4. Airearen kutsadura eta arazketa

Airea gas-nahastea da, eta nitrogenoz (%78) eta oxigenoz (%21) osatuta dago funtsean: gainerako %1a beste gas batzuek osatzen dute: karbono dioxidoak, ur-lurrunak, argonak, helioak...

Zenbait jardueraren ondorioz, airearen konposizioa aldatu egiten da. Batzuk naturaren berezko bilakaerari dagozkio; esaterako, sumendi-isurketei. Baina beste batzuk giza jardueraren ondorio dira. Errekuntzek, adibidez, bai ibilgailu motordunek egiten dituztenek (autoek, itsasontziek, hegazkinek...), bai berokuntzan nahiz industria askotan egiten direnek, gas kaltegarriak isurtzen dituzte atmosferara eta hainbat ondorio larri eragiten dituzte, ikusi berri dugunez.

Arazo horiek guztiak arintzeko, iragazkiak jartzen dira. Iragazkien bidez, gas kaltegarriak harrapatzen dira, eta gero, beste substantzia batzuekin erreakziona dezaten eragiten da, atmosferara irits ez daitezen. Erregaiak erre eta sufre dioxidoa nahiz karbono dioxidoa askatzen duten industrietan, gasen irteeran jartzen dituzte iragazkiak; gasak substantzia ez-lurrunkor bihurtzen dira (sulfato edo karbonato, esaterako), eta jada ezin dute atmosfera kutsatu.