LEHEN HEZKUNTZAKO 5. MAILAKO JARDUERAK
“Mahaiaren hankak” eta “Bizitzaren diana”: norbera, etorkizuneko proiektua, familia eta gizartea.
“Ikusteko betaurrekoak eta pentsatzeko txanoak”: gorria (emozioak), urdina (kapitaina: erabakiak hartzen ditu), berdea (itxaropena: arazoen konpontzailea), betaurreko beltzak (alderdi negatiboak, pesimista), betaurreko horiak (alderdi positiboak, optimista), betaurreko zuriak (datu objektiboak, errealitate neutroa).
LEHEN HEZKUNTZAKO 5. MAILAKO 1. JARDUERA: “Mahaiaren hankak” eta “Bizitzaren diana”: norbera, etorkizuneko proiektua, familia eta gizartea.
HELBURUAK
Gure bizitzako alderdi garrantzitsuez jabetzea, eta hauek zelan eragiten eta baldintzatzen gaituzten ikustea.
Familiaren eta gizarte ingurunearen eragina ezagutzea. Lagundu, presionatu eta baldintzatzen gaituzten ezaugarriak daudela onartzea.
Nork bere burua zaintzearen eta ohitura osasungarrien garrantziaz jabetzea.
Etorkizuneko proiektuari, desioei, asmoei eta itxaropenei buruzko erantzukizuna eta hausnarketa bultzatzea.tivas.
EDUKIAK
Eremu hauen azalpena: norbera, etorkizuneko proiektua, familia eta gizartea.
Taldearen eragina eta presioa.
Pentsamendu kritikoa, erabakiak hartzea, erantzukizuna.
Etorkizunerako proiektua: beharrak, desioak, asmoak eta itxaropenak.
DESKRIBAPENA:
Jarduera honen bidez, gure bizitzako alderdi garrantzitsuez, eta horiek nola baldintzatzen gaituzten jabetzen saiatuko gara. Horretarako gainontzekoen presioa eta eragina identifikatu beharko genuke, identitate pertsonala finkatuz, nor garen identifikatuz eta, pentsamendu kritikoa eta erabakiak hartzea sustatuz.
Gure bizitzako elementu garrantzitsuak 4 multzotan (arlo pertsonala, familiarra, soziala eta etorkizuneko proiektua) identifikatu behar dira, inguruneak (sistema eta testuinguru desberdinak), gugan, gure bizitzarekin egiten dugun horretan, eta elkarrekin nola lotzen diren ulertzeko.
Bizitzako kontuak eta lehentasunak ere identifikatzen dira, eta alderdi bakoitzari eskaintzen zaion denbora, esfortzua eta energia nola banatzen diren aztertzen da, oreka osasungarria bilatzen saiatuz.
Kartoi mehe edo folio batean 4 hankako (bi edo hiru dimentsioko) mahai bat marrazteko eskatuko zaie. Orri osoa hartu behar du marrazkiak. Beste aldean, gutxienez 5 zirkulu zentrokide (“diana” itxurakoak), erdian “NI” hitza idatzita.
Bakoitzari bere bizitzan zerk eragiten dien pentsatzeko eskatuko diegu, eta zirkuluen inguruan jarriko dute hori; zentrotik hurbilen dauden zirkuluetan idatziko dute eragin handieneko eta zuzeneko gauzak. Adibideren bat eman dakieke, hala nola “familia”, “eskola”…, eta ezer bururatzen ez bazaie, arrastoak (laguntza) emango dizkiegu edo elementuak idatziko ditugu arbelean, abstrakzio txikienetik abstraktuenera (komenigarritzat eta ulergarritzat jotzen den arte): “aita, ama”, “anai-arrebak”, “familia zabala”, “bizilagunak”, “internet”, “komunikabideak (TB…), “auzoa”, “herria/hiria”, “herrialdea”, “gizartea”, “klima/eguraldia”, “gaixotasunak/pandemia”, “arauak”, “ohiturak”…
Erdiko zirkuluaren barruan (“NI”), pertsonengan oro har eragina duten alderdi pertsonalak idazteko eskatuko diegu, adibideren bat jarrita, eta hori identifikatzen saiatuta: “gustuak, interesak”, “izateko modua/nortasuna”, “pentsamenduak”, “sentimenduak”, “emozioak”, “balioak”, “trebetasunak”…
5 minututan, 3 edo 4 laguneko taldetan egindakoa bateratuko dute, eta bakoitzak bere orrian idatzitakoa osatuko du.
