Ezkontza eta dibortzioa
(Mt 19,1-9; Lk 16,18)
10,1 Jesus, handik urtenda, Judeako mugetan sartu zan, Jordan ibaiaz beste aldera igaroz. Barriro jende-multzo handiak batu jakozan ondora eta bera, ohi eban lez, irakasten hasi jaken. 2 Fariseu batzuk hurreratu eta, zertan harrapatuko, gizonak bere emaztea uztea zilegi ete eban galdetu eutsoen. 3 Harek erantzun eutsen:
—Zer agindu eutsuen horretaz Moisesek?
4 Eta hareek:
—Moisesek, dibortzio-agiria idatzi eta emaztea izteko baimena emon euskun.
5 Jesusek esan eutsen:
—Jainkoaren gauzetan itsu zareelako emon eutsuen lege hori Moisesek. 6 Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin ebazan; 7horregaitik, gizasemeak bere aitamak itziko ditu eta emazteari alkartuko jako, 8 eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. 9 Horrela bada, Jainkoak lotu dauana, ez bei gizakiak askatu.
10 Gero, etxean, arazo berari buruz galdetu eutsoen ikasleek. 11 Jesusek esan eutsen:
—Bere emaztea itzi eta beste bat hartzen dauanak adulterio egiten dau lehenengoaren aurka; 12 eta bere senarra itzi eta beste bat hartzen dauan emakumeak adulterio egiten dau era berean.
Jesus eta umeak
(Mt 19,13-15; Lk 18,15-17)
13 Beste baten, umeak eroan eutsoezan Jesusi, ikutu eizan; ikasleek, barriz, haserre egiten eutseen. 14 Hori ikustean, Jesus haserretu egin zan, eta esan: «Itzi umeei nigana etorten, ez galazo, horrelakoek dabe-ta Jainkoa errege. 15 Benetan dinotsuet: Jainkoaren erreinua ume batek lez onartzen ez dauana ez da ezelan ere bertan sartuko».
16 Eta umetxoak altzoan hartu eta bedeinkatu egiten ebazan, eskuak ezarriz.
Jesusek aberatsari dei
(Mt 19,16-22; Lk 18,18-23)
17 Bidean abiatzera joiala, gizon bat etorri jakon lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu eutson:
—Maisu ona, zer egin behar dot betiko bizia ondaretzat jasoteko?
18 Jesusek erantzun eutson:
—Zergaitik esaten deustazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik. 19 Badakizuz aginduak: Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak.
20 Harek, orduan:
—Maisu, gazte-gaztetarik bete izan dot hori guztia.
21 Jesus maitasunez begira jarri jakon, eta esan:
—Gauza bat baino ez jatzu falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, zure aberastasuna zeruan izan daizun; gero, zatoz eta jarraitu niri.
22 Hitz honeik entzutean, ilun jarri zan gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe zan-eta.
Aberastasuna salbamenerako oztopo
(Mt 19,23-26; Lk 18,24-27)
23 Inguruan begiratuz, Jesusek esan eutsen bere ikasleei:
—Bai nekez sartuko dirala aberatsak Jainkoaren erreinuan!
24 Harriturik itzi ebazan ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek barriro ere:
—Ene semeok, gatxa da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea. 25 Orratzaren begitik gamelua igarotea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.
26 Ikasleek, gero eta nahasiago, honela inoen euren artean:
—Nor salba daiteke, orduan?
27 Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen:
—Gizakientzat bai ezinezko, baina Jainkoarentzat ez, dana daike-eta Jainkoak.
Dana itzi daben ikasleen saria
(Mt 19,27-30; Lk 18,28-30)
28 Orduan, Pedrok esan eutson Jesusi:
—Hara, guk dana itzi dogu zuri jarraitzeko.
