4. Atomoak,isotopoak eta ioiak

Atomoa nukleo batez eta azal batez osaturiko egitura da.

Nukleoan protoiak eta neutroiak daude. Azalean berriz elektroiak.

Atomoak adierazteko, ikur bat eta bi zenbaki erabiltzen dira:

  • X : Ikurra elementuaren latinezko izenaren lehen letra da. Ikurraren letraren atzean beste letra bat idazten da beste elementuren batek hasierako letra berbera badu.

  • Z : Zenbaki atomikoak protoi kopurua adierazten du.

  • A : Masa-zenbakiak protoi eta neutroi kopurua adierazten du.

ATOMOAREN EGITURA

BUILD AN ATOM

Atomo neutroetan protoi kopurua eta elektroi kopurua berbera da.

ISOTOPOAK

Elementu kimiko baten atomo guztiek protoi kopuru berbera dute, baina neutroi kopuru desberdina izan dezakete.

Isotopoak esaten zaie protoi kopuru berbera eta neutroi kopuru desberdina duten atomoei.

Hortaz, Z zenbakia berbera dute, eta A zenbakia desberdina.

Isotopoak elementu kimiko berberaren atomoak dira, protoi kopurua zehazten baititu atomoen ezaugarri kimikoak.

IOIAK

Sarritan gertatzen da, konposatu bat osatzeko, zenbait elementu kimikoren atomoak konbinatzen direnean elektroiak jasotzea edo galtzea. Hori gertatzen denean, atomoek neutro izateari uzten diote eta karga hartzen dute: atomoak ioi bihurtzen dira.

  • Atomo batek elektroiak galtzen dituenean, karga positiboa hartzen du eta ioi positibo edo katioi bihurtzen da.

protoi kopurua > elektroi kopurua

  • Atomo batek elektroiak hartzen dituenean, karga negatiboa hartzen du eta ioi negatibo edo anioi bihurtzen da.

protoi kopurua < elektroi kopurua