5.3. Lotura kimikoak

Sistema periodikoko 18.taldeko elementuei gas geldo esaten zaie. Elementu horien atomoak ia inoiz ez dira elkartzen beste atomo batzuekin. Hori ez da gertatzen gainerako elementu kimikoekin, haien atomoak beste atomo batzuekin elkartuta agertzen baitira ia beti. Hori kontuan izanik, ondorio hau atera dezakegu: gas geldoen atomoak askoz egonkorragoak dira gainerako elementuen atomoak baino.

Elementu guztien konfigurazio elektronikoak aztertuz gero, berehala ikusiko dugu gas geldo guztien atomoek 8 elektroi dituztela balentzia geruzan (8 elektroi), helio atomoek izan ezik (2 elektroi)

Gainerako elementuen atomoek, beste atomo batzuekin elkartzean, gas geldoen konfigurazioa lortzeko joera dute; hau da, balentzia-geruzan 8 elektroi izatera iristekoa. Horretarako, konfigurazio egonkorragoa izateko, bi aukera izaten dituzte atomoek: elektroiak hartu eta ioi negatibo bihurtzea, edo elektroiak galdu eta ioi positibo bihurtzea. Irizpide hori jarraituz, bi elementu mota bereizten dira: ez-metalak eta metalak

Beraz, metalaka dira balentzia-geruzan elektroi gutxi dituzten elementuak, eta ez-metalak, elektroi asko dituztenak.

  • Metalek elektroiak galtzeko eta ioi positibo (edo katioi) bihurtzeko joera dute.
  • Ez-metalek elektroiak hartzeko eta ioi negatibo (edo anioi) bihurtzeko joera dute.

Sistema egonkorragoak izateko lotzen dira atomoak elkarren artean.

Atomoen arteko lotura kimiko esaten zaio erakarpen-indarrak direla medio atomoak elkartuta mantentzen dituen loturari. Indar elektrikoak dira, baina zenbait motatakoak daude, elkarren artean lotzen diren atomoak nolakoak diren.