29 Jesusek erantzun:
—Benetan dinotsuet: nigaitik eta barrionagaitik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak izten dituanak, 30 orain, mundu honetan, ehun halako etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur jasoko dau, erasoaldiekaz batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia. 31 Orain lehenengo diran asko azkenengo izango dira orduan, eta orain azkenengo diranak lehenengo.
Jesusek nekaldi-biztuerak hirugarrenez iragarri
(Mt 20,17-19; Lk 18,31-34)
32 Jerusalemerako bidean gora joiazan, eta Jesus aurretik. Txunditurik egozan; jarraitzen eutsoenak bildurrez joiazan. Barriro Hamabiak beragana batu, eta zer gertatuko jakon adierazoten hasi jaken: 33 «Hara, Jerusalemera igoten gagoz, eta Gizonaren Semea abadeburuen eta lege-maisuen eskuetara emongo dabe; heriotzara kondenatuko dabe eta atzerritarren eskuetara emongo; 34 honeek iseka egingo deutsoe eta txistua botako, zigortu eta hil egingo; baina handik hiru egunera biztu egingo da».
Zebedeoren semeen handinahia
(Mt 20,20-23)
35 Santiago eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurreratu eta esan eutsoen:
—Maisu, eskatuko deutsuguna zuk emotea nahi geuke.
36 Jesusek galdetu eutsen:
—Zer nahi dozue, ba, nigandik?
37 Eta hareek:
—Zu zeure aintzara heltzean, bata zure eskoialdean eta bestea ezkerrean jarri gaitezela.
38 Jesusek esan eutsen:
—Ez dakizue zer eskatzen zabizen. Gauza zaree nik edan behar dodan edari saminetik edateko, edo nik murgildu behar dodan uretan murgiltzeko?
39—Bai, gauza gara —esan eutsoen.
Jesusek, orduan:
—Nik edan behar dodan edari saminetik, bai, edango dozue, bai eta nik murgildu behar dodan uretan murgilduko ere; 40 baina nire eskoi-ezkerretan jesarri ahal izate hori ez dago nire esku inori emotea; Jainkoak norentzat prestatua dauan, harexi emongo jako.
Zerbitzua ikasleen lege
(Mt 20,24-28; Lk 22,24-27)
41 Beste hamarrak, hori entzutean, Santiago eta Joanen aurka haserre jarri ziran. 42 Jesusek dei egin eta esan eutsen: «Dakizuenez, herrien buruzagi diranek menpean hartzen dabez herriak, eta handi-mandiek euren agintea ezarten deutsee. 43 Zuen artean, ordea, ez dau horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi dauana izan bedi zuen zerbitzari. 44 Eta zuen artean lehenengo izan nahi dauana izan bedi guztion morroi. 45 Gizonaren Semea ere ez da etorri-eta zerbitzuak hartzera, zerbitzari izatera baino, bere bizia guztien alde ordain-saritzat emotera».
Jesusek itsua osatu Jerikon
(Mt 20,29-34; Lk 18,35-43)
46 Jerikora heldu ziran. Eta Jesus bere ikasleekaz eta jendetza handiagaz uritik urteterakoan, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean egoan bide-ertzean jesarrita. 47 Jesus Nazaretarra zala jakitean, oihuka hasi zan:
—Daviden Semea, Jesus, erruki zakidaz!
48 Askok gogor egiten eutsoen, isilduazoteko; baina harek errimeago oihu:
—Daviden Semea, erruki zakidaz!
49 Jesusek gelditu eta hari dei egiteko agindu eban. Dei egin eutsoen itsuari, esanez:
—Izan bihotz! Jagi, deika daukak.
50 Bere soingainekoa jaurtiz, salto baten zutundu eta Jesusengana joan zan. 51 Jesusek galdetu eutson:
—Zer nahi dozu nigandik?
Itsuak erantzun:
—Barriro ikustea, Jauna.
52 Jesusek esan eutson:
—Zoaz, zeure sinismenak osatu zaitu.
Une berean ikusmena etorri jakon barriro, eta Jesusen ondoren joian bidean.