Eskatuko zaie elementu horiek mahaiaren marrazkiaren lau hanketan jartzeko multzokatuta, hanka bakoitzak dituen ezaugarri nagusiak azalduz:
Pertsonala: Gustuak, interesak, balioak, sinesmenak/pentsamenduak, identitatea, emozioak, sentimenduak, nortasuna, estilo pertsonala, trebetasunak, bertuteak, akatsak, norberaren buruarekiko gogobetetasuna/autoestimua, autokontzeptua, autozainketa…
Familiarra: Familiarekin, oro har, eta kide bakoitzarekin eta elkarren artean duen harremana, arauak, balioak, iritziak, sinesmenak, eragina, partaidetza, segurtasuna, laguntza.
Soziala: ikastetxearekiko gogobetetasuna, harremana irakasleekin, ikaskideekin, lagunekin, gizarte-ingurunearekin, auzoarekin, herri/hiriarekin, herrialdearekin, arauekin, ohiturekin, balioekin...
Etorkizunerako proiektua: “nagusitan zer izan eta egin nahi dudan”: lanbidea, ardurak, familia: ikasteagatik pozik, asmoak… Alderdi hori oraindik gutxi definituta egon daiteke seguru asko.
“Hanka pertsonala” aldez aurreko beste jarduera batzuekin lotu daiteke, egin badira (“Emozioen araztegia”, “pertsonaren triangelua”…). Pentsamenduak, emozioak eta portaera bereiziz, eta, hartara, gure mugimendua, energia, ahaleginak eta denbora nora begira jarri nahi dugun (“Etorkizuneko proiektuaren hanka”). Eta “edalontzi komunikatzaileen” jarduera, elkarreragina du gure familia eta gizarte ingurunearekin.
Haien esanahia eta garrantzia azaltzen da, guztien arteko elkarrekintza, elkarri nola eragiten dioten, bizitzan zehar nola eboluzionatzen/hazten/aldatzen doazen (egoki iritziz gero, "Maslowren beharren piramidearekin" erlazionatu ahal izango da: Oinarrizkoak/Fisiologikoak/Zainketa eta Autozaintza Pertsonala, Segurtasuna/Familiarra, Adiskidetasuna eta Aitorpena/Soziala eta Autorerrealizazioa/etorkizuneko proiektua). Bizitzako gorabeherengatik edo eboluzioagatik, hankaren bat gutxiago "garatuta" dagoenean, egokiena izango litzateke gainerakoek konpentsatu ahal izatea, mahaia egonkor mantentzeko, hankaren bat “ahul” badago, beste hankaren batzuk "indartu" ahal dira eta hari lagundu ahal izango diote. Baten bat "ahulago" dagoela ohartzen bagara, beste hanken "babesa" bila dezakegu.
Ohiko bilakaera azaltzen zaie; lehenik eta behin, "Familiaren" hanka garatuago dago, eta, gero, garrantzi handiagoa hartzen dute hauek: hanka "pertsonalak", gero "sozialak" eta, pixkanaka-pixkanaka, "Etorkizuneko proiektuak".
Hori gerta daitekeen egoeren adibideak eskatzen zaizkie, eta nola konpentsatuko litzatekeen.
Eskatzen zaie zehaztu dezatela zeintzuk diren euren gustuak, interesak, nola ikusten duten euren burua, zer-nolako harremana duten familiarekin, gizartean, zer izan nahi duten/zer egin nahi duten/zer lortu nahi duten etorkizunean, zertan eman nahi duten denbora…
LEHEN HEZKUNTZAKO 5. MAILAKO 2. JARDUERA: “Ikusteko betaurrekoak eta pentsatzeko txanoak”
HELBURUAK
Arazoak hautemateko eta konpontzeko estilo desberdinak identifikatzea.
Pentsamendu kritikoa eta erabakia hartzea hobetzea.
