2. Erreakzio kimikoak eta talken teoria

TALKEN TEORIA

Erreakzio kimiko guztietan, substantzia batzuk eraldatu eta beste batzuk sortzen dira.Erreakzioa izan duten substantziei erreaktiboak deritze eta lortutakoei, produktuak.

Talka teoriaren arabera, erreaktiboen molekulak elkarren aurka talka egin eta haiek hausten direnean gertatzen dira erreakzio kimikoak. Talka horretan askatutako atomoak beste modu batera antolatzen dira, eta horren ondorioz, beste molekula batzuk eratzen dira.

Talka guztiek ez dituzte molekulak hausten. Molekulek orientazio egokia eta nahiko abiadura baldin badute soilik izango da eraginkorra talka; orduan soilik hautsiko dira erreaktiboak, eta eratuko produktuak.

Partikulen abiadura garrantzi handikoa da, erreakziorik gertatu den ala ez jakiteko. Abiadura handia bada, izan ere, energia zinetikoa ere handia izango da, eta beraz, partikulen arteko talkak eraginkorragoak izango dira.


Oro har, erreakzioen abiadura bi modutara bizkor daiteke:

  • Tenperatura igoaraziz. Tenperatura zenbat eta altuagoa izan, orduan eta bizkorrago higitzen dira partikulak.

  • Partikulen zatiketa areagotuz. Hots, erreaktiboak solidoak direnean, bizkorrago erreakzionatuko dute mehe-mehe zatituta badaude, bestela baino, horrela zatituta ukitze-eremua handiagoa baita. Era berean, solidoek bizkorrago erreakzionatuko dute disolbatuta badaude, osagai dituzten partikulak jada bereizita baitaude. Gasetan, presio zenbat eta handiagoa, orduan eta bizkorragoa izango da erreakzio-abiadura; izan ere, partikulak elkarrengandik hurbilago egongo direnez, elkarren aurkako talka gehiago gertatuko dira.

ERREAKZIO KIMIKOAK- ADIBIDEAK

Erreakzio kimikoren bat gertatzen denean, askotan oso aldaketa nabarmen bat izaten da

  • Magnesio-zintak (Mg) su hartzen duenean, aireko oxigenoarekin (O2) erreakzionatzen du eta hauts itxurako substantzia sortzen da (MgO) eta argi-energia izugarria askatzen da.

  • Azukrea (C6H12O6) duen disoluzio bat eta azido sulfurikoa (H2SO4) duen beste bat nahasiz gero, tenperaturak gora egiten du beraz beroa askatzen da.

  • Zenbait metali (Zn) azido sendo bat (HCl) botaz gero , H2 hidrogeno gasa askatzen da.

  • Amoniakoa (NH3) duen ontzi bat azido klorhidrikoa (HCl) duen beste ontzi batera hurbilduz gero bien baporeak elkartzean amonio kloruroa (NH4Cl) sortzen da eta ke zuria (NH4Cl) askatzen da.

  • Berun (II) nitratoa Pb(NO3)2 disoluzio gardenera potasio ioduroa (KI) botaz gero solido hori bat (PbI2) sortzen da

  • Marmolari (CaCO3) azido klorhidrikoa (HCl) botaz gero burbuilak sortzen dira eta solidoa disolbatzen da