GENEROA
«MUTILA, NESKA IZATEKO MODU DESBERDINAK»
HELBURUA:
Haurrek ulertzea emakume edo gizon gisa adierazteko hainbat modu daudela, eta batzuetan gustu, zaletasun, ezaugarri berberak eduki ditzaketela, eta beste batzuetan desberdinak izan daitezkeela, beren nortasuna galdu gabe.
Hasiera (Gutxi gorabehera 20´)
Saioa abiarazteko, robot baten irudia duen papertzar bat jarriko dugu arbelean
Jarraian, haurrei eskatuko diegu pentsa dezatela robot hori guk eraiki dugula eta orain izen bat aukeratuko dugula robotarentzat. Robotaren irudiaren ordez, animalia baten edo inguruneko pertsonaia mitologiko baten irudia jar dezakegu, helburu berarekin.
Jarraian, esango diegu robota piztean galdera batzuk egingo dizkigula gu ezagutzeko.
Robotak galdera hauek egingo dizkie haurrei:
Nolakoa da neska bat?, zer ezaugarri ditu?
Nolakoa da mutil bat?, zer ezaugarri ditu?
Nola jokatzen dute batzuek eta besteek?
Zer emozio eta sentimendu adierazten dituzte?
Ondoren, haurrei eskatuko diegu robotaren galderei erantzun diezaietela. Horretarako, arbelean lauki bat egingo dugu, ondorengoa bezalakoa, erantzunak hor idazteko.
Aldez aurretik familian edo aurreko kurtsoetan ikastetxean generoarekin lotutako gaiak aztertu ez badira atera ohi diren estereotipoak; gehienetan imajinario sozial hau ateratzen da:
NESKAK:
Politak dira
“Nesken jantziak” erabiltzen dituzte
Ile luzea daramate
Sentiberak dira
Panpinekin jolasten dute
Samurrak dira
Lotsatiak dira
MUTILAK:
Indartsuak dira
“Mutilen jantziak” daramatzate
Ozen egiten dute berba
Futbolean eta borroketan jolasten dute
Ez dute negar egiten
Ondo jasatzen dute mina
Ez dira beldur izaten
Laukian idatziko ditugu haurrek aipatzen dituzten ezaugarriak. Taula erantzunekin osatzen dugunean, honen inguruko galderak egingo ditugu eta honen inguruan hitz egingo dugu: Gogoeta
Neska guztiak horrelakoak dira?, ezaugarri horiek izango dituzte?
Mutil guztiak horrelakoak dira?, ezaugarri horiek izango dituzte?
Zuk ezaugarri horiek guztiak dituzu?
Garapena (Gutxi gorabehera 55’)
Ondoren, «Asmatu nor naizen» lan-fitxa emango diegu haurrei. Fitxa horretan, haurrek idatzitako lau testu osatu gabe daude.
Haurrei eskatuko diegu testu bakoitza arretaz irakur dezatela eta egilea nor izan daitekeen esan dezatela. Horretarako, fitxako testuen azpian dagoen angeluzuzenean dauden izenetako bat idatziko dute bete gabe dagoen lauki bakoitzean.
Idazten bukatzen dutenean, lehen istorioa irakurriko dugu eta ikasleei eskatuko diegu beren erantzunak parteka ditzatela, baita zergatik pentsatu zuten neska bat edo mutil bat zela ere. Istorio gehiagorekin jarraituko dugu eta egindako aukeraketaren arrazoiak aztertuko ditugu.
Ondoren, ariketaren erantzunak biltzen dituen post it edo paper bat itsatsiko dugu eta erantzunak banan-banan esango ditugu, haurrek beren erantzunekin alderatzeko eta asmatu ote duten jakiteko (ikus jardueraren azken baliabidea).
Hori egin ostean, ikasleei eskatuko diegu bost kidez osatutako taldeak era ditzatela galdera hauek erantzuteko:
Soilik gizonak aritu daitezke futbolean?, soilik emakumeak izan daitezke dantzari onak?, soilik emakumeek egin ditzakete etxeko lanak?, zergatik?
