Elikadura osasungarria
LH 4. Maila

ELIKADURA OSASUNGARRIA. LEHEN HEZKUNTZAKO 4. MAILA

Oso garrantzitsua da txiki-txikitatik elikadura-ohitura osasuntsuak barneratzea. Dieta askotariko eta orekatu batek hazkuntzaren eta garapenaren erritmoa laguntzen du. Horretarako, denboran irauten duten ohitura osasuntsuak sortu behar dira. Batetik, frutak eta barazkiak egunero kontsumitzea funtsezkoa da gorputz eta adimen osasuntsuak izateko, batez ere ikasle gazteenen artean, beraien hezurrak eta giharrak osasuntsu haz daitezen. Beste alde batetik, kontzientzia piztu behar dugu azukredun produktuak (opilak eta azukredun edariak, adibidez) gehiegi kontsumitzeari buruz. Horrexegatik, elikagaien etiketak interpretatzen jakin beharra dago, baita publizitateak produktu horien kontsumoan duen eragina ezagutu ere.

Honako jarduera hauek Bilboko Udalak Lehen Hezkuntzan osasuna sustatzeko duen heziketa-programaren parte dira.

HELBURU NAGUSIA

Ikasleen artean elikadura ohitura osasungarriak sustatzea.

HELBURU ZEHATZAK

  • Elikadura egoki batek osasunean, eskolako errendimenduan eta ongizatean duen eragin positiboa ikasleei azaltzea.

  • Ikasleei elikadura osasungarria, askotarikoa, orekatua eta jasangarria zertan datzan identifikatzen laguntzea.

  • Fruta eta barazki kontsumo handiagoa sustatzea.

  • Azukredun elikagaiak (ontziratutako zukuak, irabiatuak, opilak, ...) gutxiago kontsumitzea sustatzea, eta horrelakoak gehiegi kontsumitzeak sor ditzakeen arazoak azaltzea.

  • Etiketen informazioa (osagaiak, elikadura-informazioa, ...) kontuan izanik elikagai osasungarriagoak aukeratzen laguntzea, publizitatearen eraginaren ikuspegi kritiko batekin.

  • Osasun-irizpideetan oinarriturik, ikasleak euren gosaria, hamaiketakoa edo ikastetxeko urtebetetze-festako askaria hautatzeko eta prestatzeko ahalduntzea.

EDUKIAK

  • Elikadura egoki batek osasunean, eskolako errendimenduan eta ongizatean duen eragin positiboa.

  • Elikadura osasungarri eta jasangarri baten ezaugarriak.

  • Elikadura orekatua: elikadura osasungarri baten ezaugarrietako batzuk ikastea.

  • Etiketaren informazioa, elikagaiak aukeratzeko irizpide (osagaiak, elikadura-informazioa, eta abar).

  • Elikagaien publizitatearen eragina.

  • Ikaslearen autonomia eta erantzukizuna bere gosariak, hamaiketakoak eta urtebetetze-festak ikastetxean ospatzerakoan.

    1. Ikasleen erantzukizuna elikagai osasungarrienak hautatzerakoan.

    2. Ezetz esan baino lehen, elikagai osasungarriak dastatzearen garrantzia.

    3. Gosari osasungarri bat prestatzeko oinarrizko trebeziak: fruta nola moztu, ...

1. SARRERA

Sarrera labur bat egingo da, elikadura osasuntsua zer den eta zer ez den azaltzeko. Dieta askotariko eta orekatu batek hazkunde eta garapen egokiak mesedetzen ditu, egunari aurre egiteko energia eskaintzen du, eta etorkizunean garatu daitezkeen gaixotasunei aurre-hartzeko osasun-aseguru bat da. Ordea, osasungarria ez den elikadura batek pisua hartzea, obesitatea eta txantxarrak ekarriko ditu.

Beste alde batetik, etiketen ezaugarri batzuk ezagutzearen garrantzia aztertuko da, eta publizitateak produktu horiek kontsumitzeko orduan duen eragina analizatuko da.

Modu berean, ikasleen autonomia landuko da: elikagaiak aukeratzeko orduan erantzukizuna emango zaie, eta fruta mozten ikasiko dute.

2. IRAGARKIAK AZTERTZEN

Lau taldetan banatuta, zenbait publizitate-iragarki ikusiko dituzte arbela digitalean. Iragarkien osagai guztiak analizatu beharko dituzte fitxa batek lagunduta. Hainbat gauza izango dira kontuan: produktu mota (elikagarria den edo ez), produktuaren izena, musika, pertsonaia… Horiek identifikatu ostean, taldeko gogoeta egingo da, denen artean ondorioak ateratzeko. Zelan sentitu dira? Erakargarria den edo ez. Iragarkia nori zuzenduta dagoela uste dute, eta zergatik? Erosiko luketen edo ez…

3. EZ MOZTU!

Ikasleak zenbait fruta dastatzera animatzeko, dinamika praktiko bat da hau. Frutak dastatu ondoren, “Atsegin dut” edo “Ez dut atsegin” balorazioa eman ahalko diete, eta bakoitzaren ezaugarri organoleptikoak identifikatu.

Helburua elikagai osasungarriak ez ekiditea da: begiraleen laguntzarekin, ikasleek frutak moztu beharko dituzte, ondoren, probatu eta gustukoen dituztenak aukeratu ahal izateko.

ONDORIOAK

Jarduerak egindakoan, minutu batzuk erabiliko dira egindako lanaren inguruko gogoeta egin ahal izateko.

DENBORA ETA BALIABIDEAK

4. AURKEZPENA.pdf

Aurkezpena

* Goiko eskubiko ikurran klikatu aurkezpen moduan ikusteko

4. FITXA2. PRODUKTUAK

Fitxa Didaktikoa

* Goiko eskubiko ikurran klikatu aurkezpen moduan ikusteko

"Cola Cao" iragarkia

"Chocapic" iragarkia

"Chiquilín Ositos" iragarkia

"Pantera Rosa" iragarkia

"Ositos Haribo" iragarkia

Zuku iragarkia.