Erregetzeari buruzko parabolak (13,1-52)
Ereilearen parabolea
(Mk 4,1-9; Lk 8,4-8)
13,1 Egun baten, Jesus etxetik urten eta aintzira-ertzean jesarri zan. 2 Eta txalupa batera igon eta jesarri egin zan, ondora hainbeste jende batu jakon-eta. Jende-taldea, barriz, hondartzan egoan. 3 Eta luzaroan egin eutsen berba parabola bidez. Holantxe inotsen: «Urten eban behin ereileak hazia ereitera. 4 Ereitean, garau batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek etorri eta jan egin ebezan. 5 Beste batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik ez zan tokian, eta axaleko lurra izanik, berehala erne ziran; 6 baina eguzkiak jo orduko, erre egin ziran eta, sustrairik ez ebenez, igartu. 7 Beste garau batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haztean, ito egin ebezan haziak. 8 Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta frutua emon eben: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar. 9 Ulertzeko gauza danak ulertu bei».
Zergaitik egiten deutsen berba Jesusek parabola bidez
(Mk 4,10-12; Lk 8,9-10)
10 Ondoratu jakozan ikasleak Jesusi eta galdetu eutsoen:
—Zergaitik egiten deutsezu berba parabola bidez?
11 Jesusek erantzun eutsen:
—Zuei Jainkoaren erregetzearen misterioak ezagutzea emon jatzue; horrei, ostera, ez. 12 Izan ere, badaukanari emon egingo jako, eta gainezka izango dau; ez daukanari, ostera, daukan apurra ere kendu egingo jako. 13 Hona zergaitik egiten deutsedan berba parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dabelako; entzun bai, baina ez aditzen, ez ulertzen ez dabelako.
14 «Horrela, Isaias profeteak esana beteten da horreengan:
«Entzungo dozue, bai, baina ulertu ez;
ikusiko dozue, bai, baina ohartu ez;
15 Izan ere, herri honek
gogortu egin dauz buru-bihotzak,
gortu belarriak, itsutu begiak.
Ez beie euren begiez ikusi,
ez belarriez entzun,
ez eta buruaz ulertu ere,
horrela niregana bihurtu ez daitezen
eta salbau ez daidazan.
16 «Zorionekoak, barriz, zuen begiak, ikusten dabelako, eta zuen belarriak, entzuten dabelako! 17 Benetan dinotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi gura izan eben zuek ikusten dozuena, baina ez eben ikusi, eta entzun gura zuek entzuten dozuena, baina ez eben entzun.
Jesusek ereilearen parabolea argitu*
(Mk 4,13-20; Lk 8,11-15)
18 «Entzun eizue, beraz, ereilearen parabolearen esangurea. 19 Erregetzearen mezua entzun bai, baina ulertzen ez dauanari, gaiztoa etorten jako eta bihotzean erein jakona kendu egiten deutso. Mezua ‘bide-bazterrak’ lez hazia hartzen dauana da hori. 20 ‘Harri-arteak’ lez hartu dauana hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dauana; 21 baina sustrairik bakoa eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dala-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, jausi egiten da*. 22 ‘Sasi-arteak’ lez hartzen dauana hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurek eta diru-goseak mezua ito egiten deutsoena, fruturik barik itziz. 23 ‘Lur onak’ lez hartzen dauana hauxe da: mezua entzun eta ulertzen dauana; honek frutua emoten dau: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar».
Gari arteko galbedarraren parabola
24 Beste parabola bat proposatu eutsen Jesusek: «Jainkoaren erregetzeagaz, gizon batek soloan hazi ona erein ebanean lez jazoten da. 25 Etxeko danak lo egozala, arerioak soloan sartu eta gari artean galbedarra erein eban eta alde egin. 26 Garia hazi eta burutu zanean, galbedarra ere agertu zan. 27 Joan ziran, orduan, morroiak etxeko nagusiari esatera: ‘Jauna, ez zendun hazi ona erein soloan? Nondik dau, ba, galbedarra?’ 28 Harek erantzun eutsen: ‘Arerioaren lana da hori’. Eta morroiek: ‘Joango gara galbedarra batzera?’ 29 Baina nagusiak: ‘Ez, ez dadila jazo galbedarra batzean garia ere ataratea. 30 Itzi biak batera hazten batze-sasoia heldu bitartean; orduan, igitariei esango deutset: batu lehenengo galbedarra, lotu eta erre; garia, barriz, jaso nire mandiora’».
