantzun eutsen:
—Neu naz bizia emoten dauan ogia*; nigana hurreratzen dana ez da, ez, sekula gose izango, eta nigan sinisten dauana ez da behin ere egarri izango. 36 Zuek, barriz, lehen ere esan deutsuet, ez dozue sinisten, ikusi nozuen arren. 37 Aitak niri emoten deustazan guztiak neugana hurreratuko dira eta nigana hurreratzen danik ez dot ezelan ere kanpora botako, 38 ez naz-eta zerutik jatsi neure nahia egitera, bialdu nauanaren nahia egitera baino. 39 Eta hauxe da bialdu nauanaren nahia: berak emon deustazan guztietatik, ez daidala bat ere galdu, biztu daidazala baino azken egunean. 40 Hauxe da nire Aitak gura dauana: Semea ikusi eta harengan sinistu daianak betiko bizia izan daiala; eta neuk biztuko dot azken egunean.
41 Orduan, marmarka hasi ziran entzuleak, «Neu naz zerutik jatsitako ogia» esan ebalako, 42 eta hauxe inoen:
—Ez da, ba, hau Jesus, Joseren semea? Ez doguz, ba, ezagunak honen aita-amak? Zelan dino orain, zerutik jatsia dala?
43 Jesusek erantzun eutsen:
—Ez jardun marmarka zuen artean. 44 Ezin da inor nigana hurreratu, bialdu nauan Aitak erakarten ez badau; eta neuk biztuko dot azken egunean. 45 Holan esaten da profeten liburuan: Jainkoaren ikasle izango dira danak. Aitari entzun eta Harek irakatsia bereganatzen dauana neugana hurreratzen da. 46 Horrek ez dau esan nahi inork Aita ikusi dauanik; Jainkoagandik etorri danak baino ez dau ikusi Aita.
47 «Bene-benetan dinotsuet: sinisten dauanak* betiko bizia dauka. 48 Neu naz bizia emoten dauan ogia. 49 Zuen gurasoek mana jan eben basamortuan eta, halan ere, hil egin ziran. 50 Bestelakoa da zerutik jaisten dan ogia: honetatik jaten dauana ez da hilgo. 51 Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauanak betiko bizia izango dau. Eta nik emongo dodan ogia neure gorputza da, mundua bizi dadin emona».
52 Berbok eztabaida gogorra sortu eben entzuleen artean. Holantxe inoen:
—Zelan emon leikigu honek bere gorputza jaten?
53 Jesusek esan eutsen:
—Bene-benetan dinotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez badozue, ez dozue bizirik izango zuengan. 54 Nire gorputza jaten eta nire odola edaten dauanak betiko bizia dau, eta neuk biztuko dot azken egunean. 55 Nire gorputza benetako janari da-ta, eta nire odola benetako edari. 56 Nire gorputza jaten eta nire odola edaten dauana neugaz bat eginda dago, eta ni beragaz. 57 Bizia dauan Aitak bialdu ninduan eta hari esker dot nik bizia; halaxe, ni jaten nauanak ere neuri esker izango dau bizia. 58 Hauxe da zerutik jatsi dan ogia; ez da zuen gurasoek jan ebena langoa, hareik hil egin ziran-eta; ogi honetatik jaten dauanak betiko bizia izango dau.
59 Hau guztia Kafarnaumgo sinagogan irakatsi eban Jesusek.
Betiko bizia daben berbak
60 Jesusen berbok entzutean, haren ikasleetariko askok esan eban: «Onargatxa da mezu hau. Nork jaramon egin?»
61 Jesusek, ikasleek marmarka ziharduela konturaturik, esan eutsen: «Honek eragozten deutsue sinistea? 62 Ba, Gizonaren Semea lehen egoan lekura igoten ikusiko bazendue, zer gertatuko ete? 63 Espiritua da bizia emoten dauana; gizakia berez ez da ezertarako. Nik emon deutsuedazan irakatsiak espiritu eta bizi dira. 64 Baina badira zuen artean sinisten ez daben batzuk».
Izan ere, Jesusek hasieratik ekian nork ez eban sinisten eta nork salduko eban. 65 Eta esan eban gainera: «Horregaitik esan deutsuet ezin dala inor ere nigana hurreratu, Aitak ez badeutso horretarako gaitasuna emoten».
66 Ordutik, haren ikasleetariko askok atzera egin eban, eta aurrerantzean ez ziran haregaz ibili. 67 Orduan, esan eutsen Jesusek Hamabiei:
—Zuek ere alde egin gura dozue?
68 Erantzun eutson Simon Pedrok:
—Jauna, norengana joango gara? Betiko bizia dabe zure irakatsiek. 69 Eta guk sinistu dogu eta badakigu zeu zarala Jainkoaren Santua.
70 Jesusek gaineratu eutsen:
—Ez zaituet neuk aukeratu Hamabiok? Halan ere, zuetariko bat deabru da.
71 Simon Iskarioteren seme Judasez ziharduan; hauxe zan-eta, Hamabietako bat izan arren, Jesus salduko ebana.