Artzaina eta ardiak
10,1 «Bene-benetan dinotsuet: Artegian atetik barik, beste nonondik sartzen dana lapurra da eta harraparia. 2 Atetik sartzen dana, barriz, artzaina da. 3 Hari ireki egiten deutso atezainak, eta haren ahotsa entzun egiten dabe ardiek; ardi bakotxari bere izenez deitu eta artegitik ataraten dauz. 4 Bere ardi guztiak atara dauzanean, aurretik joaten jake, eta ardiek atzetik jarraitzen deutsoe, ezaguna dabe-ta haren ahotsa. 5 Arrotzari, ordea, ez deutsoe jarraituko; ihes bai egingo deutsoela, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dabelako».
6 Adibide hau emon eutsen Jesusek, baina hareek ez eben ulertu zer esan nahi eutsen.
Jesus artzain ona
7 Orduan, honela azaldu eutsen Jesusek: «Bene-benetan dinotsuet: Neu naz ardientzako atea*. 8 Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziran eta harrapariak; horregaitik, ardiek ez eutseen jaramonik egin. 9 Neu naz atea; ate honetan zehar sartzen dana, onik izango da, eta ez dau ezelango eragozpenik izango larreak aurkitzeko. 10 Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baino. Ni, barriz, bizia —eta bizia ugari gainera— izan daien etorri naz.
11 «Neu naz artzain ona*; artzain onak bere burua emoten dau ardien alde. 12 Morroiak, otsoa etorten ikusi orduko, ardiak itzi eta ihes egiten dau, ez da-ta artzaina eta ardiak ere ez dauz-eta bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten dauz. 13 Izan ere, morroiaren ardura bakarra lansaria da, eta ez ardiak.
14 «Neu naz artzain ona. Ezagutzen dodaz* nire ardiak, eta ni ere ezagutzen nabe nireek, 15 Aitak ni ezagutzen eta nik ere bera ezagutzen dodan lez. Nik neure burua emoten dot ardien alde. 16 Badodaz artegian ez dagozan beste ardi batzuk ere; hareik ere erakarri egin behar dodaz; nire ahotsa entzungo dabe eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean.
17 «Horregaitik maite nau Aitak, neure bizia emoten dodalako eta horrela eskuratzen barriro. 18 Ez deust bizia inork kentzen, nik neurez emoten dot-eta. Neure esku dot emotea, eta neure esku barriro hartzea. Horixe da neure Aitagandik hartu dodan agindua».
19 Jesusek esandakoaren aurrean, iritzi kontrajarriak egozan jendearen artean. 20 Askok holan inoan: «Deabruaren menpe eta burutik egina dago. Zergaitik egiten deutsozue jaramon?» 21 Beste batzuk, barriz: «Hitzok ez dira deabrudun zoroarenak. Ireki ete daikez deabru batek itsuen begiak?»
Sasi-artzainek Jesus baztertu
22 Negua zan. Jerusalemen tenpluaren sagarapen-jaiak* ospatzen ziran, 23 eta Jesus tenpluko Salomonen aterpean* ebilan. 24 Orduan, agintariek inguratu eta esan eutsoen:
—Noiz arte euki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaiguzu argi eta garbi.
25 Jesusek erantzun eutsen:
—Esan deutsuet, eta ez deustazue sinisten. Nik neure Aitaren izenean egiten dodazan egintzek emoten dabe nire alde testigantza; 26 zuek, barriz, ez dozue sinisten, nire ardietakoak ez zareelako. 27 Nire ardiek neure ahotsa entzuten dabe, eta ezagutzen dodaz nik; hareek atzetik jarraitzen deuste, 28 eta nik betiko bizia emoten deutset: ez dira sekula galduko, eta ez deustaz inork ere eskutik kenduko. 29 Emon deustazan nire Aita, danak baino handiagoa da*, eta ezin dauz inork kendu nire Aitaren eskutik. 30 Aita eta biok bat gara.
31 Agintariek barriro harriak hartu ebezan hari jaurtitzeko. 32 Jesusek esan eutsen:
—Nire Aitaren aginduz egintza eder asko egin dot zuen aurrean; hareetako zeinegaitik egin gura deustazue harrika?
33 Erantzun eutsoen:
—Ez zaitugu egintza ederrekaitik harrikatu gura, Jainkoaren kontra birao egiteagaitik baino, gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten dozulako.
34 Jesusek erantzun eutsen:
—Ez dago zuen Liburu Santuetan idatzita: Neuk esan dot: Jainko zaree*? 35 Beraz, Jainkoak jainko deitzen deutse bere mezua zuzendu eutsenei, eta Liburu Santuek esana ukaezina da. 36 Zelan dinozue, ba, nik, Aitak sagaratu eta mundura bialdu nauan honek, birao egiten dodala, «Jainkoaren seme naz» esateagaitik? 37 Aitaren egintzak egiten ez badodaz, ez sinistu niri. 38 Baina, egiten badodaz, niri sinisten ez badeustazue ere, sinistu egintzei. Horrela, behin betiko jakingo dozue ni Aitagaz bat eginda nagoala eta Aita neugaz.
39 Barriro atxilotu egin gura izan eben, baina Harek ihes egin eutsen eskuetatik.
40 Barriro Jordanez beste aldera joan zan Jesus, sasoi baten Joan bateatzen ebilan lekura. Hantxe gelditu zan aldi batez, 41 eta jende asko joaten jakon. Holan inoen: «Joanek, egia esan, ez eban mirarizko seinalerik bat ere egin, baina honetaz esan eban guztia egia zan».
42 Eta han askok sinistu eben Jesusengan.