Jesusek hamabi apostoluak izentatu
(Mk 3,13-19; Lk 6,12-16)
10,1 Jesusek, bere hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon eutsen espiritu txarrak* botateko eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzeko.
2 Hona hemen hamabi apostoluen izenak: lehenengoa Simon —Pedro deritzona— eta haren anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta haren anaia Joan; 3 Felipe eta Bartolome; Tomas eta Mateo, zergalaria; Santiago Alfeorena eta Tadeo; 4 Simon Zelote eta Judas Iskariote*, Jesus saldu ebana.
Jesusek Hamabiak bialdu
(Mk 6,7-13; Lk 9,1-6)
5 Hamabiok bialdu ebazan Jesusek, oharpenok eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samaria herrialdean* ere; 6 joan ostera Israel herriko ardi galduengana. 7 Bidez zoazela, iragarri Jainkoaren erregetzea gainean dala. 8 Osatu eizuez gaixoak, biztu hildakoak, garbitu legendunak, bota deabruak. Doan hartu dozue, emon doan.
9 «Ez eroan urrerik, ez zidarrik, ez dirurik gerrikoan, 10 ez zorrorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ez eta makilarik ere, zor jako eta langileari behar dauan janaria.
11 «Edozein herri edo auzotara heltzean, jakizue ba ete dan konfiantzako inor zuek etxean hartzeko, eta gelditu zaiteze eurenean herri haretatik urten arte.
12 «Etxe baten sartzean, esan: ‘Bakea zuekin’; 13 etxekoak duin badira, heldu bekie zuen bakea; duin ez badira, barriz, galdu bedi hutsean zuen agurra*.
14 «Onartzen ez bazaituee eta zuen mezua entzun nahi ez, etxe edo herri haretatik urtetean, astindu zuen oinetako hautsa*. 15 Benetan dinotsuet: Auzi-egunean, Sodomak eta Gomorrak zigor bigunagoa izango dabe herri harek baino.
Erasoaldiak izango
(Mk 13,9-13; Lk 21,12-17)
16 «Hara, ardiak otso artera lez bialtzen zaituet. Izan zaiteze, ba, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain leunak.
17 «Kontuz jendearekin! Auzitegi* eta sinagogetara eroango zaituee eta zigortu egingo; 18 agintari eta erregeen aurrera eroango zaituee nigaitik, eta autorpen egingo dozue hareen eta jentilen aurrean. 19 Eroango zaitueenean, ez egon zer eta zelan esango dozuen kezkatan: une haretan bertan adieraziko deutsue Jainkoak zer esan; 20 ez dozue zeuek berba egingo, zuen Aitaren Espirituak egingo dau berba zuen bidez.
21 «Anaiak anaiea emongo dau heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra jagiko dira eta hil egingo dabez. 22 Mundu guztiak gorroto izango deutsue nigaitik; baina azkeneraino sendo irauten dauana, horixe izango da salbatua. 23 Herri baten pertsegitzen bazaituee, egin ihes beste batera. Benetan dinotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez dozuez Israelgo herri guztiak igaroko.
24 «Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, ez eta morroia ere nagusia baino gehiago. 25 Nahikoa dau ikasleak irakaslea adina izatea, eta morroiak nagusia adina. Etxeko jaunari Beeltzebul esan badeutsoe, zer ez ete deutsee sango haren etxekoei?
Nori izan bildur
(Mk 8,38; Lk 12,2-9)
26 «Ez izan jendearen bildur! Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ez eta ezer ezkutuan ere jakingo ez danik. 27 Gau-ilunez esaten deutsuedana, esan zuek egun-argiz; eta belarrira entzuten dozuena, iragarri etxe gaineetatik. 28 Ez izan bildurrik gorputza hil bai, baina bizia hondatu ezin dabenei; izan bildur, gorputza ez ezik, pertsona osoa infernuan hondatu daikeanari.
29 «Ez ete dira txori bi txanpon baten saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera jausten zuen Aitaren baimenik barik. 30 Zuen buruko uleak ere danak daukaz zenbatuta Jainkoak. 31 Ez izan, ba, bildur: zuek txori guztiek baino gehiago balio dozue.
32 «Jendearen aurrean autortzen nauana autortuko dot neuk ere Aita zerukoaren aurrean; 33 baina jendearen aurrean ukatzen nauana ukatu egingo dot neuk ere zeruko Aitaren aurrean.
Jesusek banaketea sortu
(Lk 12,51-53; 14,26-27)
34 «Ez uste izan munduari bakea ekartera etorri nazanik; bakea ez, banaketa baino ekartera etorri naz. 35 Bai, semea aitagandik, alabea amagandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera etorri naz. 36 Eta bakotxak bere etxekoak izango ditu arerio.
37 «Aita nahiz ama ni baino maiteago dauana ez da niretzat gai; semea nahiz alabea ni baino maiteago dauana ez da niretzat gai. 38 Bere kurutzea hartu eta jarraitzen ez deustana ez da niretzat gai. 39 Bere biziaren jabe izan nahian dabilanak galdu egingo dau; bere bizia nigaitik galtzen dauanak, barriz, eskuratu egingo dau.
«Zuek onartzen zaituanak neu onartzen nau»
(Mk 9,41)
40 «Zuek onartzen zaituanak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauanak bialdu nauana onartzen dau. 41 Profeta bat profeta dalako onartzen dauanak profeteari zor jakon saria jasoko dau; eta gizon zuzen bat zuzena dalako onartzen dauanak gizon zuzenari zor jakon saria jasoko dau; 42 eta txiki honeetako bati, nire ikasle dalako, ontzitxo bat ur fresko besterik ez bada ere emoten deutsona, benetan dinotsuet ez dala saririk barik geldituko».