Autonomia eta erantzukizuna bultzatzea, erreaktibotasunaren aurrean.
Emozioen kudeaketa egokia bultzatzea.
EDUKIAK
Interpretazio estiloak eta isuri kognitiboak.
Gatazkak konpontzea. Giza-trebetasunak.
Pentsamendu kritikoa.
Erabakiak hartzea.
Autonomia eta erantzukizuna.
Emozioen erregulazioa.
DESKRIBAPENA:
Jardueran, batik bat, hauek lantzen dira: erantzukizuna (erantzuteko trebezia), gatazkak ebaztea eta erabakia hartzea, interpretazio estiloez eta isuri kognitiboez jabetzea sustatuz. Tentsioak eta estresa maneiatzeko estrategiak ikasteko abiapuntua da, berregituratze kognitiboan, ezagutzan, identifikazioan eta adierazpen emozionalean oinarrituta.
Azaltzen da pertsonok errealitatea eta gertaerak ulertzeko estilo desberdinak ditugula, eta nola horiek alda daitezkeen une eta egoera desberdinen arabera. Estilo kognitibo eta pentsamendu-estilo desberdinak ditugun bezala.
Txano gorri, berde eta urdin bana marrazteko eskatuko diegu, nahi duten moduan. Urdina itsasontzi-kapitain edo hegazkin-pilotu batena izatea gomendatzen da. 3 betaurreko marraztu beharko dituzte ere: beltzak, horiak eta zuriak.
Azaldu ondoren, kolore bakoitza zerena izan daitekeen asmatzen saiatzeko eskatuko diegu.
Txanoak:
Gorria: Emozioak adierazten ditu: ekintza mobilizatzen du (irtenbidea, erasoa, ihesa) edo paralisia.
Berdea: "itxaropena”, “berdez pentsatu”, baikortasunez: arazo-konpontzailea.
Urdin “kapitaina”: erabakiak hartzea: zein betaurreko eta kapela jarri erabakitzen du erabaki egokiena hartzeko komeni denaren arabera.
Betaurrekoak:
Beltzak: Ezkorra: alderdi negatiboak ikusi eta horietan jartzen du arreta nagusiki.
Horiak: Baikorra: alderdi positiboak ikusi eta horietan jartzen du arreta nagusiki.
Zuriak: errealitatea “den bezalakoa” ikusten du, modu neutroan. Datu objektiboetan jartzen du arreta.
Errealitatea hautemateko eta pentsatzeko joera bakoitza zein kolorerekin lotzen den ikusi ondoren, gatazka-egoera baten adibide bat eskatzen da, konpondu beharrekoa, interesatu ahal izango zaiena, edo ostantzean egoera bat proposatzen da. Taldeka, hipotesiak egin beharko dituzte, bakoitzak nola konponduko lukeen egoera esateko, betiere zer betaurreko eta txano erabiliko dituzten kontuan hartuta.
Lehenik eta behin, errealitatea hautemateko betaurrekoak aukeratzen dira, eta, ondoren, egoeraren gainean pentsatzen eta jarduten duen txanoa.
Arbelean pertsona bat marrazten da, betaurrekoak eta txanoa jarri ahal izateko bezain handia, eta konbinazio posibleak aztertzen dira.
Betaurrekoen eta txanoen koloreren batekin identifikatzen diren galdetuko diegu, zer-nolako emaitza izaten duten kolore horiek erabiltzen dituztenean, betaurreko eta txano jakin batzuekin erosoago sentitzen diren. Eta zein txano/betaurreko erabiltzen dituen argi antzematen zaion pertsonarik ezagutzen duten.
Egoera horiek modu egokian konpontzeko konbinazio egokienak zeintzuk izango liratekeen galdetu eta eztabaidatuko da, haien eskubideak behar bezala defendatuz eta gainerakoenak errespetatuz.
Txanoa eta betaurrekoak aurretik egindako jardueretako batzuekin lotu daitezke, hala bada:
“Iragazkia”, “emozioen araztegia” jarduerakoa.
“Hanka pertsonala”, “mahaiaren 4 hankak” jarduerakoa.
“Azenarioa, arrautza eta kafe-bihia” jarduerari aurre egiteko moduak.
“D.A.E.O. gidoia”.