Mezuari buruzko jarrerak (8,1-21)
Jesusegaz joian taldea
8,1 Honen ondoren, herriz herri eta auzorik auzo ibili zan Jesus, Jainkoaren erregetzearen barriona iragarriz. Beragaz ebazan Hamabiak, 2 bai eta espiritu gaiztoetatik eta gatxetatik osatu ebazan emakume batzuk ere*: Magdalako Maria —honegandik zazpi deabru bota ebazan—, 3 Joana —Herodesen etxezain Kusaren emaztea—, Susana eta beste asko. Guztiok euren ondasunez laguntzen eutseen Jesusi eta honen ikasleei*.
Ereilearen parabolea
(Mt 13,1-9; Mk 4,1-9)
4 Herri guztietatik etorritako jendetza handia batu jakon baten, parabola hau esan eutsen Jesusek: 5 «Urten eban behin ereileak hazia ereitera. Ereitean, ale batzuk bide-bazterrean jausi ziran; zapaldu egin ebezan eta txoriek jan. 6 Beste batzuk harri gainean jausi ziran, eta ernetzean ihartu egin ziran, hezetasunik ez ebelako. 7 Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, hareekaz batera ernerik, ito egin ebezan. 8 Besteak lur gozoan jausi ziran; erne eta bateko ehun emon eben frutu».
Hau esanik, honela egin eban oihu: «Ulertzeko gauza danak ulertu bei».
Zergaitik parabola hau?
(Mt 13,10-17; Mk 4,10-12)
9 Orduan, parabola horrek zer esan gura eban galdetu eutsoen ikasleek Jesusi. 10 Honek hauxe esan eutsen: «Zuei Jainkoaren erregetzearen misterioak ezagutzea emon jatzue; gainerakoei, ostera, parabola bidez hitz egiten deutset. Horrela, ikusten dabe, bai, baina ohartzen ez; entzuten dabe, bai, baina ulertzen ez.
Ereilearen parabolearen azalpena
(Mt 13,18-23; Mk 4,13-20)
11 «Hona hemen, ba, parabolearen esangurea: Hazia Jainkoaren mezua da. 12 Bide-bazterreko hazia langoak, honeexek dira: mezua entzuten dabenak, baina deabrua etorten jake eta mezua kendu egiten deutse euren bihotzetik, sinistu eta salbatu ez daitezan. 13 Harri gaineko hazia langoak, honeexek dira: mezua entzutean, pozik onartzen dabenak; baina, sustrairik bakoak izanik, alditxo baten sinisten dabe, baina tentaldi-garaian huts egiten. 14 Sasi arteko hazia langoak, barriz, honeexek: mezua entzuten dabenak, baina, bizitzako ardura, diru eta atsegin artean, itota gelditzen dira eta frutu emotera heltzen ez. 15 Lur oneko hazia langoak, honeexek dira: mezua bihotz on eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez frutu emoten dabenak.
Mezua entzun eta onartu beharra
(Mt 5,15; Mk 4,21-25)
16 «Inork ez dau kriseilua biztu eta ontzipean gordeten edo ohepean ipinten, argi-mutilaren gainean baino, sartzen diranek argia ikusi daien. 17 Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ez eta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez danik. 18 Kontu izan, ba, zelan entzuten dozuen; izan ere, daukanari emon egingo jako; ez daukanari, ostera, euki daukala uste dauana ere kendu egingo jako».
Jesusen egiazko familia
(Mt 12,46-50; Mk 3,31-35)
19 Joan jakozan Jesusi bere ama eta anai-arrebak*, baina jendearen jendez ezin heldu ziran beraganaino. 20 Eta jakinazo eutsoen:
—Ama eta anai-arrebak dozuz kanpoan, zu ikusi guran.
21 Jesusek, barriz, erantzun eutsen:
—Honeexek ditut nik ama eta anai-arreba: Jainkoaren hitza entzun eta beteten dabenak.
Ikasleen aurrean ezaugarriak
eta Hamabien Bialketa (8,22—9,17)
Jesusek ekatxa baretu
(Mt 8,23-27; Mk 4,35-41)
22 Egun baten, Jesusek itsas-ontzi batera igon eban bere ikasleekaz eta esan eutsen: «Goazen aintziraz beste aldera». Eta itsas-ontziz urten eben.
23 Bajoiazala, loak hartu eban Jesus. Aintziran haize-boladea sortu zala, itsas-ontzia urez beteten egoken eta arriskuan egozan. 24 Ikasleek, Jesusengana hurreraturik, esnatuazo egin eben, esanez:
—Maisu, Maisu! Galzorian gagoz!
Harek, itxarturik, haserre egin eutsen haizeari eta olatuei; honeik oneratu eta dana bare gelditu zan. 25 Orduan, esan eutsen ikasleei:
—Non da zuen sinismena?
Hareek, bildurrez eta harriturik, alkarri inotsoen: «Nor ete dogu hau, haizeari eta urari ere agindu eta esana egiten deutsoe-ta?»
