Teoria zinetikoak azaltzen ditu legeak

2.1. Boyle-Mariotteren legea

Boyle-Mariotteren legean, tenperaturak jarraitzen du. Teoria zinetikoaren arabera, gasak prozesu osoan tenperatura berean jarraitzen badu, horrek esan nahi du haren partikulak abiadura berean higitzen direla.

  • Bolumena txikitzean, partikulak lehenago iritsiko dira hormetara, eta haien aurkako talka kopurua handitu egingo da.Horrek presioa handitzea eragingo du.
  • Aitzitik, bolumena handitzen badugu, partikulek, abiadura berean higitzen direnez, denbora gehiago beharko dute ontziko hormekin talka egiteko, eta gasak eragindako presioa txikiagoa izango da.

2.2. Gay-Lussacen legea

Teoria zinetikoaren arabera, gas baten tenperatura igotzea partikulak arinago higitzen diren seinale da; hau da, haien higidura-abiadura handitu egiten da.

  • Gasa berotzean, tenperatura igo eta partikulen abiadura handitu egingo da; beraz, gasaren partikulak lehenago iritsiko dira ontziko hormetara. Bolumenak bere horretan jarraitu eta hormen kontrako talka kopurua handitzen denez, presioa handitu egingo da.
  • Ontzia hoztuz gero, gasaren partikulak motelago higituko dira, ontziko hormetara iristeko denbora luzeago beharko dute eta presioa txikituko da.

2.3. Charlesen legea

Teoria zinetikoaren arabera, gas baten partikulen higidura-abiadura handitzen bada, gasaren tenperatura igo egiten da.

  • Partikulen higidura-abiadura handitzen bada, tenperaturak gora egingo du, eta gasaren partikulak lehenago iritsiko dira ontziko hormetaraino. Ez badugu gasaren presioa handitzea nahi, ontziaren bolumenak handiagoa izan behar du.
  • Tenperatura jaisten denean, ontziaren bolumena txikitu behar da,presio konstanteari eustearren.Partikulak motelago higitzen dira, eta beraz, bolumena txikitzean, segundoko talka kopuruak konstante jarraizten du.