Jesus Pilatogana eroana
(Mk 15,1; Lk 23,1-2; Jn 18,28)
27,1 Eguna argitu zanean, abadeburu eta herriko zahar guztiek alkartu eta Jesusen kontrako erabagia hartu eben, heriotzara kondenatzeko. 2 Gero, lotuta eroan eben eta Pilato* gobernariaren eskuetara emon.
Judasen heriotzea
(Eg 1,18-19)
3 Judas saltzaileak, Jesus kondenatu egin ebela ikustean, damu izan eban eta zilarrezko hogeita hamar txanponak abadeburu eta herriko zaharrei bihurtu eutsezan, 4 esanez:
—Oker egin dot, errugabea heriotzara emonez.
Baina hareek erantzun eutsoen:
—Eta guri zer? Hor konpon!
5 Orduan, dirua tenpluan jaurtirik, alde egin eta bere burua urkatu eban. 6 Abadeburuek dirua jaso eta esan eben: «Ez da legezko diru hau tenpluko dirutegira botatea, odoletan zikindua da-ta».
7 Eta alkarren artean erabagi ondoren, «Lapikogilearen ortua» erosi eben diru harekin, kanpotarren hilerri izan eiten. 8 Horregaitik, gaur egun ere «Odol-ortu» deitzen jako toki hari. 9 Holan bete zan Jeremias profeteak esana*: Eta hartu ebezan zilarrezko hogeita hamar txanponak; hori izan zan israeldarrek ezarri eutsoen salneurria. 10 Eta lapikogilearen ortua erosteko erabili ebezan, Jaunak agindu eustan lez.
Jesus Pilatoren aurrean
(Mk 15,2-5; Lk 23,3-5; Jn 18,28-38)
11 Jesus gobernariaren aurrean aurkeztu eben. Gobernariak galdetu eutson:
—Zu zara juduen erregea?
Jesusek erantzun eutson:
—Zeuk dinozu.
12 Abadeburuek eta zaharrek salaketa asko egiten eben Haren aurka, baina Harek ez eban ezer erantzuten. 13 Pilatok esan eutson:
—Ez dozu entzuten zenbat gauza ataraten daben zure kontra?
14 Eta salakuntza bati ere ez eutson-eta erantzunik emon, guztiz harriturik gelditu zan gobernaria.
Jesus heriotzara kondenatua
(Mk 15,6-15; Lk 23,13-25; Jn 18,39—19,16)
15 Pazko jaiero preso bat askatu ohi eban gobernariak, herriak nahi ebana. 16 Bazan orduan preso sonatu bat, Barrabas* izenekoa. 17 Beraz, jendea batu zanean, Pilatok galdetu eutsen:
—Nor nahi dozue askatzea, Barrabas ala Jesus, Mesias dalakoa?
18 Ondo ekian-eta bekaizkeriaz emona eutsoela Jesus.
19 Epai-mahaian jesarrita egoala, emazteak mandatu hau bialdu eutson: «Ez zaitezala errugabe horrekin sartu! Asko sufritu dot bart amesetan hori dala-eta».
20 Baina abadeburuek eta zaharrek jendea berotu eben Barrabasen askatasuna eta Jesusen heriotzea eskatu eizan. 21 Gobernariak barriro galdetu eutsen:
—Bietako nor nahi dozue askatzea?
—Barrabas —erantzun eben.
22 Pilatok esan eutsen:
—Eta zer egin behar dot Jesusegaz, Mesias dalakoagaz?
Danek erantzun eben:
—Kurutzean josi!
23 Eta Harek:
—Zer oker egin dau, ba?
Hareek, orduan eta oihu handiagoz:
—Kurutzean josi!
24 Guztia alperrik zala eta, gainera, iskanbila sortzera joiala ikusirik, Pilatok ura hartu eta eskuak garbitu ebazan jendearen aurrean, esanez:
—Ez naz gizon honen heriotzearen erantzule! Zeuek ikusi!
25 Herri osoak erantzun eban:
—Geu eta gure ondorengoak egiten gara horren heriotzaren erantzule*!
26 Orduan, Barrabas askatu eutsen eta Jesus, zigortuazo ondoren*, hareen eskuetara emon eban, kurutzean josi eien.
Soldaduen isekak (burlak)
(Mk 15,16-20; Jn 19,2-3)
27 Gobernariaren soldaduek Jesus jauregira bihurtu eben eta gudu-taldeko danak batu ebezan haren inguruan. 28 Soinekoak erantzi eutsoezan eta purpurazko kapa batez jantzi eben. 29 Arantzaz egindako koroia ezarri eutsoen buruan eta kainabera eskuan, eta, aurrean belaunikaturik, iseka egin eutsoen esanez: «Agur, juduen erregea!»
30 Txistua botaten eutsoen eta, kainaberea kendurik, buruan joten eben. 31 Nahikoa iseka egin ondoren, kapa erantzi eta bere soinekoak jarri eutsoezan. Gero, kurutzean josteko eroan eben.
