02. Beroaren transmisioa

Beroa gorputz batetik beste batera igaro daiteke, edo gorputz berean, puntu batetik beste batera.

Hiru modutan egin daiteke: eroapenez, konbekzioz eta erradiazioz.

Eroapena

Beroak solidoetan zehar hedatzeko erabiltzen duen mekanismoa da.

Beroaren eraginpean dauden partikulen energia zinetikoa handitu egiten da, eta partikulak azkarrago mugitzen hasten dira. Mugimendua "aldameneko" partikuletara transferitzen da. Haien tenperatura ere igotzen da, eta aldi berean, aldamenekoei transmititzen diete.

Konbekzioa

Beroa fluidoetan (likidoetan eta gasetan) hedatzen duen mekanismoa da.

Likido edo gas bat berotzean, haren partikulek energia handiagoa lortzen dute, eta azkarrago mugitzen eta bereizten hasten dira.Hori-dela eta, substantziaren bolumena handitu egiten da, eta tenperaturarik altuena duten partikulek igotzeko joera dute.

Likido edo gas bat behealdetik berotzean, eremu horretako tenperaturak gora egiten du, eta beheko partikulak igotzen hasten dira. Partikula horiek utzitako espazioa goiko geruzetako partikulek hartzen dute; izan ere, tenperatura baxuagoa dute eta behera egiten dute. Bero iturriarekin kontaktuan jartzean, jaitsitako partikulen tenperaturak gora egiten du, eta igotzen hasten dira. Hau da, likidoaren edo gasaren partikulen zirkulazioa sortzen da, eta horrek konbekzio-korronteak eragiten ditu.

Konbekzio-korronteen bidez, zenbait fenomeno azal daitezke; esaterako, hodeien, haizeen eta itsas lasterren eraketa.

Erradiazioa

Beroa ingurune materialik gabe hedatzeko mekanismoa.

Hutsean ere heda daiteke. Fenomeno honen bidez iristen da Lurrera Eguzkiaren beroa.

Gorputz guztiek ematen eta xurgatzen dute beroa erradiazio gisa. Orokorrean, zenbat eta altuagoa izan gorputz baten tenperatura, orduan eta irradiatze-energia handiagoa igorriko du.

Gorputz guztiek ez dute erradiazioak xurgatzeko ahalmen bera.