Alargun behartsuaren eskeintza
(Mk 12,41-44)
21,1 Begira egoala, aberats batzuk ikusi ebazan Jesusek tenpluko dirutegian limosna botaten. 2 Ikusi eban emakume alargun behartsu bat ere txanpon bi* botaten, 3 eta esan eban: «Benetan dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau. 4 Izan ere, beste horreek guztiek gainezka dabenetik egin dabe limosna; honek, ostera, bere eskasian, bizi izateko eukan guztia emon dau».
Jesusek eskatologiaz jardun (21,5-38)
Sarrerea: tenplua txikitua izango
(Mt 24,1-2; Mk 13,1-2)
5 Batzuk tenpluari buruz ziharduen, harri ederrez eta emaitzez* apaindua egoala aitatuz. Orduan, Jesusek hauxe esan eban: 6 «Etorriko da sasoia, hor ikusten dozuen horretatik harririk ere harri gainean geldituko ez dana: dana txikituko dabe».
Azkenaren aurreko seinaleak
(Mt 24,3-14; Mk 13,3-13)
7 Ikasleek galdetu eutsoen: «Maisu, noiz jazoko da hori, eta zertan ezagutuko da jazotera doala?»
8 Jesusek erantzun eutsen: «Kontuz! Ez zaizela inork engainatu! Asko etorriko dira, nire izena eurenganatuz eta esanez: ‘Neu naz Mesias*’, edo ‘Gainean da sasoia’. Ez joan halakoen atzetik. 9 Gerra eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu: hori guztia aurretik jazo beharrekoa da-ta; baina azkena ez dator batbatean ».
10 Gainera, esan eutsen: «Nazinoa nazinoaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra jagiko dira; 11 lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen; gauza ikaragarriak jazoko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko.
12 «Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua botako deutsuee eta erasoko; sinagogetara eta kartzelara eroango zaituee, eta errege eta agintarien aurrera aurkeztuko nigaitik. 13 Guzti horrek autorpen egiteko aukerea emongo deutsue. 14 Hartu gogoan ez dozuela zeuen buruak zelan defendatuko kezkatan egon beharrik: 15 neuk adieraziko deutsuet zer eta zelan esan*, eta zuen etsaietako inork ez dau izango zuei aurre egiterik edo erantzuterik. 16 Zeuen guraso eta senideek eurek, ahaide eta adiskideek eurek salduko zaituee, eta zuetako batzuk hilgo. 17 Mundu guztiak gorroto izango deutsue nigaitik; 18 baina ez dozue buruko ule bakar bat ere galduko. 19 Iraupenaren iraupenez lortuko dozue bizia.
Jerusalemen hondamendia
(Mt 24,15-21; Mk 13,14-19)
20 «Jerusalem gudarostez inguratua ikusiko dozuenean, jakin eizue gainean dauala bere hondamendia. 21 Orduan, Judean dagozanek ihes egin beie mendietara; Jerusalem barruan dagozanak joan beitez urrun, eta soloan diranak ez beitez urian sartu. 22 Zigor-egunak izango dira hareik, orduantxe beteko da-ta Liburu Santuan idatzirik dagoan guztia. 23 Zoritxarrekoak egun hareetan seindun dagozanak eta bularreko umeak dabezanak! Estutasun gogorra izango da-ta lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat. 24 Ezpata-ahoz hilgo dabez eta nazino guztietara eroango gatibu; Jerusalem jentilek zapalduko dabe, jentilentzat Jainkoak erabagitako garaia zehatz bete arte.
Gizonaren Semearen etorrerea
(Mt 24,29-31; Mk 13,24-27)
25 «Seinale handiak agertuko dira eguzkian, ilargian eta izarretan; lurrean, barriz, larri izango dira herriak, itsas orroaz eta olatuez izuturik. 26 Eta munduari gainera jatorkonaren ikaraz eta larriz, lur jota geldituko da jendea, ortzia dardarka egongo da-ta. 27 Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etorten ikusiko dabe.
28 «Hau guztia jazoten hastean, izan bihotz eta jaso burua, laster dozue-ta zuen askapena».
«Egon erne»
(Mt 24,32-35; Mk 13,28-31)
29 Jesusek irudi bat jarri eutsen: «Begira ikondoari edo beste edozein zuhaitzi: 30 kimu-barritzen hasi dirala ikusi eta, besterik barik, badakizue udea hur dana. 31 Era berean, gauza horreik jazoten ikustean, jakizue hur dala Jainkoaren erregetzea. 32 Benetan dinotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen jazoko dira gauza guztiok. 33 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete barik igaroko.
34 «Zabilze, ba, kontuz! Galdukeria, mozkorkeria eta bizitzako ardurak dirala eta, ez bekizue gogoa moteldu, egun ha ustekabean gainera jausi ez dakizuen, 35 sarea lez jausiko da-ta munduan bizi diran guztien gainera. 36 Egon erne eta erregutu une guztian, gertatuko diran horrei guztiei ihes egiteko eta Gizonaren Semearen aurrean zutunik irauteko kemena izan daizuen».
37 Tenpluan irakasten emoten ebazan Jesusek egunak, eta Oliamendira urteten eban gauak igarotera. 38 Eta herri guztia goizean goiz joaten jakon tenplura, entzutera.