Jesusek Gerasako deabruduna osatu
(Mt 8,28-34; Lk 8,26-39)
5,1 Aintziraz beste aldera heldu ziran, gerasatarren lurraldera. 2 Untzitik jatsi ziraneko, espiritu gaiztoen menpe egoan gizon batek urten eutson Jesusi hilobi artetik bidera. 3 Hilobietan bizi zan, eta ezin eban inork lotuta euki, ez eta katez ere. 4 Hain zuzen, behin eta barriz lotu eben girgiluz eta katez, baina harek kateak eten eta girgiluak apurtu egiten ebazan beti, eta ez zan inor ere ha menperatzeko gauza. 5 Gau eta egun hilobi artean eta mendirik mendi ibilten zan etengabe, marrumaka eta bere burua harriz joka.
6 Jesus urrundik ikustean, lasterka joan eta aurrean ahozpeztu jakon. 7 Eta deadarka esan eutson:
—Zer dozu nigaz, Jesus, goi-goiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez naizu oinazetu!
8 Izan ere, Jesusek agindu hau emona eutson-eta: «Urten gizon horrengandik, espiritu gaizto horrek!»
9 Orduan, galdetu eutson:
—Zelan dok izena?
Harek erantzun:
—Taldea, asko gara-eta.
10 Eta erreguka eskatzen eutson ez eiala lurralde haretatik kanpora bialdu.
11 Txarri-talde handia ebilan mendi inguru haretan, uxarrean. 12 Espiritu gaiztoek eskatu eutsoen Jesusi:
—Bialdu gaizuz txarriengana, euretan sartu gaitezan.
13 Harek baimena emon eutsen. Espiritu gaiztoak gizonagandik urten eta txarriengan sartu ziran; eta txarri-taldea ezpondan behera aintzirara amildu zan; bi milaren bat txarri ito ziran.
14 Txarri-zainek ihes egin eta gertatuaren barri zabaldu eben auzoetan eta herrian. Eta zer gertatu ete zan ikustera joan zan jendea. 15 Jesusen ondora heltzean, han ikusi eben deabruduna, jesarrita, jantzirik eta bere onean, lehen deabru-taldearen menpe egoan haxe bera, eta biziro izutu ziran. 16 Ikusi ebenek deabrudunari gertatua eta txarriena kontatu eutseen. 17 Orduan, euren lur-mugetatik alde egiteko eskatu eutsoen Jesusi.
18 Untzira igotean, deabrudun izanak arren eskatzen eutson beragaz ibilten izteko, 19 baina ez eutson itzi; zera esan eutson, ordea: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinazo Jaunak, zutaz errukiturik, egin deutsun guztia».
20 Joan zan, ba, eta Dekapolisko lurraldean iragarten hasi zan Jesusek egin eutson guztia. Danak harriturik gelditzen ziran.
Odol-jariodun emakumea eta Jairoren alabea
(Mt 9,18-26; Lk 8,40-56)
21 Jesus aintziraren beste bazterrera bihurtu zanean, jende-talde handia batu jakon ondora. Oraindik aintzira ondoan egoela, 22 sinagogako buruzagietako bat etorri zan, Jairo eritxona; Jesus ikustean, honen oinetan ahozpezturik, 23 otoi eta arren eskatzen eutson: «Alabea hilzorian dot; zatoz hari eskuak ezartera, osatu daiten eta bizi izan».
24 Beragaz abiatu zan Jesus.
Jende asko joakon ondoren, estuka eta bultzaka. 25 Bazan han emakume bat, hamabi urte hareetan odol-jarioz egoana. 26 Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zan, eta bere ondasun guztiak ere horretan emonak ebazan; baina osatu beharrean, gero eta txarrago joian. 27 Jesusi buruz esaten zana entzunik, jende artean atzetik joan eta jantzia ikutu eutson. 28 Honela inoan-eta berekautan: «Jantzia besterik ez bada ikutzen badeutsot, osatuko naz». 29 Une berean odol-jarioa gelditu egin jakon, eta gatxa osatuta eukala sumatu eban bere gorputzean. 30 Berehala igarri eutson Jesusek beragandik halako indar batek urten eutsola eta, jendartean bihurturik, galdetu eban:
—Nork ikutu deust jantzia?
31 Bere ikasleek erantzun eutsoen:
—Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ikutu zaituan galdetzen dozu?
32 Baina Jesus ingurura begira egoan, nork egin ete eutson hori. 33 Orduan, emakumeak, bildurrez dardar —ondo ekian-eta zer gertatu jakon—, oinetara jausi eta egia osoa autortu eutson. 34 Jesusek era honetara hitz egin eutson: «Ene alaba, zeure sinismenak osatu zaitu; zoaz bakean, eta osatua bekizu gatxa».
35 Oraindik berbetan ziharduala, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziran, esatera: «Hil jatzu alabea. Zertarako emon neke gehiago Maisuari?» 36 Baina Jesusek, hitz honei kasurik egin barik, sinagogako buruzagiari esan eutson: «Ez izan bildurrik; zuk sinistu».
37 Ez eutson inori ere beragaz joaten itzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik. 38 Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi eban Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. 39 Sartu eta esan eutsen: «Zer dala-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxea ez dago hilda, lo dago».
40 Hareek barre egiten eutsoen. Baina Jesusek guztiak kanpora bialdu ebazan eta, neskearen aita-amak eta beragaz etorriak harturik, neskea egoan tokira sartu zan. 41 Eskutik heldu eta esan eutson: «Talitha kum» (hau da: «Neskatxa, zeuri dinotsut: Jagi zaitez»).
42 Berehala zutundu eta ibilten hasi zan, hamabi urte baeukazan-eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zan. 43 Jesusek zorrotz agindu eutsen inork ere ez eiala jakin. Eta neskatxeari jaten emoteko esan eutsen.