Jarduera Fisikoa
LH 2. Maila
JOLASA ETA JARDUERA FISIKOA
Jolasa haurrek egiten duten jarduera natural bat da. Jolasa nahitaezkoa da umeen gorputzaren, adimenaren, harreman sozialen eta emozioen garapen egokia lortzeko.
Kirola egiten hasi aurretik, umeek bide bat jarraitu behar dute, jolas sinplearekin hasi, gero kirol aurreko jolasekin jarraitu , azkenik kirolera iristeko.
Jolas sinplea mugimenduzko jarduera gisa definitu daiteke, ludikoa, iraupen laburrekoa eta jolasteko baldintza errazak dituena (arau gutxirekin eta argibide gutxirekin), eta, hartan aritzeko umeak ez du gorputz-gaitasun berezirik izan behar, ezta teknika konplexurik eskuratu behar.
Kirola mugimenduzko jarduera gisa definitu daiteke, ludikoa, iraupen luzekoa, arau asko dituena (batzuetan ulertzeko zailak), eta, hartan aritzeko, normalean gaitasun fisiko garrantzitsuak behar dira eta teknika espezifiko batzuk menperatu behar dira.
Kirol aurreko jolasak, aukera bien arteko zubi bat dira. Iraupen ertaineko jarduerak dira, arau errazak dituztenak baina jolas sinpleetan baino konplexuagoak; haietan aritzeko beharrezkoa da gutxieneko ezaugarri fisiko batzuk izatea eta oinarrizko teknika batzuk menperatzea. Kirol aurreko jolasen barruan, bi mota bereizten dira: izaera generikoa dutenak eta izaera espezifikoa dutenak.
Kirol aurreko jolas generikoak: hainbat kiroletan ohikoak diren eta gehienetan erabili ahal izango diren trebetasunak eta joko estrategiak lantzen dira.
Kirol aurreko jolas espezifikoak edo jolas aldatuak: kirol jakin baterako behar diren trebetasunak eta estrategiak lantzen dira.
Ikasleen adina kontutan izanik, jolas hauek landuko ditugu:
Lehen Hezkuntzako Lehen Zikloa (LH. 1- LH. 2): jolas sinpleak eta kirol aurreko jolas generikoak: jolastokiko jolasak.
Lehen hezkuntzako Bigarren zikloa (LH 3.): Kirol aurreko jolas espezifikoak edo jolas aldatuak, lokotx biltzea, zaku eramatea, txinga eroatea, ingude jasotzea, sokatira eta arrastatze probak.
HELBURU NAGUSIA
Lehen hezkuntzako ikasleen artean jarduera fisiko ohikoa sustatu.
HELBURU ZEHATZAK
Jolas aktiboa bertan behera uztea saihestu.
Aisialdiko sedentarismoa gutxitu.
Ikaskuntzak eskuratu eta oinarrizko trebetasun eta gaitasun fisikoak garatu.
Ikasleen gaitasun psikikoak garatzen lagundu; beraien mugak eta gaitasunak ezagutzen lagundu.
Besteekiko harremanak sustatu.
Arauak eta balioak barneratzen lagundu.
Jolasa lasaitzeko, tentsioa askatzeko, agresibitatea bideratzeko eta galdutako oreka berreskuratzeko baliabide bezala antzeman.
GAITASUNEKIN LOTURAK
ZEHARKAKO GAITASUNAK
Izaten ikasteko gaitasuna.
Elkarrekin bizitzeko gaitasuna.
DIZIPLINA GAITASUNAK
Gaitasun motorra.
Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna.
EDUKIAK ETA EPEAK
Programa hau Lehen Hezkuntzako Lehen Zikloko ikasleei zuzenduta dago. Hezkuntza ziklokoaren bi mailetan garatua izan daiteke. Programa lau jarduerak osatzen dute, jarduera bakoitza lau fasetan banatzen da:
Saioaren 1. fasea edo Informazio-fasea (10 minutu): landu beharreko jarduerei buruzko sarrera laburra.
