Fariseu eta saduzearrak mirarizko seinale eske
(Mk 8,11-13; Lk 12,54-56)
16,1 Fariseu eta saduzearrek Jesusengana etorri eta Jainkoagandiko* seinale bat erakusteko eskatu eutsoen azpikeriaz, bera zelan harrapatuko. 2 Baina Jesusek erantzun eutsen: «Iluntzean esaten dozue: ‘Arrats gorri, bihar eguzki’; 3 eta goizean: ‘Goiz gorri, arrats euri’. Badakizue zeruaren itxureari igarten, eta ez zaree gauza sasoion seinaleei igarteko*. 4 Seinale eske dihardu gizaldi gaizto eta desleial* honek, baina ez jako emongo seinalerik, Jonas profetearena besterik».
Eta, hareik bertan itzirik, alde egin eban.
Fariseuen eta saduzearren legamina
(Mk 8,14-21)
5 Itsasoaz beste aldera igarotean, ogia hartzea ahaztu jakela konturatu ziran ikasleak. 6 Jesusek esan eutsen: «Begira gero! Ibili kontuz fariseuen eta saduzearren legaminagaz*!»
7 Hareek, barriz, holan inoen euren artean: «Ogirik hartu ez dogulako jinoskuk».
8 Konturatu zan Jesus eta esan eutsen: «Zer darabilzue zeuen artean ogirik ez daukazuela-eta, sinismen gitxikook? 9 Ez dozue oraindino ulertzen? Ez dozue gogoan bost mila gizonen artean banatutako bost ogiena, eta zenbat otzarakada bete zenduezan? 10 Eta lau mila gizonen artean banatutako zazpi ogiena, eta zenbat otzarakada bete zenduezan? 11 Zelan ez dozue ulertzen ez naiabiltzuela ogiei buruz? Kontuz fariseuen eta saduzearren legaminagaz!»
12 Orduan jabetu ziran ez eutsela esan ogi-legaminagaz kontuz ibilteko, fariseu eta saduzearren irakaspenekaz baino.
Pedrok Jesus Mesiastzat autortu
(Mk 8,27-30; Lk 9,18-21)
13 Feliperen Zesareara* heldu zanean, galdera hau egin eutsen Jesusek bere ikasleei:
—Gizonaren Semea nor dala dino jendeak?
14 Hareek erantzun:
—Batzuk Joan Bataiatzailea dala; beste batzuk Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
15 Jesusek galdetu eutsen:
—Eta zuek, nor nazala dinozue?
16 Simon Pedrok erantzun:
—Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
17 Orduan, Jesusek esan eutson:
—Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez deutsu-ta hazur-mamizko inork* agertu, zeruko neure Aitak baino. 18 Eta nik hauxe dinotsut: Pedro zara zu, eta hatx horren gainean eraikiko dot nik neure elizea; eta herioaren indarrak* ere ez dau menperatuko. 19 Jainkoaren erreinuko giltzak emongo deutsudaz; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.
20 Orduan, bera Mesias zala inori ez esateko agindu eutsen Jesusek ikasleei.
JESUSEN EGITEKOA. KRISI MESIANIKOA
(16,21—25,46)
Nekaldiaren iragarpenak eta
ikasleentzat irakaspenak (16,21—18,35)
Jesusek bere nekaldi-biztuerak lehenengoz iragarri
(Mk 8,31-33; Lk 9,22)
21 Une haretatik hasi zan Jesus bere ikasleei azaltzen, berak Jerusalemera igon eta zahar, abadeburu eta lege-maisuen aldetik asko sufritu behar ebala; hil egingo ebela eta hiru egun barru biztu egingo zala. 22 Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon:
—Ez daiala Jainkoak nahi, Jauna! Ez jatzu horrelakorik jazoko.
23 Baina Jesusek, bihurturik, esan eutson Pedrori:
—Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo* haz niretzat, hire asmoak ez dozak-eta Jainkoarenak, gizakiarenak baino.
Jesusi jarraitzea
(Mk 8,34-41; Lk 9,23-27)
24 Orduan, esan eutsen Jesusek bere ikasleei: «Nire jarraian etorri nahi dauanak egin beio uko bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarraitu beist. 25 Izan ere, bere bizia gorde nahi dauanak galdu egingo dau; bere bizia nigaitik galtzen dauanak, barriz, eskuratu egingo dau. 26 Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badau? Eta zer emon daike gizakiak barriro bizia eskuratzeko? 27 Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekaz; eta, orduan, bakotxari bere jokabidearen arabera ordainduko deutso. 28 Benetan dinotsuet: Hemen dagozenetako batzuk ez dira hilgo, harik eta Gizonaren Semea errege lez etorten ikusi arte».