Antzaldaketea: nekaldi ondoko aintza aurretiaz agertu
(Mk 9,2-13; Lk 9,28-36)
17,1 Handik sei egunera, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eroan ebazan aparte. 2 Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean: aurpegia eguzkia baizen distiratsu bihurtu jakon eta jantziak argia baizen zuri. 3 Haretan, Elias eta Moises agertu jakezan Jesusegaz berbetan. 4 Pedrok esan eutson Jesusi: «Jauna, bai ederto gagozala hemen! Gura badozu, hiru txabola egingo dodaz bertan: bata zeuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
5 Oraindino berbetan ziharduala, hodei argi batek estaldu ebazan, eta ahots batek hodeitik esan eban: «Hauxe dot neure Seme maitea, hauxe dot atsegin. Entzun berari!»
6 Hau entzutean, ikasleak ahozpez jausi ziran bildur-ikaraz. 7 Hurreratu jaken Jesus, ikutu eta esan eutsen: «Zutundu zaiteze. Ez bildurtu!»
8 Begiak jasorik, Jesus baino ez eben ikusi, eta besterik inor ere ez.
9 Menditik beherakoan, agindu hau emon eutsen Jesusek: «Ez esan inori ikusi dozuena, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte».
10 Orduan, ikasleek galdetu eutsoen:
—Zergaitik dinoe, ba, lege-maisuek lehenengo Eliasek etorri* behar dauala?
11 Jesusek erantzun eutsen:
—Bai, Eliasek etorri behar eban eta dana Jaunaren gurarira erabarritu. 12 Baina, egia esan, etorri da Elias, eta, onartu beharrean, gogoak emondako guztia egin deutsoe. Era bardinean sufrituazoko deutsoe Gizonaren Semeari ere.
13 Orduan, Joan Bateatzaileaz ziharduala jabetu ziran ikasleak.
Fedearen ahalmena: epileptikoaren osakuntzea
(Mk 9,14-29; Lk 9,37-43a)
14 Jendeagana bihurtu ziranean, gizon bat ondoratu jakon Jesusi eta, aurrean belaunikatuz, 15 esan eutson:
—Jauna, erruki zaitez nire semeaz; epileptikoa da eta gorriak ikusten dihardu: sarri jausten da sutara eta uretara. 16 Zure ikasleei ekarri deutset, baina ezin izan dabe osatu.
17 Jesusek esan eutsen:
—Hau gizaldi sinisgogor eta bihurria! Noiz arte egon behar ete dot zuekaz? Noiz arte jasan behar ete zaituet? Ekarri mutila.
18 Jesusek gogor egin eutson deabruari eta mutilagandik urten egin eban harek; une haretatik osatuta gelditu zan. 19 Orduan, ikasleek, Jesusengana hurreraturik, bakarrean galdetu eutsoen:
—Eta guk, zergaitik ezin izan dogu bota deabrua?
20 Erantzun eutsen:
—Zuen sinismena eskasa dalako. Benetan dinotsuet: Sinismena bazendue, mostaza-hazia baizen txikia izanik ere, mendi honi «Aldatu hemendik hara» esan ezkero, aldatu egingo litzateke. Ez litzateke zuentzat ezinezkorik izango. ( 21 *).
Jesusek nekaldi-biztuerak bigarrenez iragarri
(Mk 9,30-32; Lk 9,43b-45)
22 Galilean zehar alkarrekin ebilzala, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea gizakien eskuetara emongo dabe; 23 hil egingo dabe, baina hirugarren egunean biztu egingo da».
Ikasleak oso nahigabeturik gelditu ziran.
Jesusek eta Pedrok tenplurako zerga ordaindu
24 Jesus eta ikasleak Kafarnaumera heldu ziranean, tenplurako zergea* batzen ebenek, Pedrogana joan eta esan eutsoen:
—Zuen maisuak ez dau tenplurako zergea ordaintzen?
25—Bai —erantzun eutsen.
Pedro etxeratu zanean, Jesusek aurrea hartu eutson, esanez:
—Zer deritzozu, Simon? Lurreko erregeek norengandik jasoten dabez zergak edo kontribuzinoak, etxekoengandik ala arrotzengandik?
26 Pedrok erantzun eutson:
—Arrotzengandik.
Jesusek, orduan:
—Etxekoak libre dagoz, orduan. 27 Halan eta guztiz ere, inori zeresanik ez emoteko, zoaz aintzirara, bota amua eta hartu lehenengo atarako dozun arraina; ireki eiozu ahoa, eta biren zergea ordaintzeko dirua* aurkituko dozu. Hartu eta ordaindu zeure eta bion partea.