Saioaren 2. fasea edo Animazio-fasea (10 minutu): guztiek parte hartzeko jolasak, errazak, elkar harrapatzen ibiltzekoak.
Saioaren 3. fasea edo Aisialdi-fasea (30 minutu): trebetasunak (oinarrizkoak eta generikoak) ikasten hasteko jolasak.
Saioaren 4. fasea edo Hausnarketa-fasea (10 minutu): egindako jarduerari buruzko ondorioak atera (nola sentitu diren, gogokoa izan badute eta abar).
JARDUERAK
1. JARDUERA
1. Fasea: Sarrera labur batekin hasiko da jarduera fisikoa egitea zer den eta noiz egiten dugun azaltzeko (ohea egin, ibili, paseatu, modu aktiboan jolastu, eskailerak igo, kirola egin, mendira joan...). Bestalde, eguneroko zein egoeratan mugitzen ez garen aztertuko da.
2. Fasea: Kola jolasa: Elkarlaneko jazarpen jolasa. Ume bat besteak harrapatzen hasten da, eta norbait harrapatzerakoan, elkarri eskua eman eta beste bat harrapatu behar dute, eta hirurak eskutik helduta laugarren ume bat harrapatzera doaz, eta orduan banandu egingo dira, binaka. Eta, horrela, guztiak harrapatu arte.
3. fasea: Isatsa harrapatzeko jolasa: parte hartzaile guztiek zapi bat gerritik zintzilik ipiniko dute. Seinalea eman bezain laster, bakoitza bere kideen zapiak lapurtzen saiatuko da, baina aldi berean ihes eginez besteek bere zapia harrapa ez dezaten. Zapi gehien lortzen duenak irabaziko du. Taldeka ere jolas daiteke, talde bakoitzak kolore jakin bateko zapia eramanez.
4. fasea: Baloratu jarduera fisikorik egin badute, arauak bete badituzte, ondo pasatu badute eta abar.
2. JARDUERA
1. Fasea: Sarrera labur batekin hasiko da jarduera fisikoa egitea zer den eta noiz egiten dugun azaltzeko (ohea egin, ibili, paseatu, modu aktiboan jolastu, eskailerak igo, kirola egin, mendira joan...). Bestalde, eguneroko zein egoeratan mugitzen ez garen aztertuko da.
2. Fasea: Katearen jolasa: Elkarlaneko jazarpen jolasa. Ume bat besteak harrapatzen hasten da, eta norbait harrapatzerakoan, elkarri eskua eman eta besteak harrapatu behar dituzte, eta, horrela, guztiak harrapatu arte.
3. Fasea: Polizi eta Lapurren jolasa: Klasea bi taldetan banatzen da, bat poliziena eta bestea lapurrena. Poliziek lapurrak harrapatu eta kartzelan sartzen saiatuko dira (zuhaitz bat, txoko bat). Espetxeratuak dauden lapurrak askatuak izan daitezke, baldin eta beste lapurrak haiengana heltzen badira poliziak saihestuz: eskuekin ukitzen dituztenean, askatuta geldituko dira.
Poliziek lapur guztiak espetxean sartzea lortzen dutenean jolasa bukatzen da. Amaitu ondoren, rolak aldatzen dira.4. fasea: Baloratu jarduera fisikorik egin badute, arauak bete badituzte, ondo pasatu badute eta abar.
3. JARDUERA
1. Fasea: Sarrera labur batekin hasiko da jarduera fisikoa egitea zer den eta noiz egiten dugun azaltzeko (ohea egin, ibili, paseatu, modu aktiboan jolastu, eskailerak igo, kirola egin, mendira joan...). Bestalde, eguneroko zein egoeratan mugitzen ez garen aztertuko da.
2. Fasea: Barruan eta Kanpoan jolasa: Klariona erabiliz lurrean zirkulu bat marraztu, eta zirkuluaren barruan “ barruan” deritzon eremua eta zirkuluaren kanpoaldean “kanpoan” deritzon eremua daudela azaltzen zaie ikasleei. Jolasa hasteko ikasleak zirkuluaren kanpoaldean kokatuko dira eta irakasleak ozen esango du: "barruan, kanpoan, barruan, kanpoan ..." eta ikasleak salto egin behar dute eremu batetik bestera. Jolasa geroz eta azkarragoa egingo da, eta irakasleak ausaz oihukatuko du “ barruan, barruan, kanpoan, barruan, kanpoan..” . Akatsak egiten dituzten umeak jokotik kanpo geldituko dira.
