SEXU-OSASUNA HAURTZAROAN
Pubertaroan eta nerabezaroan ikasgelan sexu-osasuna jorratzea lan-helburu bat da hezitzaileentzat. Izan ere, eboluzio-etapa horretan genitalak heltzen dira eta sexu-desira heldua sortzen da, eta horrek esku hartzera gonbidatzen gaitu.
Ordea, lehen hezkuntzan gai hori aztertzea beldurgarria da batzuetan, historikoki umeei sexualitatea lapurtu baitzaie: sexualitatea gizakien ezaugarri guztiz naturala eta berezkoa den arren, askotan helduen parametroetatik begiratzen zaio, eta beste esanahi batzuk ematen zaizkio.
Helduen begirada desenfokatu horri umeen sexualitatearen existentzia aitortzea kostatzen zaio, baina esan beharra dago sexudun jaiotzen eta egiten garela. Funtsezkoa da umeak izaki sexudunak direla ulertzea, bai euren buruarekiko harremanean, bai besteekikoan, euren identitate sexuala eraiki ahal dezaten.
Umeen sexualitatea kontaktu fisikoarekin garatzen da, haurtxoari heldu eta laztantzen dugunean. Lehen haurtzaroan zaintzen gaituen pertsonarekin sortzen den loturak helduaroko harremanak baldintzatu ditzake gerora, eta segurtasuna eta babesa ematen dituen atxikimenduak konfiantzazko oinarri bat sortzen du bizitzaren hurrengo etapetarako. Horrexegatik, ulertu behar dugu haurren sexualitatea dela umeek euren pertsonalitatea eta harreman afektiboak garatzeko daukaten ateetako bat.
Hala eta guztiz ere, eta helduek umeen sexualitateari begiratzeko erabiltzen dituzten betaurreko lausotu horietara itzulita, azpimarratu behar dugu umeen eta helduen sexualitatearen artean alde nabariak daudela. Ezberdintasun fisiologiko eta hormonalak egoteaz gain, sexu-plazera ez da hain espezifikoa haurtzaroan, ez bakarrik hormonen karga txikia delako, baizik eta batez ere ez zaiolako sexu-esanahirik esleitzen; gainera, beste pertsona batzuenganako erakarpena afektiboagoa da sexuala baino.
Sexualitatea, bada, etengabeko ikaskuntza-prozesua da. Haren bidez, geure identitatea sortzen eta eraikitzen dugu: geure parte da jaiotzen garen unetik bertatik. Oinarri biologiko batzuen gainean garatzen da, bizi garen testuinguru gizarteratzaile batean, gure inguruko oinarri sozial eta kulturalen baitan. Sexualitatea ez dator senetik, eta ez dago genetikoki edo biologikoki grabatuta: sexualitateari lotutako kontzeptu eta praktika asko ikasitakoak dira, eta pertsona bakoitzaren kasuan eta testuinguru kultural eta historiko bakoitzean ezberdinak dira. Sexualitatea bizitza osoan zehar garatzen eta berregiten da. Beraz, gure sexualitatea ez da hasten edo “agertzen” heldutasunarekin eta nerabezaroko aldaketa sexualekin, ezta lehenengo sexu-harremanarekin ere.
OMEak aurrekoa berresten du. Izan ere, haren arabera, sexualitatea “gizakien oinarrizko alderdi bat da bizitza osoan zehar. Barruan hartzen ditu sexua (bereizketa biologikoa), identitateak (subjektuak sexuari buruz egiten dituen autentifikazioa edo iritziak), genero-rolak, erotismoa, plazera, intimitatea, ugalketa eta sexu-orientazioa”.
LEHEN HEZKUNTZAN SEXU-OSASUNA LANTZEKO ARRAZOIAK
UNESCOrentzat, sexualitatearen osoko hezkuntza (SOH) –hori baita erakunde horrek hezkuntza afektibo-sexualari eman dion izena– irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu bat da, sexualitatearen alderdi kognitibo, psikologiko, fisiko eta sozialak aztertzen dituzten ikasketa-egitarau formaletan oinarritua.