Mostaza-haziaren eta legaminaren parabolak
(Mk 4,30-32; Lk 13,18-21)
31 Jesusek beste parabola hau kontatu eutsen: «Jainkoaren erregetzea gizon batek soloan ereiten dauan mostaza-haziaren antzekoa da. 32 Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten danean, beste ortuari guztiak baino handiago bihurtzen da, eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».
33 Beste parabola bat ere esan eutsen: «Jainkoaren erregetzea legaminaren antzekoa da: emakume batek anega bat urunetan nahasten dau, eta oraldi guztia harrotzen da».
Parabola bidezko irakaspenaren zergatia
(Mk 4,33-34)
34 Irakaspen guztiok parabola bidez emon eutsozan Jesusek jendeari, eta ez eutsen ezer irakasten parabolaz izan ezik. 35 Holan bete zan Jainkoak profetearen bidez esana:
Parabola bidez egingo dot berba,
munduaren hasieratik gordeta egoana
azalduko.
Jesusek galbedarraren parabolea argitu
36 Jesus jendetzea agurtu eta etxeratu egin zan. Hurreratu jakozan, orduan, ikasleak eta eskatu eutsoen: «Argitu eiguzu soloko galbedarraren parabolea».
37 Jesusek esan eutsen: «Hazi ona ereiten dauana Gizonaren Semea da; 38 soloa, mundua; hazi ona Jainkoaren erreinuko seme-alabak dira; galbedarra, barriz, gaiztoarenak; 39 galbedarra ereiten dauan arerioa deabrua da; batze-sasoia, munduaren azkena; eta uzta-batzaileak, aingeruak. 40 Galbedarra batu eta sutan erreten dan lez, halantxe gertauko da munduaren azkenean ere: 41 Gizonaren Semeak bere aingeruak bialduko dauz, eta haren erreinutik bananduko dabez gaizkileak eta besteentzat gaizpide* suertatzen diranak, 42 eta su-labara botako. Negarra eta hagin-ikarea izango dira han. 43 Orduan, zintzoek eguzkiak lez egingo dabe distira euren Aitaren erreinuan. Ulertzeko gauza danak ulertu bei!
Altxorraren eta harribitxiaren parabolak
44 «Jainkoaren erregetzearekin, landan ezkutauta dagoan altxorrarekin lez jazoten da. Nonork, aurkitzen dauanean, ezkutatu egiten dau barriro, eta pozaren pozez joan, daukazan guztiak saldu eta landa ha erosi egiten dau.
45 «Era berean, Jainkoaren erregetzeagaz, harribitxi bila dabilan tratulariagaz lez jazoten da. 46 Balio handiko bat aurkitzen dauanean, joan, bere gauza guztiak saldu, eta erosi egiten dau ha.
Sarearen parabolea
47 «Jainkoaren erregetzeagaz, uretara botaten dan eta era guztietako arrainak batzen dauzan sareagaz lez jazoten da. 48 Beteta dagoanean, lehorrera ataraten dabe; gero, jesarri eta onak otzarara batzen dabez eta txarrak kanpora botaten. 49 Bardin izango da munduaren azkenean: aingeruek etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bananduko dabez, 50 eta su-labara botako. Negarra eta hagin-ikarea izango dira han».
Parabolen ondorenak
51— Ulertu dozue guzti hau? —galdetu eutsen Jesusek ikasleei.
—Bai —erantzun eutsoen.
52 Harek esan eutsen:
—Beraz, Jainkoaren erregetzearen jakinduriaz jantzita dagoen lege-maisua, bere altxorretik zahar eta barriak ataraten dauzan etxeko jaunaren antzekoa da.
Jesus, jendetzea itziz,
ikasleengana bihurtu (13,53—16,20)
Jesus bere jaioterrian gaitzetsia
(Mk 6,1-6; Lk 4,16-30)
53 Jesusek, parabolok amaitu ebazanean, alde egin eban handik. 54 Bere herrira* heldurik, irakasten hasi jaken sinagogan. Jendeak, harriturik, holan inoan: «Nondik dau honek horrelako jakituria, eta nondik mirari horreik? 55 Ez da, ba, arotzaren semea? Honen amak ez ete dau izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas? 56 Eta honen arrebak ez ete dira danak geure artean bizi? Nondik dau, beraz, hori guztia?»
57 Eta honeekaitik, ezin eben sinistu harengan*.
Jesusek esan eutsen: «Profeta bati, edonon emoten jako ohore, bere herrian eta etxean izan ezik».
58 Eta ez eban han mirari askorik egin, ez eben-eta sinisten.