3. Fasea: Zapiaren jolasa: Irakaslea kokatuko den tokia lurrean markatu eta marka horren alde bakoitzean eta distantzia jakin batera lurrean bi lerro marraztuko dira. Ikasleak bi taldetan banatuko dira, eta talde bakoitza marra baten atzean jarriko da. Jokalari bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio. Irakaslea bere lekuan kokatu, zapi bat altxatu (edozein oihalek balio du), eta ikasleen artean esleitutako zenbaki bat oihukatuko du. Tokatzen zaien jokalariek korrika egin behar dute zapia harrapatzen saiatzeko. Zapia eskuratzen duenak, bere lekura (marra ostera) itzuli behar du, aurkariak harrapatu ez dezan saiatuz; harrapatzen badu, zapia eskuan duenak jokoz kanpo geldituko da. Harrapatzen ez badu, harrapakaria geldituko da jokoz kanpo.
4. fasea: Baloratu jarduera fisikorik egin badute, arauak bete badituzte, ondo pasatu badute eta abar.
4. JARDUERA
1. Fasea: Sarrera labur batekin hasiko da jarduera fisikoa egitea zer den eta noiz egiten dugun azaltzeko (ohea egin, ibili, paseatu, modu aktiboan jolastu, eskailerak igo, kirola egin, mendira joan...). Bestalde, eguneroko zein egoeratan mugitzen ez garen aztertuko da.
2. Fasea: Aulkien jolasa: Jokalari kopuru adina aulki jarriko dira, baina hasi aurretik, aulki bat kenduko da. Aulkiak borobil bat eginez jarriko dira, bizkarrak barnera begira dituztela . Ikasleak aulkien inguruan jarriko dira, bata bestearen atzetik. Irakaslea bazterrean kokatuko da, eta musika kontrolatuko du (musika-gailua, kantua, txaloak...). Musika hasten denean, ikasleek aulkien inguruan bueltaka hasiko dira, kantaren erritmoari jarraituz. Irakasleak musika gelditzen duen momentuan, jokalari bakoitza aulki batean eseri beharko da. Aulkirik gabe geratzen dena kanporatua izango da. Aulkia kendu eta jokoari berriro ekingo zaio, horrela jarraituko da aulki bakarra eta jokalari bi gelditu arte. Azkeneko aulkiarekin gelditzen dena jokoaren irabazlea izango da.
3. Fasea: Jolasleku errearen jolasa: Lehenengo gauza lurrean jolas-eremu laukizuzen bat marraztea da, erditik zatitzen duen marra batekin, talde bakoitzaren eremua bereizteko. Bi talde sortuko dira, bakoitza jokalari-kopuru berdinarekin. Talde bakoitza zelaiaren alde batean kokatuko da. Jokalariek , beste taldearen jokalariak “erre" egin behar dituzte . Horretarako, baloia jaurti , gorputzeko atalen bat ukitu, eta baloia lurrera erori behar da. “Erretako” jokalariak jokoz kanpo geldituko dira.
Baloia ekiditeko, jokalariek beraien eremuaren barnean nahi bezala mugi daitezke. “Errea” ez izateko, jokalaria baloia harrapatzen saia daiteke. Lortzen badu, bizirik jarraituko du. Kontuan hartu behar da baloiak ezin duela lurra ukitu. Talde bateko jokalari guztiak “erretzerakoan” jolasa bukatzen da.
4. fasea: Baloratu jarduera fisikorik egin badute, arauak bete badituzte, ondo pasatu badute eta abar.
BIBLIOGRAFIA
Guía para la enseñanza de Herri-kirolak. Gobierno Vasco.
Las Actividades Lúdicas en la Didáctica de la Educación Física. Rafael José Carrillo López.