1.Metodo zientifikoa

Fleming eta penizilina

Penizilina antibiotikoa da, Alexander Fleming mediku eskoziarrak 1929an aurkitutakoa. Aurkitutako lehen antibiotikoa izan zen. Penicillium notatum izeneko onddoak sortzen du penizilina era naturalean.

Aurkikuntza noiz gertatu zen ez dago garbi, Flemingen ohar-koadernoan idatzirik ez dagoelako. Antza, Fleming oporretatik itzuli zenean, irailaren hiruan edo lauan gertatu zen. Bere mahaian kultibo-platertxo batzuk utziak zituen oporretara joan aurretik. Hauetako batzuk bota egin zituen eta beste batzuk gorde,bisitari bati erakusteko. Azken hauetako bati bigarren aldiz begiratu zionean,lizun-orban baten ondoan estafilokoko-koloniak suntsituta zeudela ohartu zen.

Bere ohar-koadernoan lizunari buruzko lehenengo saioak urriaren 30eko data du. Lizunaren kolonia bat hazi eta harekiko zenbait organismok zer jokabide zuen aztertzeari ekin zion. Hauetako batzuk lizunaren hondoraino hazten ziren, baina estafilokokoak lizunetik 2,5 cm-ra gelditzen ziren. Estafilokokoekin beste saio batzuk egin zituen eta hau idatzi zuen:lizun-kultiboak, estafilokoekiko bakterizida den substantzia bat dauka.

Flemingen penizilinarekiko interesa 1942.eko abuztuan berpiztu zen, lagun bat meningitisaz gaixotu zenean. Sulfonamidak eraginik gabekoak suertatu ziren eta laguna hilzorian zegoelarik, Flemingek penizilinaz saiatzea erabaki zuen. Floreyri dei egin zion, eta penilizina hari eskatzeaz aparte, nola erabili ere azal ziezaion eskatu zion. Hilzorian zegoen gaixoa azkar osatu zen.

Pasteur eta txertoak

1880an, Pasteur oiloen kolera izeneko gaixotasuna ikertzen ari zen. Gaitz honek oilotegietan egundoko galerak sortzen zituen. Ikerketan Pasteurrekin batera bere ikasleek parte hartzen zuten. Ikasleen eginbeharra zen oilo gaixoen ateratako bakterioak bakterio-plakatan bizirik mantentzea. Horretarako ikasleek hamabost egunetatik behin bakterioak zeuden bakterio-plaketatik plaka berrietara pasatu behar zituzten.

Egun batean, Pasteur-ek laborategi bazter batean denbora luze ahaztuta zeraman bakterio-plaka bat bilatu zuen. Roux-i, ikasleari, Pasteurrek agindu zion ahaztutako bakterio-plakaren bakterioekin (bakterio zaharrak eta ahulak) oilo talde bati txertatzea. Oilo hauek gaixotu egin ziren baina hurrengo egunean berreskuratu zuten gaixotu aurretik zeukaten itxura eta sendatu egin ziren.

Esperimentu hau bukatu eta ikerlarien taldeak oporrak hartu zituen. Oporraldiaren bukaeran jarraitu zioten ikerketari. Orain, oilo bi talde bakterio gazteekin (indartsuak) txertatu zituzten, alde batetik lehen gaixotu eta gero sendatu ziren oilo taldea, eta bestetik inoiz txertatutako oilo taldea. Harrigarria izan zen esperimentuaren emaitza, hau da, bigarren taldeko oilo guztiak hil ziren bitartean, lehenengo taldekoa (oporraldiaren aurretik gaixotu eta sendotu zirenak) bakterio gaiztoei erresistentzia erakutsi zuten eta ez ziren gaixotu.

Pasteurren teoria egiaztatu egin zen. Pasteurren ustez ahuldutako kolera bakterioek oiloetan gaixotasun ahula sortzen dute baina ez hilkorra. Oiloek gaixotasun ez-hilkorra nozitzen duten bitartean gaixotasunari erresistentzia berreskuratzen dute eta gerokoan kolera bakterio berri eta indartsuekin topo egiten dutenean ez dira gaixotzen

Bernard eta belarjaleen gernua

Claudio Bernard-ek (1813-1878), fisiologia modernoaren sortzaileak, bere lehenengoetako esperimentuaren berri eman zuenean zera idatzi zuen: “ Egun batean azokatik untxi batzuk laborategira ekarri zizkidaten. Nire mahai gainean utzi zituzten, non txiza egin zuten. Nik ikusi ahal izan nuen gernua argia eta azidoa. Behaketa honek harrituta utzi ninduen, zeren untxien gernua, belarjaleak izateagatik, arrea eta alkalinoa izan behar da. Hori ikustean untxiak haragijaleen egoeran zeudela pentsatu nuen, agian denbora luze jan gabe egoteagatik barauak benetako haragijaleak bihurtu egin zituen, hau da, haragijaleak bezala beraien odoletatik bizi zirenak.

Ideia hau baieztatzeko asmoarekin esperimentua egitea erabaki nuen. Untxiei belarra eman nien jateko, eta ordu gutxi barru, beraien gernua arrea eta alkalinoa zen. Gero, bi egun jan gabe eduki ondoren, beraien gernua berriz argia eta azidoa izan zen. Esperimentu sinple hau behin eta berriz errepikatu nuen eta beti gauza bera gertatzen zen, hau da, barauaren ondoren untxien gernua argia eta azidoa (haragijaleen eran) zen baina belarra jan ondoren arrea eta alkalinoa (belarjaleen tankerakoa) zen txiza.

Esperimentu hau zaldi batekin egin nuen. Zaldia belarjalea da eta bere gernua arrea eta oso alkalinoa da. Zaldiak, bi edo hiru egun barauan (jan gabe) egon ondoren gernu argia eta azidoa egiten zuen. Zaldi berak belarra jatean berriz gernu arrea eta alkalinoa hasi zen egiten.

Izan ere, untxiak haragia jan ondoren zer motatako gernua egiten zuen jakin nahi nuen eta beste esperimentu bat egiten saiatu nintzen. Untxi talde bati haragia eman nien jateko. Untxi hauen gernua argia eta azidoa zela ikusi ahal izan nuen, hau da, haragijaleen tankerako gernua.