Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, haur eta nerabeek gutxienez egunero 60 minutuko (ordubete) jarduera fisikoa egin beharko lukete. Jarduera fisiko gehiena aerobikoa izan beharko litzateke , intentsitate maila batekin ertainetik (oinez egin, bizikletaz ibili) indartsura (korrika egin, saltoka egin, igeri egin, futbolean ibili, saskibaloian ibili eta abar) doana. Jarduera indartsua astean gutxienez 3 egunetan egin behar da. Gomendagarria da, halaber, astean 3 aldiz gutxienez giharrak indartzeko ariketa fisikoak egitea (giharrak normalean baino gehiago lantzea eragiten duen jarduera orok balio du, hala nola patioko barratik igotzea edo zintzilikatzea) bai eta hezurrak indartzeko ariketak ere (korrika egitea, salto egitea edo pisua jasatea).
Gainera, haurrek mugatu egin behar dute jarduera sedentarioetan ematen duten denbora, batez ere pantaila baten aurrean igarotzen duten denbora. Ez lukete egunean 2 ordu baino gehiago jardun behar aisialdiko jarduera sedentarioetan (telebista, bideo-jokoak, mugikorrak, etab).
Eskolako jarduera fisikoa, ohitura osasungarrietan hezitzeko baliabide gisa sustatu behar da.
Lehen hezkuntzako ikasleen artean jarduera fisiko ohikoa sustatu.
Lehen hezkuntzako bostgarren mailako ikasleek bizimodu-ohitura osasungarriak har ditzaten lagundu, osasuna sustatzeko eta bizi kalitate hobea izateko.
Ikasleak ohartaraztea jarduera fisiko maila nahikoa garatzearen garrantziaz, garapen fisiko eta psikiko egokia lortzeko.
Aisialdian bizitza sedentarioa murriztu.
Eguneroko jarduera fisikoak osasunean duen ekarpenari buruzko ezagutza sustatu.
Eskolan eta auzoan jarduera fisikoa egiteko aukeren ezagutza sustatu.
ZEHARKAKO GAITASUNAK
Izaten ikasteko gaitasuna.
Elkarrekin bizitzeko gaitasuna.
DIZIPLINAZKO GAITASUNAK
Gaitasun motorra.
Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna
EDUKIAK ETA EPEAK
Programak bi jarduera ditu, eta jarduera bakoitzak hiru fase ditu:
Saioaren 1. fasea edo Informazio-fasea (10 minutu): landu beharreko jarduerei buruzko sarrera laburra.
Saioaren 2. fasea edo Aisialdi-fasea (40 minutu): Perseo Programaren barne dagoen ariketa bat landu.
Saioaren 3. fasea edo Hausnarketa-fasea (10 minutu): egindako jarduerari buruzko ondorioak atera (nola sentitu diren, gogokoa izan badute eta abar).
JARDUERAK
1. JARDUERA
1. Fasea: Sarrera labur batekin hasiko da jarduera fisikoa egitea zer den eta noiz egiten dugun azaltzeko (ohea egin, ibili, paseatu, modu aktiboan jolastu, eskailerak igo, kirola egin, mendira joan...). Bestalde, eguneroko zein egoeratan mugitzen ez garen aztertuko da.
2. Fasea: Nolakoa naiz: aktiboa edo sedentarioa?
Jarduera honen helburua ikasleak bere ohiko jarduera fisikoaren maila eta ohitura sedentarioak ebaluatzea da.
Jarduera fisikoari buruzko gomendioa betetzen duela autoebaluatzeko, ikasle bakoitzak astean zenbat egunetan 60 minutu baino gehiagoko jarduera fisikoa egiten duen adierazi behar du. Eskolan gorputz-hezkuntzako klaseetan egiten duten denbora ez dutela kontutan hartu behar azaldu behar zaie. Erantzunaren arabera, puntu kopuru jakin bat emango zaie (AKTIPUNTUAK). Era berean, ikasle bakoitzak bere ohitura sedentarioak ebaluatzeko, astean zenbat egunetan egoten den 2 ordu baino gehiago aisialdi sedentarioko jarduerak egiten adierazi behar du. Erantzunaren arabera, puntu kopuru bate mango zaio.
Irudien jatorria: Actividad física saludable, Programa Perseo
Eskala batean eta bestean lortutako puntuak AKTIBOMETROra eraman behar dira. Aktibometroa eskailera formako eskala bat da, ikasle bakoitzak bere jarduera fisiko-jarduera ezaren arabera eskaileraren zein mailatan dagoen adierazi behar du. Emaitzak "OSASUNAREN SEMAFOROAREN” kolore-eskalaren bidez interpreta daitezke. Lortutako emaitzaren arabera, emaitzak hobetzeko aholkuak emango zaizkie.
Irudien jatorria: Gorputz ariketa osasungarria, Perseo.
3º Fasea: Baloratu nola sentitu diren, gustukoa izan badute etab .
2. JARDUERA
1. Fasea: Sarrera labur batekin hasiko da jarduera fisikoa egitea zer den eta noiz egiten dugun azaltzeko (ohea egin, ibili, paseatu, modu aktiboan jolastu, eskailerak igo, kirola egin, mendira joan...). Bestalde, eguneroko zein egoeratan mugitzen ez garen aztertuko da.
2.Fasea: Jarduera fisiko gehiago egiteko aukerak
Jarduera honen helburua aktiboagoak izateko aukerak ezagutzea da. Jarduerak bi zati ditu:
1. zatia. Egunero egiten ditudan jarduerak
Lehen zati honetan, ikasleak marrazkietan agertzen diren jardueren artean normalean egiten dituenak identifikatu behar ditu, alboan dagoen laukitxoan BAI EDO EZ markatuz. Hona hemen proposatutako jarduerak:
1. laukitxoa: ikastetxera oinez / bizikletaz / patinetean joaten naiz.
2. laukitxoa: Etxeko lanetan laguntzen dut.
3. laukitxoa: Eskailerak igo eta jaisten ditut.
4. laukitxoa: Lagunekin edota senideekin ibiltzera joaten naiz.
5. eta 6. laukitxoak: Libre, ikasle bakoitzak eguneroko bizitzako beste jarduera batzuk proposatu edo marrazteko.
Ondoren, ikasle bakoitzak orrialdearen beheko aldean dauden laukiak erabiliko ditu egiten dituen jarduera guztiak batzeko. Horretarako, jarduera bakoitza identifikatzen duen zenbakiaren azpian 1 jarriko du “bai” erantzun badu eta 0 “ez” erantzun badu. Emaitzak ikasgelan eztabaidatuko dira.
Irudien jatorria: Actividad física saludable, Programa Perseo
2. zatia: Auzoa ezagutzera goaz: Nire jarduera fisikoaren zirkuitua:
Ikasleak, irakaslearekin batera, auzoa "aztertzera" irtengo dira, eta banaka edo talde txikietan koadernoan idatziko dituzte ingurune hurbileko aukerak jarduera fisikoa egiteko (ikastetxean dagoen jarduera-eskaintzatik hasita).
Jarduera fisikoa egin daitekeen lekuak identifikatu ondoren, "Jarduera Fisikoaren Zirkuitua" diseinatuko dute. Leku bakoitzean egin ditzaketen 3 jarduera idatziko dituzte.
Irudien jatorria: Actividad física saludable, Programa Perseo
3º Fasea: Baloratu nola sentitu diren, gustukoa izan badute etab .
ESTEKA ERLAZIONATUA:
BIBLIOGRAFIA
Actividad Física Saludable, Programa Perseo.