Sei arrazoi ematen ditu hezkuntza afektibo-sexuala ikastetxeetan txikitatik irakasteko::
Berdintasuna eta aniztasunaren errespetua mesedetzen laguntzen du.
Ikasleei abusuak identifikatzen eta saihesten laguntzen die.
Sexu-transmisioko gaixotasunak ekiditen ditu.
Genero-indarkeria prebenitzen du.
Sexualitate osasuntsua garatzen laguntzen du.
Ikasleen autoestimua eta norberarenganako konfiantza garatzen ditu.
LEGE ESPARRUA
3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, zeinaren bidez Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen den: Nazio Batuek Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioan adierazitakoa gogora ekarriz, hau adierazten du: <<Eskubide, betebehar eta aukera berdintasunaren garapena, aniztasun afektibo-sexuala eta familiarra, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzea, umeen baterako heziketaren araubidea kontuan izanik, heziketa afektibo-sexuala, heltze-mailari egokitua, eta genero-indarkeriaren prebentzioa, baita espiritu kritikoa eta herritartasun aktiboa ere>>.
Printzipio pedagogikoen artean hauek jasotzen dira: “genero-berdintasuna, (...) eta osasunerako heziketa –osasun afektibo-sexualarena barne– landuko dira”.
8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean modu integralean babesteari buruzkoa.
Lege honen ondorioetarako, indarkeria hau da: edozein ekintza, omisio edo tratu axolagabe, adingabeei euren eskubideak eta ongizatea galarazten diena, edo beraien garapen fisiko, psikiko edo sozial ordenatua mehatxatzen edo oztopatzen duena, edozein modutan egiten dela ere, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egindakoa ere, batik bat indarkeria digitalaren bidez egiten dena.
Betiere, indarkeriatzat hartuko dira tratu txar fisiko, psikologiko edo emozionalak, zigor fisiko, umiliagarri edo iraingarriak, zaintza eza edo tratu axolagabea, mehatxuak, irainak eta kalumniak, esplotazioa, barruan hartuta sexu-indarkeria, korrupzioa, haur-pornografia, prostituzioa, eskola-jazarpena, sexu-jazarpena, ziberjazarpena, genero-indarkeria, mutilazio genitala, gizakiak edozein helburutarako salerostea, behartutako ezkontza, haurren ezkontzak, pornografia eskatu gabe erakustea, sexu-estortsioa, datu pribatuak plazaratzea, eta familian bortxazko edozein portaera izatea.
Tratu ona da, lege honen ondorioetarako, umeen eta nerabeen funtsezko eskubideak errespetatuz printzipio hauek aktiboki sustatzen dituena: elkarrenganako errespetua, gizakien duintasuna, bizikidetza demokratikoa, gatazken konponbide baketsua, legearen aurrean besteen babes berbera jasotzeko eskubidea, aukera-berdintasuna, eta umeak eta nerabeak diskriminatzeko debekua.
-5. artikulua. Prestakuntza.
1. g) Generoko rolen eta estereotipoen inpaktua umeek eta nerabeek pairatzen duten indarkerian.
4. Artikulu hau dagokien prestakuntza-ekintzak diseinatzerakoan, oso kontuan izango dira genero-ikuspegia eta adingabekoen kolektibo berezien beharrizanak: desgaitasunak dituzten adingabekoak, askotariko arraza-, etnia- edo nazio-jatorriak dituztenak, desabantaila ekonomikoan daudenak, LGTBI kolektiboko kide diren adingabeak, beste sexu-aukera edo -orientazio eta/edo genero-identitate bat dutenak, eta lagundu gabeko adingabekoak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Heziberri 2020 dokumentuan, oinarrizko hezkuntzaren helburuei buruzko kapituluan, hau adierazten da: “Pertsonaren garapen integrala, dimentsio guztietan: garapen fisikoa, kognitiboa, komunikatiboa, soziala, kulturala, morala, afektuzkoa eta emozionala, estetikoa eta espirituala”. Modu berean, eskola inklusiboan generoen eta sexu-orientazioen aniztasuna defendatzen du, gizarte- eta herritar-gaitasunak “elkarbizitzen jakin” izendatzen ditu, eta autonomiarako gaitasunak, “izaten jakin”.
