2.1. Aldiuneko abiadura eta batez besteko abiadura

Orain arte aztertu ditugun kontzeptuak (erreferentzia-sistema, posizioa, posizio-aldaketa, ibilbidea, desplazamendua eta ibilitako tartea) ez dira nahikoa higidura jakin bat ondo deskribatzeko.

17.- Irudi hauek A eta B autoen hasierako eta amaierako posizioak adierazten dituzte, eta zenbat denbora behar izan duten ibilbidea egiteko. Adierazi zein den azkarrena kasu bakoitzean. Azaldu zergatik.

Higikari baten higidura ondo deskribatzeko, beste magnitude bat behar dugu: abiadura. Abiadura da higikari batek denbora-unitatean egiten duen distantzia (norabide eta noranzko batean).

Auto batean goazenean, abiadura-neurgailuak adierazten digu une bakoitzean zein den abiadura. Norabidea, errepideak adierazten du; eta, noranzkoaren arabera, abiadura positiboa zein negatiboa izan daiteke.

Sarritan, bektore baten bidez adierazten da abiadura, eta, horrela, bektoreak berak (geziak) adierazten dizkigu abiadura horren norabidea eta noranzkoa. Simulazioa: Educaplus

Batez besteko abiadura eta aldiuneko abiadura

ALDIUNEKO ABIADURA higikariak une jakin batean duen abiadura da.

BATEZ BESTEKO ABIADURA aldiuneko abiadura guztien batez bestekoa da, eta higikariak ibilitako distantzia osoaren eta horretarako erabili duen denboararen arteko zatiketa eginda kalkulatzen da:

v = s/t

18.-Aurten aztertuko ditugun higikarien ibilbideak zuzenak direla suposatuko dugu. Hala izanda, zer kasutan izango da negatiboa abiaduraren ikurra? Eta zeinetan positiboa? Jarri adibideak.

19.-Erantzun:

a) Nazioarteko Unitate Sisteman, zer unitate erabiltzen da distantzia adierazteko? Eta denbora adierazteko?


b) Beraz, zein izango da abiadurari dagokion unitatea Nazioarteko Sisteman? Eta zer unitatetan adierazten du zure gurasoen autoko abiadura-neurgailuak?

Nazioarteko Unitate Sisteman, m/s da abiadura-unitatea. Baina, eguneroko bizitzan, km/h izaten da erabiliena.

20.- Bila ezazu zer errekor gainditu zen 2008ko joko olinpikoetan 100 m-ko proban. Zer abiadura lortu zuen urrezko domina eskuratu zuenak?

21.- Taula honetan, adierazten da zer posizio dituen auto batek hainbat unetan:

x (m) 4 10 16 19 25

t (s) 0 2 4 5 7

a) Zehaztu ezazu zer posizio duen autoak hasierako unean.

b) Kalkula ezazu desplazamendua [0 s - 4 s], [4 s - 5 s] eta [2 s - 7 s] tarteetan.

c) Zehaztu batez besteko zer abiadura izan duen denbora-tarte osoan, eta zein lehenengo lau segundoetan.

22.- Osa ezazu ondorengo taula, unitate aldaketak egiteko bihurketa-faktoreak erabilita.

23.- Higikari batek 200 m egin ditu 10 segundoan (abiadura konstantez higitzen da):

a) Zenbatekoa izan da batez besteko abiadura?

b) Zenbat metro egin ditu 5 segundoan?

c) 500m egiteko, zenbat denbora beharko du?

24.- Auto bat 90 km/h-ko abiadura konstantez higitzen da.

a) Zein da abiadura m/s-tan?

b) Zer distantziatara egongo da 2 ordu barru? Eta 7.200 segundo barru?

c) Ordu erdi barru, zer distantziatara egongo da?

d) Zenbat denbora beharko du 25.000 m egiteko?

25.- Errepide zuzen batean zehar higitu den auto baten higidura aztertuta, datu hauek lortu dira:

v (m/s) 10 10 10 20 20 10 10

t (s) 0 1 2 3 4 5 6

a) Abiadura bera izan du behaketa-une guztietan?

b) Handituz joan da beti abiadura?

26.- Kontsulta ezazu helbide hau: http://www.autoescuelasasociadas.org/ppal/legisla/circulacion.htm

  • Esan zer abiadura-muga ezarrita dagoen ibilgailu bakoitzerako errepide mota bakoitzean: autobian, autopistan, hiriaren barnean… Datu horiek erabiliz, egin horma-irudi bat, eta adierazi bertan abiadura-muga bakoitza, bai km/h-tan, eta bai m/s-tan ere.

Simulazioa. Kontuz erradarrekin!

27.- Itsasoan, beste unitate berezi batean adierazten da ontzien abiadura. Bila ezazu informazioa, eta esan zer baliokidetasun duen m/s-ko unitatearekin. Zer unitate erabiltzen dira Astronomian?