3. Materiaren egoerak eta teoria zinetikoa

Ikusi dugu, solido, likido eta gas egoeran dauden materiek ez dituztela propietate berdinak. Materiak egoera desberdinetan dituen ezaugarriak azaltzeko zientzilariek teoria zinetikoa asmatu zuten.


· Materia oso partikula txikiz osatuta dago. Materiaren egoeraren arabera, partikulak elkarri estuki edo ez hain estuki lotuta daude.


· Partikulak mugitu egiten dira. Zenbat eta bizkorrago mugitu partikula horiek, orduan eta handiagoa izaten da materiaren tenperatura. Hori beti da horrela, baita objetuak geldirik daudenean ere.


2.1 Teoria zinetikoa eta solidoak


Barne egitura: Solidoak elkarri estu lotuta daude, eta egitura zurrun bat osatzen dute. Bibrazio-mugimendu txiki bat besterik ez dute. Mugimendu hori handitu egiten da gorputza berotzen denean, eta txikitu, hozten denean.

Propietateak:

· Forma eta bolumen konstanteak dituzte. Partikulen arteko indarren eraginez, partikulek ez dute beren posizioa aldatzen. Horregaitik, leku batetik bestera eraman arren, forma eta bolumen bera dute beti.

· Ez dira hedatzen eta konprimatzen. Partikulen arteko indarren ondorioz, partikulak ez dira banantzen (horregaitik ez dira hedatzen). Horrez gain, partikulen arteko espazioa txikia denez, oso zaila da elkarrengana gehiago hurbiltzea (ez dira konprimatzen).

· Solidoen dentsitatea likidoena eta gasena baino handiagoa izan ohi da, haien partikulak elkarrengandik hurbilago egoten baitira.

· Tenperaturak gora egitean, solidoak dilatatu egiten dira. Bibrazio mugimendua handitzean, partikulen arteko distantzia handitu egiten da, baita solidoaren neurria ere. Tenperaturak behera egiten duenean, alderantzizkoa gertatzen da: gorputzak uzkurtu egiten dira.

2.2 Teoria zinetikoa eta likidoak


Barne egitura: Likidoetan, partikulek multzo txikiak osatzen dituzte, eta multzo horiek bata bestearen gainean irrista daitezke. Partikulen bibrazioa solidoena baino handiagoa da. Mugimendu hori handitu egiten da gorputza berotzen denean, eta txikitu, hozten denean.

Propietateak:

· Forma aldakorra. Partikulen multzo txikiak bata bestearen gainean irrista daitezke, ontzien formara egokitzeko.

· Bolumen konstantea. Partikulak ez daude aske. Likidoak formaz alda daitezkeen arren, partikulen arteko loturek bolumenari eusten diote.

· Ez dira hedatzen eta oso gutxi konprimatzen dira. Partikulen arteko indarren ondorioz, partikulak ez dira banantzen (horregaitik ez dira hedatzen). Egitura zurruna ez dutenez, presio handia eginez gero, partikulak apur bat hurbil daitezke (ia ez dira konprimatzen).

· Likidoen partikulak solidoenak baino bereiziago daudenez, likidoek solidoek baino dentsitate txikiagoa izaten dute.

· Tenperaturak gora egitean, likidoak dilatatu egiten dira. Bibrazio mugimendua handitzean, partikulen arteko distantzia handitu egiten da, eta likidoa dilatatu egiten da. Tenperaturak behera egiten duenean, alderantzizkoa gertatzen da: uzkurtu egiten da.

2.3 Teoria zinetikoa eta gasak

Barne egitura: Gas egoeran, partikulen arteko indarrak hain dira ahulak, hauek askatasun osoz mugitzen direla.

Propietateak:

· Forma eta bolumen aldakorrak. Partikulen arteko indarrak oso ahulak direnez, ontzi guztian zehar mugitzen dira. Ontziaren forma eta bolumena aldatuz gero, gasaren forma eta bolumena ere aldatu egiten dira.

· Hedatu eta uzkurtu egiten dira. Ontziaren bolumena handituz gero, gasek espazio handiagoa dute mugitzeko; horregaitik hedatzen dira. Ontziaren bolumena txikituz gero, partikulak gehiago hurbiltzen dira elkarrengana, eta konprimatu egiten dira.

· Gasen dentsitatea oso txikia izaten da, gasen partikulak solidoenak edo likidoenak baino bereiziago egoten baitira.

Teoria zinetikoa