ELIKADURA OSASUNGARRIA

Eskolan elikadura osasungarria lantzea ezinbestekoa da osasuna sustatzeko: elikadura-ohitura egokiek, ohiko jarduera fisikoarekin batera, zuzenean eragiten dute obesitatea eta gehiegizko pisua sahiesten.

Beraz, Lehen Hezkuntzan elikadura-ohitura egokiak hartzeak gaixotasunak prebenitzen laguntzen du, eta umeen garapen fisikoa, psikikoa eta soziala ahalbidetzen du.

Alde horretatik, familiak funtsezko zeregina dauka elikadura-ereduak eta -ohiturak eratzeko. Baina, eskola-aldian, adingabeen gizarte-ingurunea zabaldu egiten da: irakasleek, ikaskideek eta eskolako eta komunitate-inguruneko beste pertsona batzuek garrantzi handia hartzen dute, batez ere ikasleek elikadurari buruz hartzen dituzten erabakietan.

Bibliografiak jasotzen duenez, eskolan arlo honetan emaitza interesgarriak lortzeko alde hauek kontutan hartu behar dira: eskola-ikuspegi integrala; familiekin lotura izatea aztergai dugun gaiaren inguruan; ikasgelan landutakoaren eta ikastetxean eskaintzen diren menuen arteko koherentzia; programaren iraupen luzea eta edukietarako ekarpen erregularrak.

Ildo horretan dago aurkezten den material didaktikoa: ikasturte bakoitzeko helburu, eduki eta bi jarduera biltzen dituen programazio egituratua eta umeen eboluzio-uneari egokitua: elikadura-ohitura osasungarriak hartzeko bidean aurrera egin nahi da. Horretarako, hasierako etapetan elikagai osasungarriak identifikatzetik goragoko mailetan aztarna ekologikoari buruzko kontzientziaziora.