2.3. Magnitude elektrikoak

KORRONTE-INTENTSITATEA

Korronte elektrikoaren intentsitatea (I) deritzo denbora-unitate batean eroalearen sekzio batetik igarotzen den karga elektrikoari.

NSn intentsitatea amperetan (A) neurtzen da. Eroale batetik segundoko 1C-eko karga pasatzen bada, 1A-eko intentsitateak zirkulatuko du.

Korronte intentsitatea amperemetro izeneko tresnaz neurtzen da. Zirkuituko elementu batetik (bonbilla batetik, esaterako) zer intentsitate pasatzen den neurtzeko, elementu horrekin seriean jarri behar da amperemetroa, zirkuituko bi elementuetatik korronte berbera pasa dadin.

POTENTZIAL-DIFERENTZIA

Zirkuitu bateko bi punturen (A eta B) arteko potentzial-diferentzia edo tentsioa esaten zaio karga unitateak puntu batetik bestera (A-tik B-ra) pasatzean jasotzen edo galtzen duen energiari.

NSn potentzial-diferentzia edo tentsioa volt-etan (V) neurtzen da. Tentsio voltmetro izeneko tresnaz neurtzen da. Zirkuitu bateko elementu baten potentzial-diferentzia neurtzeko (bonbilla batena, esaterako), voltmetroa elementu horrekiko paraleloan jarri behar da.

ERRESISTENTZIA

Eroale baten erresistentzia (R) eroaleak korronteari eragiten dion trabari deritzo.