Zer gertatzen da mutilek edo neskek besteek haiek izatea espero duten ezaugarriak ez dituztenean?, zer iritzi duzue besteengandik jasotzen duzuen tratuari buruz?, nola sentituko zinatekete haien lekuan egongo bazinete eta tratu desberdina jasoko bazenute?
Talde bakoitzaren ordezkariak taldearen erantzunak azalduko ditu ikasgelan. Neskek eta mutilek jarduera berak egin ditzaketela adierazten duten ideiak nabarmendu behar ditugu. Gainera, adieraziko dugu besteek espero duten bezala ez jokatzea ez dela gaizki sentitzeko edo lotsatzeko arrazoia, eta are gutxiago gainerakoak gaizki sentiarazteko arrazoia.
Amaiera (Gutxi gorabehera 15´)
Saioan landutakoa indartzeko, ikasleei eskatuko diegu arretaz entzun dezatela esaldi bakoitza eta jarraibideak bete ditzatela.
Altxa eskua dantza egitea gustatzen bazaizu.
Egin txistu abestera jolastea gustatzen bazaizu.
Egin txalo nonbaiteko mina duzunean negar egiteko gogoa izaten baduzu.
Egin jauzi ausarta bazara.
Besarkatu zure ikaskidea (neska) berarekin jolastea gustatzen bazaizu.
Esan «gora!» futbola gustatzen bazaizu.
Egin bi txalo kozinatzea gustuko baduzu.
Besarkatu zure ikaskidea (mutila) berarekin jolastea gustatzen bazaizu.
Bukatzeko, galdera hauek egingo ditugu:
Zer ikasi dugu gaur?
Zer egin dugu saioan?
Zer jarduera gustatu zaigu gehien?
Ikasitakoa nola aplika dezaket nire eguneroko bizitzan?
«Asmatu nor naizen» fitxa
*Lan-fitxen erreferentziak honetan oinarrituta daude: Lehen Hezkuntzako irakasleentzako Sexu Heziketa Integralaren Gida. Fitxen zenbaketa gida horri dagokio.
Guía: https://www.slideshare.net/IselaGuerreroPacheco/guia-educacionsexualintegralnivelprimaria
AFEKTUA.
“NIRE KONFIANTZAZKO ZIRKULUA”
HELBURUA:
Haurrek beharra izanez gero haiengana jo ahal izateko konfiantzazko pertsonak identifikatzea.
Hasiera (Gutxi gorabehera 20´)
Saioa abiarazteko, haurrak «konfiantza» noziora hurbiltzeko dinamika bat egingo dugu; horretarako, Tormesko itsumutila liburua proposatuko dugu. Eskatuko diegu bikoteka jartzeko eta gelan barrena ibiltzeko besotik helduta. Ondoren, bikote bakoitzari oihalezko benda bat emango diogu eta bikoteko kide batek jarriko du begietan itsuaren papera egiteko, besteak «itsua» gidatu beharko du, itsuak besotik helduko dio bere bikotekideari eta azken horrek ikasgelan barrena gidatu beharko du, eror ez dadin eta estropezu egin ez dezan saiatuz. Gero, rolak aldatzeko esango diegu, guztiek bizitzeko zer sentitzen den beste norbaitek gidatzen dituenean beraiek ezer ikusi gabe.
Dinamika bukatu ondoren, galdera batzuk egingo ditugu.
Ariketa interesgarria iruditu zaizue?
Nola sentitu zarete begiak estalita zenituztenean?, zergatik?
Egun oso bat igaro beharko bazenute begietan benda bat duzuela, zuen inguruko pertsona guztien artetik (familia, lagunak eta abar), nor aukeratuko zenukete zuen gidaria izateko?, zergatik?
Zer esan nahi du zuentzat beste pertsona batengan konfiantza izatea?
