Jesusek lehen ikasleei dei
(Mt 4,18-22; Mk 1,16-20)
5,1 Behin baten, jendea gainera etorkon Jesusi, Jainkoaren mezua entzuteko; Jesus Genesaret aintzira-ertzean egoan. 2 Eta itsas-ontzi bi ikusi ebazan ur-bazterrean: arrantzaleek, itsas-ontzitik jatsita, sareak garbitzen ziharduen. 3 Igon eban bietako batera, Simonenera, eta itsas-ontzia lehorretik apur bat aldentzeko eskatu eutson; gero, jesarri eta jendeari irakasten ziharduan itsas-ontzitik. 4 Hitzaldia amaitu ebanean, Simoni esan eutson:
—Jo itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako.
5 Simonek erantzun eutson:
—Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dogu ezer hartu; baina, zeuk dinozun ezkero, botako dot sarea.
6 Halan egin eben eta, hainbesteko arrantzua egin ebenez, sareak urratzeko zorian egozan. 7 Beste itsas-ontziko lagunei keinu egin eutseen laguntzera etorteko; hurreratu ziran eta itsas-ontzi biak ia-ia hondoratzeraino bete ebezan. 8 Gertatua ikusirik, Jesusen oinetara jausi zan Simon Pedro, esanez:
—Alde nigandik, Jauna, pekataria naz eta!
9 Izan ere, zur eta lur egozan eginiko arrantzuagaitik Pedro eta beronegaz ziranak, 10 bai eta Pedroren arrantzu-lagun Santiago eta Joan Zebedeoren semeak ere. Baina Jesusek esan eutson Simoni:
—Ez bildurtu, hemendik aurrera giza-arrantzale izango zara.
11 Itsas-ontziak lehorrera atara ebezan eta, dana* itzirik, jarraitu egin eutsoen.
Jesusek legenduna osatu
(Mt 8,1-4; Mk 1,40-45)
12 Behin, Jesus herri baten zala, legenaz jositako gizon bat azaldu zan; Jesus ikustean, ahuspez lurrera jausi eta erregutu eutson:
—Jauna, nahi badozu, garbitu naikezu.
13 Orduan, Jesusek eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez:
—Nahi dot, izan zaitez garbi.
Berehala alde egin eutson legenak.
14 Jesusek inori ez adierazoteko agindu eutson eta esan:
—Zoaz, azaldu abadeagana eta eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan daien*.
15 Gero eta gehiago hitz egiten zan Jesusi buruz, eta jende-talde handiak batzen ziran hari entzutera eta berak gatxetatik osatu eizan. 16 Jesus, ordea, toki bakartietara joaten zan otoitz egitera.
Jesus fariseuekin eztabaidan (5,17—6,11)
Pekatuen parkamenari buruz: elbarriaren osakuntzea
(Mt 9,1-8; Mk 2,1-12)
17 Egun baten, Jesusek irakasten ziharduan eta han egozan jesarrita fariseu eta lege-maisu batzuk, Galileako auzo guztietatik, Judeatik eta Jerusalemdik etorriak. Jaunaren indarra berekin eban eta osatzera eragiten eutson. 18 Haretan, gizon batzuk azaldu ziran elbarri bat esku-ohean ekarriz, eta barrura sartu nahi eben, Jesusen aurrean ipinteko. 19 Jendetzagaitik ez ebelako nondik sartu aurkitzen, teilatura igon eta, teilak kendurik, esku-ohe eta guzti eratsi eben erdi-erdira, Jesusen aurrera. 20 Honek, lagun hareen sinismena ikusirik, esan eban:
—Gizona, parkatuak dozuz pekatuak.
21 Lege-maisuak eta fariseuak gogoetaka hasi ziran: «Nor da holan biraoka diharduan hau*? Nork parkatu daikez pekatuak Jainkoak baino?» 22 Baina Jesusek hareen gogoetak igarri eta esan eutsen: «Zergaitik dozuez holako gogoetak zuen barruan? 23 Zer da errazago: ‘Parkatuak dozuz pekatuak’ esatea ala ‘Jagi eta ibili zaitez’ esatea? 24 Oraintxe ikusiko dozue, ba, Gizonaren Semeak badauala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena».
Eta esan eutson elbarriari:
—Zuri dinotsut: Jagi, hartu esku-ohea eta zoaz etxera.
25 Une berean, elbarria, hareen aurrean jagi, etzunda egoaneko esku-ohea hartu eta etxera joan zan Jainkoa goresten. 26 Harriturik gelditu ziran danak eta Jainkoa goresten eben. Bildurraren bildurrez holan inoen: «Gauza harrigarriak ikusi doguz gaur».
Lebiri deia. Jesus pekatariekaz bazkaltzen
(Mt 9,9-13; Mk 2,13-17)
27 Ondoren, urten eban Jesusek handik eta Lebi izeneko zergalari bat ikusi eban, zerga* batzeko mahaian jesarrita, eta esan eutson:
—Jarraitu niri.
28 Lebik, dana itzirik, zutundu eta jarraitu egin eutson.
29 Lebik bazkari ederra emon eutson Jesusi bere etxean; Jesusegaz eta honen ikasleekaz batera jende asko egoan mahaian, zergalari eta beste. 30 Fariseu eta euren lege-maisuak marmarrean ibilkiezan ikasleei, esanez:
—Zelan jaten eta edaten dozue zergalari eta pekatariekaz*?
31 Jesusek erantzun eutsen:
—Ez dabe osasundunek behar sendagilea, gaixoek baino; 32 ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino, bihozbarritu daitezen.
Barauari buruz. Zaharra eta barria
(Mt 9,14-17; Mk 2,18-22)
33 Orduan, fariseuek eta lege-maisuek esan eutsoen Jesusi:
—Joanen ikasleek sarri egiten dabe barau* eta otoitz, gauza bera gure ikasleek ere; zureak, ordea, jan eta edan dabilz.
34 Jesusek erantzun eutsen:
—Zelan nahi dozue ezteguetara deituek* barau egitea, senar-barria eurekaz daukela? 35 Etorriko jake, bai, senar-barria kenduko deutseen eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau.
36 Parabola hau ere esan eutsen: «Inork ez deutso jantzi zaharrari jantzi barriari kendutako ipingirik josten; bestela, jantzi barria hondatu egingo litzateke eta ez litxakio zaharrari barriaren ipingia egoki etorriko. 37 Zaragi zaharretan ere ez dau inork ardau barririk sartzen; ardau barriak zaragiak lehertu egingo leukez, eta ardaua isuri eta zaragiak galdu egingo lirateke. 38 Ez!, ardau barria zaragi barrietan sartu behar da. 39 Eta ardau zaharragaz ohituak ez dau barririk gura, ‘Zaharra hobea dok’ esaten dau-eta».