9,1 Eta holantxe amaitu eban: «Benetan dinotsuet: Hemen dagozanetako batzuk ez dira hilgo, harik eta Jainkoa errege ahaltsu lez etorten ikusi arte».
Antzaldatzea: nekaldi ondoko aintza aurretiaz agertu
(Mt 17,1-13; Lk 9,28-36)
2 Handik sei egunera, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan hartu eta mendi garai batera eroan ebazan aparte. Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean: 3 jantziak distiratsu bihurtu jakozan, zuri-zuri, munduan inork jarri leikezan baino zuriago. 4 Eta Elias eta Moises agertu jakezan Jesusegaz berbetan. 5 Pedrok esan eutson Jesusi: «Maisu, zein ederto gagozan hemen! Zergaitik ez egin hiru txabola: bata zeuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»
6 Ez ekian zer esaten eban ere, bildurrak jota egozan-eta.
7 Orduan, hodei batek estaldu ebazan eta ahots hau entzun zan hodeitik: «Hauxe dot neure Seme maitea. Entzun berari!»
8 Eta haretan, inguruan begiratu eta Jesus baino ez eben ikusi eurekin, eta besterik inor ere ez.
9 Menditik beherakoan, ikusitakoa inori ez aitatzeko agindu eutsen, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte. 10 Agindu hau bete eben, baina «hilen artetik bizte» horrekin zer adierazi nahi ete eutsen ziharduen euren artean. 11 Eta galdetu eutsoen:
—Zergaitik dinoe lege-maisuek lehenengo Eliasek etorri behar dauala?
12 Jesusek erantzun:
—Lehenengo Eliasek etorri eta dana Jaunak nahi lez erabarritu behar badau, zer dala eta dinoe Liburu Santuek Gizonaren Semeak asko sufritu behar dauala eta arbuiatua izan? 13 Hauxe dinotsuet gainera: etorri da Elias, baina gogoak emondako guztia egin deutsoe, haretaz idatzia egoan lez.
Fedearen ahalmena: epileptikoaren osakuntzea
(Mt 17,14-21; Lk 9,37-43a)
14 Beste ikasleengana bihurtu ziranean, jendetza handia ikusi eben hareen inguruan, eta lege-maisu batzuk hareekin eztabaidan. 15 Jendea harriturik gelditu zan Jesus ikustean eta lasterka joan jakozan agurtzera. 16 Jesusek galdetu eutsen:
—Zer zeuken horreekaz eztabaidan?
17 Jendarteko batek erantzun eutson:
—Maisu, hemen ekarri deutsut neure seme hau: hitzik egiten izten ez deutson espiritua dauka. 18 Non edo han espiritua jabetzen jakonean, lurrera botaten dau, eta mutikoa, adurra dariola eta hagin-karraska, gogor-gogor gelditzen da. Zure ikasleei eskatu deutset espiritua botateko, baina ezin izan dabe.
19 Jesusek esan eutsen:
—Hau gizaldi sinisgogorra! Noiz arte egon behar ete dot zuen artean? Noiz arte jasan behar ete zaituet? Ekarri mutila.
20 Eroan egin eutsoen. Jesus ikusteaz batera, espirituak gogor astindu eban mutikoa, eta lurrean biraka eta adurra eriola itzi.
21 Jesusek mutilaren aitari galdetu eutson:
—Noiztik dago holan?
Harek erantzun:
—Umetatik. 22 Askotan bota izan dau sutara eta uretara ere, hilazoteko. Ezer egin ahal badozu, erruki zaitez gutaz eta lagundu eiguzu.
23 Jesusek esan eutson:
—Ahal dodan dinozu? Dana ahal dau sinisten dauanak.
24 Orduan, mutilaren aitak deadarka:
—Sinistu nahi dot! Lagundu sinisbako honi.
25 Jesusek, jendea pilatzen egoala ikusirik, mehatxu egin eutson espiritu gaiztoari:
—Espiritu gor eta mutua, neuk agintzen deuat: urten egik mutil honengandik eta ez sartu gehiago.
26 Garrasika eta berebiziko astindua emonez, urten eban espiritu gaiztoak. Mutikoa hilda lez gelditu zan. Ia danek hilda egoala inoen; 27 baina Jesusek eskutik hartu eta jagiazo egin eban, eta mutikoa zutundu egin zan.
28 Jesus etxeratu zanean, ikasleek bakarrean galdetu eutsoen:
—Eta guk, zergaitik ezin izan dogu bota espiritu hori?
29 Erantzun eutsen:
—Holango espirituak botateko bide bakarra otoitza da.
Jesusek nekaldi-biztuerak bigarrenez iragarri
(Mt 17,22-23; Lk 9,43b-45)
30 Handik urten eta Galilean zehar ebilzan. Jesusek ez eban inork jakiterik nahi, 31 bere ikasleei irakastera emona egoan eta. Holan inotsen: «Gizonaren Semea gizakien eskuetara emongo dabe; hil egingo dabe, baina hil eta hiru egunera biztu egingo da».
32 Hareek, ordea, ez eben ulertzen zer inotsen; galdetzera, barriz, ez ziran ausartzen.
Nor handiena?
(Mt 18,1-5; Lk 9,46-48)
33 Kafarnaumera heldu ziran. Eta, etxean, Jesusek galdera hau egin eutsen:
—Zer eztabaida izan dozue bidean?
34 Baina hareek hitzik ez; euren artean handiena nor ete zan eztabaidatu eben-eta bidean. 35 Jesarri zan Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan eutsen:
—Lehena izan nahi dauana izan bedi danetan azkena eta danen zerbitzaria.
36 Eta gero, ume bat hartu, hareen aurrera ekarri eta, altzoan ebala, esan eutsen:
37—Holako umea nire izenean onartzen dauanak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauanak, ez nau ni onartzen, bialdu nauan Ha baino.
«Gure kontra ez dagoana… »
(Lk 9,49-50)
38 Joanek esan eutson:
—Maisu, gizon bat ikusi dogu zure izenean deabruak botaten, eta galazo egin nahi izan deutsogu, ez da-ta gure taldekoa.
39 Baina Jesusek erantzun:
—Ez galazo; ez dago-ta inor, nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz txarto-esaka jardungo dauanik. 40 Hau da, gure kontra ez dagoana, geure alde dago. 41 Benetan dinotsuet: Mesiasen jarraitzaile zareelako, ontzitxo bat ur bada ere emoten deutsuen inor ez da saririk barik geldituko.
Sinismena galbidean jarten dabenak
(Mt 18,6-9; Lk 17,1-2)
42 «Sinisten daben txiki honeetakoren baten sinismena galbidean jarten dauanak, hobe leuke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora jaurtiko balebe. 43 Zure eskuak galbidean jarten bazaitu, moztu; hobe dozu eskumotz betiko bizitzan sartzea, bi eskuekaz infernura, amatatu ezineko sutara, jaustea baino(44). 45 Zure oinak galbidean jarten bazaitu, moztu; hobe dozu hankamotz betiko bizitzan sartzea, bi oinekaz infernura jaurtia izatea baino (46). 47 Zure begiak galbidean jarten bazaitu, atara; hobe dozu begibakar Jainkoaren erreinuan sartzea, bi begiekaz infernura jaurtia izatea baino; 48 han ez da barruko harra hilten, ez eta sua amatatzen.
49 «Izan ere, suaz gazitu behar dira danak. 50 Gauza ona da gatza; baina gatza gezatuko balitz, zelan gazitu barriro? Euki gatza zeuen barruan eta zagoze alkarrekin bakean».