BIZTUERA ETA IGOKUNDEA (23,56b—24,53)
Jesusen biztuerearen barria
(Mt 28,1-10; Mk 16,1-8; Jn 20,1-10)
Zapatuan atseden hartu eben, aginduta egoan lez.
24,1 Baina asteko lehen egunean*, goizean goiz joan ziran emakumeak hilobira, prestaturiko ukenduak eurekaz eroanik. 2 Hilobi-sarrerako harria biratua aurkitu eben. 3 Sartu ziran, baina ez eben Jesus Jaunaren gorpua aurkitu. 4 Zer pentsa ez ekiela egozan, eta, haretan, gizonezko bi agertu jakezan jantzi distiratsuz. 5 Emakumeak ahuspez lurrera jausi ziran ikaraz. Baina gizonezko hareek esan eutseen: «Zergaitik zabize bizi danaren bila hilen artean? 6 Ez dago hemen, biztu da. Gogoratu eizue zer esan eutsuen oraindino Galilean egoala; 7 hau da: Gizonaren Semea pekatarien eskuetara emon behar ebela eta kurutzean josi, eta hirugarren egunean biztu egin behar ebala».
8 Oroitu ziran hareik Jesusen hitzez, 9 eta, hilobitik bihurturik, gertatu guztiaren barri emon eutseen Hamaikei eta gainerako ikasleei. 10 Magdalako Maria, Joana eta Maria Santiagorena ziran emakumeok; honeekaz batera joandako beste emakumeek ere gauza bera esaten eutseen apostoluei. 11 Baina apostoluek zorakeriatzat hartu ebezan barriok, eta ez eutseen sinistu.
12 Halan ere, Pedro jagi eta hilobira joan zan lasterka; makurturik, barrura begiratu eta oihal-zerrendak baino ez ebazan ikusi, eta etxera bihurtu zan gertatuaz harriturik.
Jesus Emausko ikasleei agertu
(Mk 16,12-13)
13 Egun haretan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herritxo batera joiazan, Jerusalemdik hamaika kilometrora*. 14 Jazotako guztiotaz ziharduen alkarregaz. 15 Eta, hizketan eta eztabaidan ziharduela, Jesus bera ondoratu jaken eta eurekaz joan zan. 16 Baina ikasleek begiak itsu eukezan eta ez eben ezagutu. 17 Jesusek esan eutsen:
—Zeri buruz zoaze bidean alkarregaz berbetan?
Hareik gelditu egin ziran, aurpegia ilun, 18 eta euretako batek, Kleofas eritzonak, holan erantzun eutson:
—Zeu izango zara egunotan Jerusalemen gertatu dana jakin ez dauan kanpotar bakarra!
19—Zer gertatu da, ba? —esan eutsen Harek.
Hareek erantzun eutsoen:
—Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zan hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; 20 baina gure abadeburu eta agintariek heriotzara kondenatu dabe eta kurutzean josi. 21 Guk uste gendun berak askatuko ebala Israel; baina hori jazo dala badira hiru egun. 22 Egia da gure arteko emakume batzuk harriturik itzi gaituela: goizean goiz joan dira hilobira 23 eta ez ei dabe gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dala esan deutseen aingeru batzuk agertu jakezala esanez etorri jakuz. 24 Geure arteko batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan lez aurkitu dabe guztia; baina bera ez dabe ikusi.
25 Orduan, Jesusek esan eutsen:
—Bai buru gitxikoak zareela, bai motelak profetek esana sinisteko! 26 Ez ete eban Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara heltzeko?
27 Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz inoen guztia azaldu eutsen. 28 Joiazan herritxora hurreratu ziranean, aurrera jarraitzeko keinua egin eban Jesusek. 29 Baina hareek arren eta arren eskatu eutsoen: «Gelditu zaitez geugaz, berandu da-ta eta iluna gainean dogu-ta». Eta herrian sartu zan eurekaz gelditzeko.
30 Ondoren, alkarregaz mahaian jarri ziran, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkapena esan, zatitu eta emon egin eutsen. 31 Orduan, begiak edegi jakezan eta ezagutu egin eben, baina Jesus desagertu egin jaken begi aurretik. 32 Hareek alkarri esan eutsoen: «Ez al genduan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz hitz egiten euskunean?»
33 Berehala jagi eta Jerusalemera bihurtu ziran; eta Hamaikak eta honeen lagunak baturik aurkitu ebezan, 34 holan inoela: «Egia da! Biztu da Jauna eta Simoni agertu jako».
35 Ikasle biek bidean gertatua eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben kontatu eutseen.
Jesus Hamaikei eta ikasleei agertu
(Mt 28,16-20; Mk 16,14-18; Jn 20,19-23; Eg 1,6-8)
36 Hamaikek eta lagunek horretaz ziharduela, Jesus agertu jaken erdian eta esan eutsen: «Bakea zuei».
37 Bildur-ikaraz beterik, mamua ikusten ebela uste eben. 38 Baina Jesusek esan eutsen: «Zergaitik izutzen zaree? Zergaitik sortzen jatzuez zalantza horreik barruan? 39 Ikusi nire esku-oinak, neu naz. Ikutu naizue eta begiratu: mamuak ez dauka hazur-haragirik, eta nik bai, ikusten dozuenez».
40 Hau esatean, esku-oinak erakutsi eutsezan. 41 Baina, oraindik pozaren pozez sinistu ezinik eta guztiz harriturik egozanez, Jesusek esan eutsen: «Ba dozue hemen jatekorik?»
42 Arrain erre apur bat* eskini eutsoen. 43 Jesusek hartu eta euren aurrean jan eban. 44 Ondoren, esan eutsen: «Hauxe da, oraindino zuekaz nengoala, esan neutsuena: Moisesen legean, profeten liburuetan eta salmoetan* nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zala».
45 Orduan, adimena argitu eutsen, Liburu Santuak ulertu eiezan. 46 Eta esan eutsen: «Idatzita egoan Mesiasek sufritu egin behar ebala eta hirugarren egunean hilen artetik biztu, 47 eta, Jerusalemen hasita, herri guztiei bihozbarritzeko iragarri behar jakela, pekatuak parkatu dakiezan. 48 Zeuek zaree honen guztiaren lekuko. 49 Eta nik, neure Aitak agindutako dohaia, Espiritu Santua, bialduko deutsuet. Zuek egon hemen, urian, Jainkoagandiko indarraz jantzi zaitezen arte*».
Jesusen igokundea
(Eg 1,9-11)
50 Ondoren, Betania aldera atara ebazan Jesusek ikasleak, eta, eskuak jasorik, bedeinkatu egin ebazan. 51 Bedeinkatzen ebazan bitartean, hareengandik aldendu egin zan, eta zerura eroan eben. 52 Hareik, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera bihurtu ziran poz-pozik. 53 Eta etengabe tenpluan egoten ziran Jainkoa goresten*.