1,1 Hona hemen zelan hasi zan Mesias eta Jainkoaren Seme dan Jesusen barriona.
Joan Bataiatzaileak Jesusen etorrerea iragarri
(Mt 3,1-12; Lk 3,1-6.15-17; Jn 1,19-28)
2 Isaias profeteak idatzita eukan:
Begira, neure mezularia bialtzen dot zure aurretik
zuri bidea prestatzera.
3 Ahots bat oihuka dabil basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bide-zidorrak hari.
4 Honela agertu zan ba, Joan Bateatzailea basamortuan. Bihozbarritzeko eta bateatzeko iragarten eban, pekatuen parkamenerako. 5 Judea herrialde osoa eta jerusalemdar guztiak joiazan harengana eta, euren pekatuak autortzen ebezala, Joanek bateatu egiten ebazan Jordan ibaian.
6 Joanek gamelu-ulezko jantzia eukan soineko eta narruzko ugela gerriko; saltamatxinoak eta basa eztia jaten ebazan. 7 Honela iragarten eban: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuagoa dana, eta ni ez naz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. 8 Nik urez bateatu zaituet; harek, ostera, Espiritu Santuaz bateatuko zaitue».
Jesus bateatua. «Zeu zaitut nire Semea»
(Mt 3,13-17; Lk 3,21-22)
9 Egun hareetako baten, Jesus etorri zan Galileako Nazaretetik, eta Joanek bateatu egin eban Jordanen. 10 Jesusek, uretatik urteterakoan, zerua urratzen ikusi eban eta Espiritua, uso-itxuran, beragana jaisten. 11 Eta ahots hau etorri zan zerutik: «Zeu zaitut nire Semea, nire maitea, zeu zaitut atsegin».
Jesus basamortuan tentatua
(Mt 4,1-11; Lk 4,1-13)
12 Berehala, Espirituak basamortura bultzatu eban Jesus. 13 Berrogei egunez egon zan basamortuan, Satanasek tentatzen ebala. Basapiztiekaz bizi zan eta aingeruak ebazan zerbitzari.
JESUS MESIAS LEZ AGERTU (1,14–8,26)
Jesusek nagusitasunez predikatu eta osatu (1,14-45)
Jesus barri ona iragarten hasi
(Mt 4,12-17; Lk 4,14-15)
14 Joan Bateatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zan eta Jainkoaren barriona iragarten eban. 15 Honela inoan: «Betea da garaia, eta gainean dozue Jainkoaren erregetzea. Bihozbarritu zaiteze eta sinistu barriona».
Jesusek lehen ikasleei dei
(Mt 4,18-22; Lk 5,1-11)
16 Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar joiala, Simon eta honen anaia Andres ikusi ebazan sareak uretara botaten, arrantzaleak ziran-eta. 17 Badinotse Jesusek: «Zatoze neugaz eta giza arrantzale egingo zaituet».
18 Hareek, besterik barik, sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
19 Aurreratxoago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi ebazan; sare-konponketan ziharduen euren untzian. 20 Ikusiaz batera, dei egin eutsen. Hareek, euren aita Zebedeo eta mutilak untzian itzirik, Jesusen ondoren abiatu ziran.
Jesusek bere nagusitasuna azaldu sinagogan
(Lk 4,31-37)
21 Kafarnaumen sartu ziran. Eta, zapatuan sinagogara joanik, irakasten hasi zan Jesus. 22 Haren irakaspenaz txunditurik egoan jende guztia, nagusitasunez irakasten eutsen-eta, eta ez legemaisuek lez.
23 Bazan, hain zuzen, sinagoga haretan espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon bat. Eta oihuka ekin eutson:
24—Zer dok gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera hator ala? Bajakiat nor hazan: Jainkoaren Santua.
25 Jesusek gogor eraso eutson:
—Isildu hadi eta urten egik horrengandik!
26 Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra emon eutson eta, garrasi handia eginez, urten egin eban harengandik. 27 Guztiz ikaraturik gelditu ziran danak, alkarri galdezka: «Zer dogu hau? Irakaspen barria, eta zelango nagusitasunez emona gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen deutse eta honeek esana egiten!»
28 Laster zabaldu zan Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.
Jesusek Simonen amaginarrebea osatu
(Mt 8,14-15; Lk 4,38-39)
29 Jesus sinagogaitik urten eta Simon eta Andresen etxera joan zan zuzenean, Santiago eta Joanegaz. 30 Simonen amaginarrebea oheratuta egoan sukarraz; berehala, haretaz hitz egin eutsoen Jesusi. 31 Joan jakon ondora, eskutik hartu eta jagiazo egin eban. Sukarrak alde egin eutson eta zerbitzatzen hasi jaken.
Gaixo asko osatu
(Mt 8,16-17; Lk 4,40-41)
32 Iluntzean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eroan eutsoezan Jesusi. 33 Herri osoa batu jakon atarian. 34 Eta harek gaixo asko osatu ebazan, edozein zala ere hareen gatxa, eta deabru asko bota ere bai. Deabruei ez eutsen hitzik egiten izten, baekien-eta nor zan.
Jesus Galilean barrura predikatzen
(Lk 4,42-44)
35 Goizean goiz, oraindik ilun egoala, Jesus herritik urten eta bazter bakarti batera joan zan; han otoitzean ziharduan. 36 Simon eta lagunak haren bila hasi ziran; 37 aurkitzean, esan eutsoen:
—Jende guztia dabil zeure bila.
38 Harek, ordea, erantzun:
—Goazen beste nonora, inguruko auzoetara, horreetan ere barriona iragartera, horretarako urten dot-eta.
39 Eta Galilea guztian barru ibili zan, hango sinagogetan barriona iragarten eta deabruak botaten.
Jesusek legendun bat osatu
(Mt 8,1-4; Lk 5,12-16)
40 Legendun bat etorri jakon erreguka, eta belauniko esan eutson:
—Nahi badozu, garbitu naikezu.
41 Errukiturik, Jesusek eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez:
—Nahi dot, izan zaitez garbi.
42 Berehala alde egin eutson legenak, eta garbi gelditu zan.
43 Jesusek bialdu egin eban, zorrotz aginduz:
44—Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Zoaz, halan ere, azaldu abadeagana eta eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dagien.
45 Ha, ordea, urten orduko, gertatu barria ozen iragarten eta zabaltzen hasi zan. Eta harrezkero, ezin zan Jesus inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zan, bazterretan. Halan ere, edonondik etorkon jendea.