Jesusek Gerasako deabruduna osatu
(Mt 8,28-34; Mk 5,1-20)
26 Gerasatarren* lurraldera, Galileaz beste aldeko aintzira-bazterrera, heldu ziran. 27 Jesus lehorrera jatsi zaneko, herriko gizon batek, deabrudunak, urten eutson bidera; aspalditik jantzi barik ebilan, eta ez zan etxean bizi, hilobietan baino. 28 Jesus ikustean, oihuka hasi eta, aurrean ahuspezturik, deadarka esan eban:
—Zer dozu nirekin, Jesus, Goi-goikoaren Seme horrek? Arren, ez naizu oinazetu.
29 Izan ere, gizon harengandik urteteko agindu eutson-eta Jesusek espiritu gaiztoari. Sarritan hartzen ebalako deabruak bere menpe; eta, zaintzeko girgiluz eta katez lotzen baeben ere, lokarriak hausi egiten ebazan, eta deabruak toki bakartietara bultzatzen eban.
30 Orduan, Jesusek galdetu eutson:
—Zelan daukak izena?
Harek erantzun:
—Taldea*.
Deabru asko ziran-eta harengan sartuak. 31 Eta leize-zulora ez bialtzeko* erregutu eutsoen Jesusi.
32 Baebilan han txarri-talde on bat mendian uxarrean. Euretan sartzen izteko erregutu eutsoen deabruek Jesusi. Honek baimena emon eutsen. 33 Deabruak gizonagandik urten eta txarriengan sartu ziran, eta txarri-taldea trokan behera aintzirara joan zan eta ito. 34 Jazotakoa ikustean, txarri-zainek ihes egin eta herrian eta auzoetan zabaldu eben barria. 35 Orduan, zer gertatu ete zan ikustera urten eban jendeak. Jesusen ondora heltzean, han aurkitu eben Jesusen oinetan jesarrita* deabruak atara eutsozan gizona, jantzita eta bere onean, eta biziro izutu ziran. 36 Gertatua ikusi ebenek deabruduna zelan osatua izan zan kontatu eutsoen jendeari. 37 Orduan, Gerasa inguru hartako jende guztiak euren artetik alde egiteko eskatu eutson Jesusi, bildurrak jota egozan-eta. Jesus itsas-ontziratu eta bihurtu egin zan. 38 Deabruak atera eutsozan gizonak beragaz ibilten izteko eskatu eutson; baina Jesusek bialdu egin eban, esanez: 39 «Bihurtu zaitez etxera, eta kontatu eizu Jainkoak egin deutsun guztia».
Eta han joan zan, Jesusek egin eutsona herri guztian zabalduz.
Odol-jarioa eban emakumea eta Jairoren alabea
(Mt 9,18-26; Mk 5,21-43)
40 Jesus bihurtu zanean, jendeak ondo etorria egin eutson, danak haren zain egozan-eta. 41 Haretan, Jairo eritxon gizon bat etorri jakon, sinagogako buruzagia. Eta Jesusen oinetan ahuspezturik, arren eta arren bere etxera etorteko eskatzen eutson, 42 bere alaba bakarra, hamabiren bat urtekoa, hilzorian eukala-eta.
Bidean, jendeak ito beharrean estutzen eban. 43 Bazan han emakume bat, hamabi urte hareetan odol-jarioz egoana. Bere diru guztiak mediku artean eralgi ebazan*, baina ezin izan eban inork osatu. 44 Atzetik hurreratu eta soineko-ertza* ikutu eutson Jesusi; eta bat-batean odol-jarioa gelditu egin jakon. 45 Jesusek galdetu eban:
—Nork ikutu nau?
Danek ezetz inotsoela, Pedrok* esan eutson:
—Maisu, ez zaitu, ba, jende guztiak lehertu beharrean estutzen?
46 Baina Jesusek esan eban:
—Nonork ikutu nau, nigandik indar batek urten dauala sumatu dot-eta.
47 Orduan, emakumeak, bere burua ezin ebala gorde ikusiz, bildurrez dardar Jesusen oinetara jausi eta jende guztiaren aurrean agertu eban zergaitik ikutu eban eta zelan bat-batean osatuta geratu zan. 48 Jesusek esan eutson: «Ene alaba, zeure sinismenak osatu zaitu; zoaz bakean».
49 Oraindik berbetan ziharduala, sinagogako buruzagiaren etxetik morroi bat etorri zan esatera: «Hil jatzu alabea; ez emon gehiago nekerik Maisuari». 50 Baina Jesusek, hori entzunik, esan eutson: «Ez izan bildurrik; zuk sinistu, eta salbatuko da».
51 Etxera heldu ziranean, ez eutson inori ere itzi beragaz sartzen, Pedro, Joan eta Santiagori eta neskatilearen gurasoei izan ezik. 52 Danak negarrez eta aieneka egozan neskeagaitik. Jesusek esan eutsen: «Ez egin negarrik; ez dago hilda, lo dago».
53 Hareek barre egiten eutsoen, baekien-eta hilda egoana. 54 Baina Jesusek eskutik heldu eta hots egin eutson: «Neskatila, jagi zaitez». 55 Neskatileari arnasea etorri jakon eta bat-batean zutundu zan, eta hari jaten emoteko agindu eutsen Jesusek. 56 Gurasoak zurtz eginda gelditu ziran. Jesusek gertatua inori ez esateko agindu eutsen.