Jesusek eskatologiaz jardun(13,1-37)
Sarrerea: tenplua ezereztua izango
(Mt 24,1-2; Lk 21,5-6)
13,1 Jesusek tenplutik urtetean, bere ikasleetako batek esan eutson:
—Maisu, begira zalango harriak eta zalango eraikinak!
2 Jesusek esan eutson:
—Harri-lan ikusgarriak benetan! Baina horra, ez da harririk harri gainean geldituko: dana eratsiko dabe.
Azkenaren aurreko seinaleak
(Mt 24,3-14; 10,17-22; Lk 21,7-19)
3 Gero, Oliamendin, tenpluaren aurrez aurre jesarrita egoala, Pedro, Santiago, Joan eta Andresek bakarrean galdetu eutsoen:
4—Esaiguzu noiz jazoko dan hori, eta zertan ezagutuko dan hori dana betetera doala.
5 Honela jardun eban, orduan, Jesusek: «Kontuz! Ez zaizela inork engainatu. 6 Asko etorriko dira, nire izena bereganatuz eta esanez: ‘Neu naz Mesias’; eta jendea errime engainatuko dabe. 7 Gerra-hots eta zurrumurruak entzutean, ez izutu: jazo beharrekoa da hori guztia; baina oraindik ez da azkena. 8 Izan ere, nazinoa nazinoaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; han eta hemen lurrikarak eta goseteak izango dira. Hori guztia erdiminen hasierea da.
9 «Kontu izan zeuen buruagaz! Auzitegi eta sinagogetara eroango zaituee eta zigortu egingo; agintari eta erregeen aurrean jarriko zaituee nigaitik, eta autormen egingo dozue hareen aurrean. 10 Azkena baino lehen, herri guztiei iragarria izan behar dau-eta barrionak. 11 «Auzitegira zaroezala, ez egon zer esango dozuen kezkatan; une haretan bertan Jainkoak adierazoko deutsuena, esan haxe, ez dozue-eta zeuek hitz egingo, Espiritu Santuak baino. 12 Anaiak anaiea emongo dau heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra jagiko dira eta hil egingo dabez. 13 Mundu guztiak gorroto izango deutsue nigaitik; baina azkeneraino sendo irauten dauana, horixe izango da salbatua.
Larrialdi izugarria
(Mt 24,15-28; Lk 21,20-24)
14 «Profanatzaile higuingarria behar ez dan tokian ezarria ikusiko dozuenean —irakurleak ulertu bei—, orduan, Judean dagozanek ihes egin beie mendietara; 15 etxe gainean dagoana ez bedi jaitsi etxetik ezer hartzera, 16 eta soloan dana ez bedi bihurtu soingaineko bila. 17 Errukarriak egun hareetan seindun dagozanak eta bularreko seinak dabezanak! 18 Eskatu Jainkoari, hori guztia neguan jazo ez dadin. 19 Egun hareik egun larriak izango dira-eta; ez da horrelako larrialdirik izan Jainkoak sortu eban mundu honen hasieratik orain arte, ez eta izango ere. 20 Eta Jaunak aldi hori laburtuko ez baleu, ez leuke inortxok ere bizirik urtengo; baina, berak aukeratu dauzanak dirala-eta, laburtu egingo dauz egun horreik.
21 «Orduan, nonork ‘Hona hemen Mesias! Hara han!’ esango baleutsue, ez sinistu. 22 Izan ere, guzurrezko mesiasak eta sasi-profetak agertuko dira eta aukeratuak eurak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirariak eta egintza harrigarriak egingo dabez. 23 Zuek, beraz, kontu izan! Jakinaren gainean jarri zaituet aurretiaz.
Gizonaren Semearen etorrerea
(Mt 24,29-31; Lk 21,25-28)
24 «Egun hareetan, larrialdi horren ondoren, eguzkia ilundu egingo da, ilargiak ez dau argirik egingo, 25 izarrak zeru goitik jausten hasiko dira eta zeru-sabaia dardarka ibiliko. 26 Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etorten ikusiko dabe. 27 Orduan, aingeruak bialdu eta bere aukeratuak batuko ditu lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.
Ez dakizue hau guztia noiz izango dan. Egon erne!
(Mt 24,32-36; 25,13-15; Lk 12,36-38; 21,29-33)
28 «Ikasi ikondoaren irudi honetatik: kimua barritzen eta orriak zabaltzen jakoneko, badakizue udea laster dala. 29 Era berean, gauza horreik jazoten ikustean, jakizue laster dala, Gizonaren Semea ate ondoan dozuela. 30 Benetan dinotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok. 31 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete barik igaroko. 32 Baina zein egunetan edo ordutan jazoko dan, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baino.
33 «Kontuz, ba! Egon erne! Ez dakizue-ta ordua noiz dan. 34 Gizon bat urrutira doanean lez da: morroien gain izten dau bere etxea, bakotxari bere lana emonez, eta zain egoteko agintzen deutso ate-zainari.
35 «Egon zain, beraz, ez dakizue-eta etxeko jauna noiz etorriko dan; iluntzean, gauerdian, oilarrak jotean ala goizean. 36 Ez zaiezela ustekabean etorri eta lotan aurkitu. 37 Zuei esaten deutsuedan hau, danentzat esaten dot: Egon zain!»