01.Zer da energia?

“Energia gorputzen propietate bat da, zeinaren ondorioz aldaketak

eragiteko gaitasuna duten inguruko gorputzetan”.

Energiarekin hertsiki lotua dagoen kontzeptua lanarena da. Sistema batek beste batean lana egiten duenean energia transferitzen da.

Adibidez, zabu bat bultzatzerakoan lana egiten dugu eta gure gorputzaren energia kimikoa zabura transferitzen da eta energia zinetiko eta potentzial moduan agertzen da.

Lana, beraz, ez da beste energia mota bat baizik eta, gorputz batetik bestera transferitzen den energia. Energia mota asko dago baina guztien oinarrian energia zinetikoa eta energia potentziala dago (adibidez, energia kimikoa, energia elektrikoa, energia eolikoa, soinua,…).

Gorputz batek energia duela esango dugu beste gorputz batean lan bat egin dezakeenean; hau da, indar bat eraginez beste gorputz batean desplazamendu bat sor dezakeenean. Horrenbestez gorputz batek lan egin dezakeen egoera bakoitzari energia mota bat esleituko diogu.

Irudiak erakusten dituen energia forma desberdinak identifikatu eta azal itzazu.

Energia era desberdinetan ager daiteke.

  • Energia zinetikoa. Gorputzek mugitzen egoteagatik duten energia.

  • Energia potentzial grabitatorioa. Altuera jakin batera egoteagatik gorputzak duten energia.

  • Energia potentzial elastikoa. Gorputz elastikoak deformatzerakoan duten energia-

  • Energia termikoa.Tenperaturari esker gorputzek duten energia.

  • Energia kimikoa. Atomoen arteko lotura-indarrei zor zaion energia.

  • Energia elektrikoa. Korronte elektrikoaren energia.

  • Energia nuklearra. Nukleo atomikotik datorrena.

Funtsean energia mota guztiak bi eratakoak dira: energia zinetikoa eta energia potentziala. Energia potentzial grabitatorioa, energia potentzial elastikoa, energia elektrikoa denak dira energia potentzialak. Partikulen posizioei esker zor zaion energia.

Energia termikoa partikulen higidurari lotutako energia da. Beraz, energia zinetiko mota bat da.