5. Uraren kutsadura eta arazketa

Ura giza jarduera askotan erabiltzen da, bai eta nekazaritza- eta industria-jarduera ugaritan ere. Jarduera horietako bakoitza dela-eta, propietateak aldarazten dizkioten hainbat substantzia iristen dira uretara.

Batzuetan, osagai solidoak izaten ditu urak, meategiak ustiatzearen eta baserriak garbitzearen ondorioz gertatzen da hori, besteak beste. Beste batzuetan, zenbait substantzia botatzen zaizkio, eta substantzia horiek disolbatutakoan, uraren azidotasuna aldatzen dute; horrela jokatzen dute, esaterako, garbigarriek eta, are okerrago, beste substantzia arrotz batzuek, urak bizia iraunarazteko duen gaitasuna aldatzen baitute: intsektizidek, ongarriek, olioek eta beste zenbait produktu industrialek. Azkenik, ohikoa baino tenperatura altuagoko urak ere isurtzen dira (hozte-sistemako ura), eta horren eraginez, uretan disolbatuta dagoen oxigeno kantitatea txikitu egiten da.

Isurketa horiek guztiek eragiten dituzten arazoak eragozteko, erabilera horien ondorengo urak ez dira isurzten zuzenean ibaietara, aintziretara edo itsasora; araztu egiten dira, zer-nolako kutsadura duten kontuan hartuz.

Ura arazteko, prozedura honi jarraitzen diote:

1. Hasieran, ura andel handi-handitan jartzen da, uraren tenperatura giro-tenperaturarekin pareka dadin.

2. Urak dituen solidoak hondora joaten dira, eta olioak, azalera. Horrela,erraz bereiz daitezke.

3. Zenbait substantzia botatzen zaizkio: batzuk, azidotasuna zuzentzeko; eta beste batzuk, disolbatuta dauden substantzia arrotzak (malutatzaileak) harrapatzeko, solido bihurtu eta hondoan jalki daitezen.

4. Ura edateko erabili nahi bada, prozesuaren amaieran edateko ur bihurtu behar da. Beraz, urak dituen mikroorganismo guztiak hil behar dira, eta horretarako, kloroa botatzen diote.