Norengan duzue konfiantza?, zergatik?
Haurrek emandako erantzunak arbelean idatziko ditugu eta, bukatzeko, haurrek adierazi dutena biltzen duen definizio sinple bat egingo dugu eta ideia honekin osatuko dugu: «Konfiantza gertatzen zaiguna gure inguruko pertsonekin, maite gaituztela eta errespetatzen gaituztela sentitzen dugunekin eta seguru sentiarazten gaituztenekin partekatzea da».
Garapena (Gutxi gorabehera 60’)
Konfiantzazko pertsonak identifikatzeko eta horiei buruz hitz egiteko, «Nire konfiantzazko pertsonak» 5. lan-fitxa, (98. or.)* egin dezatela eskatuko diegu haurrei.
Ariketa bukatzen dutenean, esango diegu lana beren ikaskideekin parteka dezatela, eta adieraz dezatela zergatik aukeratu dituzten «beren konfiantzazko» pertsona gisa.
Ondoren, guztiok elkarrekin, galdera hauek egingo ditugu:
Zuen ustez, zer ezaugarri identifikatzen dituzue zuen konfiantzazko pertsonetan?
Nola jokatzen dute zuekin?
Ideia hauetako batzuk nabarmendu daitezke ikasleek aipatzen ez badituzte:
Nire konfiantzazko pertsonek babestuta eta seguru sentiarazten naute.
Nire konfiantzazko pertsonak niri laguntzeko eta entzuteko prest daude beti.
Nire konfiantzazko pertsonei axola zaie nik zer egiten dudan eta zerk kezkatzen nauen.
Esango dugu, oro har, guztiok ditugula konfiantza diegun eta seguru eta babestuta sentiarazten gaituzten eta behar ditugunean haiengana jo ahal izateko pertsonak. Horiek dira gure konfiantzazko pertsonak. Batzuentzat aita, ama, aitona, amona, beste ahaideren bat, andereñoa edo maisua, ikaskideren bat edo lagun bat izan daiteke. Garrantzitsuena da jakitea egoera zailetan haiengana jo ahal izango dugula.
Jarraian, «Zer ona den konfiantzazko norbait edukitzea!» izeneko 5. baliabidearen laguntzarekin (99. or.)*, egoera batzuk deskribatuko ditugu haurrek egoera horretan norengana joko luketen adierazteko beren lan-orrian. Haur bati eskatuko diogu nahi badu esan dezala nor aukeratu duen eta zergatik.
Ondoren, gogoeta egingo dugu galdera honetatik abiatuta:
Zergatik uste duzue garrantzitsua dela gertatzen zaigunaren berri ematea gure konfiantzazko pertsona bati?
Erantzunak jasoko ditugu eta adieraziko dugu gure konfiantzazko pertsonengana jo behar dugula ezinegona dugunean, triste gaudenean, arriskuan gaudenean edo gertatzen zaigun zerbait kontatzeko premia dugunean, lagundu gaitzaten.
Amaiera (Gutxi gorabehera 15´)
Haurrei eskatuko diegu ondoan duten ikaskideari konta diezaiotela konfiantzazko pertsona batengana jo ondoren ondo sentitu ziren egoeraren bat.
Bukatzeko, galdera hauek egingo ditugu:
Zer ikasi duzue konfiantzazko pertsonei buruz?, nolakoak dira?
Zer egoeratan jotzen duzue konfiantzazko pertsonengana?
Erraza izan da zuen konfiantzazko pertsonak identifikatzea?
Saio honetatik zer da gehien gustatu zaizuena?, Zuen ustez, izan da zerbait zaila?
*Lan-fitxen erreferentziak honetan oinarrituta daude: Lehen Hezkuntzako irakasleentzako Sexu Heziketa Integralaren Gida. Fitxen zenbaketa gida horri dagokio.
Guía: https://www.slideshare.net/IselaGuerreroPacheco/guia-educacionsexualintegralnivelprimaria