Gradiente geotermikoa: Tenperaturak Lurraren gainazaletik barrualdera duen hazkundea da.
Gainazaletik hurbil, gradientea 30oC ingurukoa da,sakonerako kilometro bakoitzeko.
Hamarnaka kilometroko sakoneratik aurrera,gradiente geotermikoa txikituz joaten da, eta tenperaturak polikiago egiten du gora.
Lurraren barrualderantz sakondu ahala, harrien tenperaturaz gain, presioa ere handitzen da.
Lurraren barruko tenperatura altuak bi faktoreren ondorio dira:
· Meteoritoen talkak.
Lurra duela 4.600 milioi urte sortu zen, hainbat meteoritok elkarrekin talka egin ondoren.Ondoren, 500 milioi urte baino gehiagoan,itzelezko meteoritoek Lurra jo zuten, eta haietako bakoitzak energia kopuru handia sorrarazi zuen.
Meteoritoen talken ondorioz, Lurra tamainaz handitu zen, eta tenperaturak gora egin zuen,planeta gehiena urtu arte. Orduan, material metalikoak barrualderantz hondoratu ziren eta nukleo bat eratu zuten,burdinaz osatuta ia osorik.Burdina hondoratzeak ere bero handia eragin zuen, marruskaduraren ondorioz.
· Erradiazioa.
Lurrazala osatzen duten harriek mineral erradioaktiboak dituzte, besteak beste, uranioa,plutonioa eta torioa. Mineral horiek, desintegratzen direnean, energia igortzen dute erradiazio gisa. Erradiazio gisa igorritako energia atomiko hori beste bero-iturri bat da eta harriak berotzen ditu.