JESUSEN MIRARIZKO SEINALEAK (2,1—12,50)
Ezteguak Galileako Kanan
2,1 Hiru egunera, ezteguak izan ziran Galileako Kanan, eta bertan zan Jesusen ama. 2 Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu ebezan ezteguetara. 3 Eta ardoa amaitu zan-eta, esan eutson amak Jesusi:
—Ez dauke ardaurik.
4 Jesusek erantzun eutson:
—Itzi naizu bakean, emakume. Oraindino ez da etorri nire ordua*.
5 Jesusen amak honela esan eutsen zerbitzariei: «Egin horrek esango deutsuena».
6 Baziran han harrizko sei ur-ontzi, juduek euren garbikuntzetarako erabilten ebezanak, ehunen bat litrokoa bakotxa.
7 Jesusek esan eutsen zerbitzariei:
—Bete ontziak urez.
Hareek goraino bete ebezan. 8 Orduan, esan eutsen:
—Atara apur bat eta eroan mahaizainari.
Halan egin eben hareek.
9 Dastatu eban mahaizainak ardau bihurtutako ura, nongoa zan jakin barik; zerbitzariek, bai, baekien, ura eurek atara eben-eta. Ardau barria dastatu ebaneko, senarrari dei egin 10 eta esan eutson: «Jende guztiak ardaurik onena atarten dau lehenengo eta, jendea nahikoa edanda dagoanean, arruntagoa; zuk, barriz, oraintxe arte gorde dozu ardaurik onena».
11 Bere lehenengo mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin eban Jesusek; holan, bere Jainko-aintza agertu eban, eta ikasleek sinistu egin eben harengan. 12 Ondoren, Kafarnaumera joan zan bere ama, anai-arreba eta ikasleekaz, eta hantxe egon ziran egun batzutan.
Jesusek tenplu barria iragarri
(Mt 21,12-13; Mk 11,1517; Lk 19,4546)
13 Hurrean zan juduen Pazko Jaia, eta Jerusalemera joan zan Jesus. 14 Tenpluan merkatariak aurkitu ebazan idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukalariak ere bai, han jesarrita. 15 Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota ebazan danak, bai eta ardiak eta idiak ere; eta trukalarien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin ebazan. 16 Uso-saltzaileei esan eutsen: «Kendu hemendik hau guztia. Ez bihurtu nire Aitaren etxea merkatu-etxe».
17 Ikasleei, Liburu Santuak dinoana etorri jaken gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.
18 Orduan, galdetu eutsoen judu-agintariek:
—Zer seinale emoten deuskuzu hori egiteko aginpidea dozula frogatzeko?
19 Jesusek erantzun eutsen:
—Desegizue tenplu hau eta hiru egunean berreraikiko dot.
20 Juduek erantzun eutsoen:
—Berrogeita sei urte* behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunean berreraikiko dozula?
21 Harek, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ziharduan. 22 Horregaitik, hilen artetik biztu zanean, esandako hori gogoratu jaken haren ikasleei, eta sinistu egin eben Liburu Santuko eta Jesusek esandako berbea.
Jesusek gizakien barrua ezagutzen
23 Pazko Jaian Jesus Jerusalemen egoala, askok sinistu eben harengan, egiten ebazan mirarizko seinaleak ikusirik. 24 Baina, Jesus bera ez zan fidatzen haietaz, guztiak ezagutzen ebazan-eta, 25 eta ez eban inoren autorpen beharrik, berak ondo ezagutzen eban-eta gizakiaren barruan dagoana.