Jesusen biztuerearen barria
(Mk 16,1-8; Lk 24,1-12; Jn 20,1-10)
28,1 Zapatua igaro eta asteko lehen eguna* argitzean, Magdalako Maria eta beste Maria hilobia ikustera joan ziran. 2 Bat-batean, lurrikara gogorra gertatu zan: Jaunaren aingerua jatsi zan zerutik eta, hurreraturik, harria biratu eban eta gainean jesarri. 3 Tximista itxurea eukan eta haren jantzia edurra baizen zuria zan. 4 Ha ikustean, bildurrez dardar eta hilda lez gelditu ziran zaintzaileak. 5 Baina aingerua emakumeei zuzendu jaken, esanez: «Zuek ez bildurtu. Badakit Jesus kurutzean josiaren bila zabizena. 6 Ez dago hemen, biztu da-ta, esan eban lez. Zatoze eta ikusi jarria egon zaneko tokia. 7 Gero, zoaze bizkor ikasleei esatera: ‘Hilen artetik biztu egin da eta zuen aurretik joango da Galileara; hantxe ikusiko dozue’. Hauxe da esan behar neutsuena».
8 Hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz eta poz-pozik, ikasleei barri emotera joan ziran lasterka. 9 Haretan, Jesusek urten eutsen bidera eta agurtu egin ebazan.
Emakumeek, ondoraturik, oinak besarkatu eutsoezan eta gurtu egin eben. 10 Jesusek esan eutsen: «Ez bildurtu! Zoaze eta esan nire senideei Galileara joateko; hantxe ikusiko nabe».
Soldaduak erosi
11 Emakumeak joan ondoren, guarda batzuk urira etorri ziran jazotako guztiaren barri abadeburuei emotera. 12 Abadeburuek, zaharrekaz batu eta soldaduei dirutza on bat emoteko erabagia hartu eben, 13 honela aginduz: «Esan eizue, haren ikasleek gauez etorri eta zuek lo zengozela gorpua eroan egin dabela. 14 Gobernariaren belarrietara ezer heltzen bada, geu konponduko gara haregaz eta atarako zaituegu arriskutik».
15 Soldaduek dirua hartu eta esan lez egin eben. Eta halaxe zabaldu da juduen artean kontu hori gaur arte.
KONKLUSIOA: IKASLEAK
MUNDU OSORA BIALDUAK (28,16-20)
(Mk 16,14-18; Lk 24,36-49; Jn 20,19-23; Eg 1,6-8)
16 Hamaika ikasleak Galileara joan ziran, Jesusek esandako mendira. 17 Ikusi ebenean, gurtu egin eben; batzuk, barriz, zalantzan egozan. 18 Jesusek, hurreraturik, holan egin eutsen berba: «Ahalmen osoa emon deust Jainkoak zeru-lurretan. 19 Zoaze, ba, eta egin herri guztiak neure ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bateatuz 20 eta nik agindu deutsuedan guztia beteten irakatsiz. Eta ni zeuekaz izango nozue egunero munduaren azkenera arte».