01. Hidrostatikaren oinarrizko printzipioa

Ikusi dugu solido batek bera eusten duen gainazalaren gainean pisuarekin koinziditzen duen indarra eragiten duela. Gauza bera pasatzen da fluido (gas edo likido) baten kasuan.

Baina, hori al da fluido batek eragiten duen indar bakarra?

9.J: Galdera horri erantzuteko errepara diezaiogun arretaz honako argazki hauei.

Bertan alde bietatik irekitako hodi bat dugu eta hari batez lotua dagoen aluminiozko xafla bat bertan itsatsiko diogu.

Hodia ontzian sartuko dugu xafla hariaren bidez lotua dagoela. Xafla eusten duen haria askatu eta hura ez dela erortzen ikusiko dugu posizioa edozein dela ere. Horrek esan nahi du urak indar perpendikular bat egiten duela xaflan. Hodiaren barruan ura isuriko dugu eta barruko maila kanpokoarekin berdintzen denean, xafla erori egiten dela ohartuko gara.

Horrek esan nahi du urak xaflan eragiten duen indarra hodi barruan dagoen ur masaren pisuaren balio bera duela.


Hodiaren barruan dagoen uraren pisua hau da: P = m · g

m , masa honela adieraz dezakegu: m = d · V ⇒ P = d · V · g

V, bolumena, berriz, hau da: V = S · h ⇒ P = d · S · h · g


Bukatzeko, likido baten indarraren balioa honako dela baiezta dezakegu: F = d · g · h · S

Likidoek gordeta dauden ontzien hormen aurka eta beren baitan dauden gorputzen aurka indar perpendikularrak eragiten dituzte.

Likido batek eragiten duen indarra harekin ukipenean dagoen gorputzarekiko perpendikularra da eta norabide guztietan zuzendua dago.

Beraz, zilindroaren oinarrizko presioa:

Pausagunean dagoen likido batek bere barneko puntu baten gainean egiten duen presio hidrostatikoa likidoaren dentsitatearen eta sakoneraren araberakoa da. p = d · g · h


10 J: 4 m-ko altuera eta 1 m-ko erradioa dituen biltegi zilindriko bat olioz mukuru beteta dago. Kalkula ezazu hondoan eragiten duen indarra eta presioa.

dolioa = 900 kg / m3.

11 J: Gasolina gordetzen duen biltegi prismatiko baten oinarriaren aldeak 1,5 m eta 2 m dira, eta 2,5 m-ko altueraraino betea dago. Kalkula ezazu likidoak hondoan eragiten duen indarra. dgasolina = 680 kg / m3.

12 J: Kalkula ezazu ontzi bateko olio-zutabearen altuera, ontziaren hondoko presioaren balioa, merkuriozko 0,15 m-ko zutabeak sortuko lukeen berdina izan dadin.

Datuak: dolioa = 810 kg / m3 ; dHg = 13,6 g/mL.

13 J: 2 m-ko sakonera duen urtegi zilindrikoak 20.000 L ur ditu. Kalkulatu zein den presioaren balioa urtegiaren hondoan eta baita ere eragiten duen indarra.

Datuak:dura = 1 g/mL.