Jesus kurutzean josia
(Mk 15,21-27; Lk 23,26.32-33.38; Jn 19,17-24)
32 Urtetean, Ziraneko gizon bat aurkitu eben, Simon eritzona, eta Jesusen kurutzea eroatera* behartu eben.
33 Golgota izeneko tokira heldu ziranean (Golgotak «Buru-hazur» esan nahi dau), 34 behazunez nahastutako ardaua* emon eutsoen edatera. Jesusek dastatu, baina ez eban edan gura izan. 35 Kurutzean josi ondoren, soldaduek Jesusen jantziak banatu egin ebezan zotz eginez. 36 Eta bertan gelditu ziran, jesarrita, zaintzen. 37 Buruaren gainaldean kondenearen arrazoia ipini eben idatzita: «Hau Jesus da, juduen erregea». 38 Lapur bi josi ebezan kurutzean Jesusegaz batera, bata eskoian eta bestea ezkerrean.
Jesus kurutzean iraindua
(Mk 15,29-32; Lk 23,35-39)
39 Handik igaroten ziranek irain egiten eutsoen Jesusi, buruari eragin 40 eta esanez: «Santutegia desegin eta hiru egunean eraikitzen ei duan horrek, Jainkoaren Semea bahaiz, salbau egik heure burua! Jaitsi hadi kurutzetik!»
41 Era berean, abadeburu, lege-maisu eta zaharrek ere irri egiten eutsoen, esanez: 42 «Besteak salbau jauzak, eta bere burua ezin. Israelgo errege ei dok hori; jaitsi dadila oraintxe kurutzetik, eta sinistuko joaguk beragan. 43 Jainkoagan jarri jok uste ona; libratu daiala oraintxe, maite badau; ez eban, ba, esaten Jainkoaren Semea zala?»
44 Beste horrenbeste, beragaz kurutzean josita egozan lapurrek ere irain egiten eutsoen.
Jesusen heriotzea
(Mk 15,33-41; Lk 23,44-49; Jn 19,28-30)
45 Eguerditik hirurak arte ilundu egin eban lurbira osan. 46 Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan eban: «Eli, Eli, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nauzu?»).
47 Hau entzutean*, bertan egozan batzuk esan eben: «Eliasi deika dihardu».
48 Eta berehala, hareetako batek, lasterka belaki bat hartzera joan, ozpinetan busti eta, kainabera bati muturrean jarriz, edatera emon eutson. 49 Besteek, barriz, inotsoen: «Egon, ea jatorkon Elias salbatzera!»
50 Baina Jesusek, barriro deiadar handia eginez, azken arnasea emon eban. 51 Eta horra, santutegiko oihala* erdiz erdi urratu zan, goitik beheraino; lurrikarea izan zan eta hatxak zartatu egin ziran; 52 hilobiak zabaldu eta hilik egozan santu asko biztu egin ziran: 53 hilobietatik urten eta, Jesus biztu ondoren, uri santuan sartu ziran eta jende askori agertu jakozan. 54 Lurrikarea eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta haregaz Jesus zaintzen egozan besteek, bildurrak jota, esan eben: «Benetan, Jainkoaren Semea zan hau!» 55 Baziran han emakume asko ere, urrutitik begira; Jesusi jarraituz Galileatik etorriak ziran, beraren zerbitzari; 56 hareen artean, Magdalako Maria, Santiago eta Joseren ama Maria, eta Zebedeoren semeen ama.
Jesus hilobian ezarria
(Mk 15,42-47; Lk 23,50-56; Jn 19,38-42)
57 Ilunabarrean, Jose eritzon Arimateako* gizon aberats bat etorri zan, Jesusen ikaslea. 58 Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu eutson. Pilatok emoteko agindu eban. 59 Josek, gorpua harturik, izara garbi baten batu eban 60 eta hatxean zulaturiko hilobi barri baten ezarri. Gero, harri handi bat irauliz, hilobiko sarrerea itxi eta joan egin zan. 61 Magdalako Maria eta beste Maria hilobi aurrean jesarrita egozan.
Hilobia zigilatua eta zaindua
62 Biharamuna zapatua zan*. Abadeburuak eta fariseuak Pilatogana batu ziran alkarregaz, 63 eta esan eutsoen:
—Jauna, gogoratu dogu engainatzaile horrek, artean bizi zalarik, esan ebala: «Hiru egunen buruan biztu egingo naz». 64 Agindu eizu, ba, hirugarren egunera arte hilobia zaintzeko; ez dadila gertau, haren ikasleek gorpua eroan eta gero «Hilen artetik biztu da» herriari esanez etortea. Azken engainu hau lehenengoa baino okerragoa izango litzateke.
65 Pilatok erantzun eutsen:
—Badozuez zeuen guardak. Zoaze, eta zaindu dakizuen modura.
66 Joan ziran, ba, eta hilobia segurtatu eben, harria zigilatuz eta guardia ipiniz.