OINARRIZKO ZENBAIT KONTZEPTU
SEXUA: kontzeptu hori gaur egun berrikusten ari den arren, sexua ezaugarri eta ezberdintasun genetiko, hormonal eta anatomikoen multzoa da, eta pertsonak arretan, emeetan eta intersexualetan bereizten ditu.
GENITALITATEA: Genitalitatea sexualitatearen dimentsioetako bat da. Organo genitalak eta gainerako zona erogenoak hainbat praktika sexual eta genitaletan (ez bakarrik koitoan) erabiltzeari dagokio. Praktika horiek bakarka edo beste pertsona batekin edo batzuekin batera egin daitezke. Helburuak, oro har, plazera eta/edo ugalketa dira.
Genitalitatea eta sexualitatea ez dira sinonimoak; izan ere, sexualitateak genitalitatea barnean hartzen du baina urrunago doa.
GORPUTZA: Gorputza eta organismoa ez dira gauza bera. Organismoa heredatzen da, eta gorputza bilbe sozial eta historikoan eraikitzen da, eguneroko bizitzaren baldintzetan. Ezin dugu ahaztu gorputzak hainbat balorazio jasotzen dituela. Balorazio horiek eragina daukate gorputzaren atalak ezagutzen eta ikasten ditugunean. Zentzu horretan, genitalei buruz jardutean, askotan ezikusia egiten diegu edo mespretxuzko hitzekin aipatzen ditugu. Haurtzaroa funtsezko garaia da gorputza eta autoirudia eraikitzeko orduan; sexu-heziketak prozesu hori mesedetzen du.
GENEROA: Joan W. Scotten arabera, “Generoa harreman sozialak osatzen dituen elementuetako bat da, eta sexuen artean antzematen diren ezberdintasunetan oinarritzen da. Botere-harremanak eratzeko oinarrizko modu bat da”.
Ildo horretan, Lópezek eta Quesadak adierazten dutenez, “Testuinguru historiko eta kultural bakoitzean maskulinitate eta feminitate eredu hegemonikoak eraikitzen dira. Sexua biologikoki zehazten da; generoa, aldiz, eraikuntza sozial eta kulturala da, pertsonei euren sexuaren arabera esleitzen zaizkien eta beraiengandik espero diren ezaugarri, rol eta identitateei dagokiena. Horrenbestez, sozialki eta kulturalki eraikitzen den heinean, kulturak berak berrasmatu, deseraiki, aldatu eta birdefinitu dezake”.
GENERO-ROLAK: Gizonei eta emakumeei testuinguru sozial eta historiko jakin batean esleitzen zaizkien paper eta jokabide ezberdinak dira.
Feminitatearen eta maskulinitatearen eredu hegemonikoa kategoria kontrajarri eta dikotomikoetan eraikitzen da; hala, gizonei hornitzaile-rola, eremu publikoa, eta alor pertsonal, sozial eta politikoan proiektuak garatzeko baimen soziala esleitzen zaizkie.
Emakumeei, ordea, afektua, besteentzat izatea, erreprodukzio biologiko eta soziala, eta zaintza esleitzen zaizkie.
GENEROKO ESTEREOTIPOAK: Generoko estereotipoak, ikasketaren eta gizarteratzearen bidez eskuratzen direnak, emakumearengandik espero denaren irudia eta gizonarengandik espero denaren irudia dira. Irudi horiek talde edo gizarte batek onartzen dituenak izaten dira, eta ez dira aldatzen.
Izaera prediktiboa daukate, eta jarduerak, rolak eta ezaugarri psikologiko jakin batzuk sexuaren arabera bereizten dituzte.
GENEROKO GIZARTERATZEA: ikasketa-prozesu bat da, bizi garen testuinguru sozial eta kulturalak esleitutako generoko rola betetzean egiten duguna, jaiotzan daukagun sexu biologikoaren arabera.
Hala, neskek gaitasun jakin batzuk garatzen dituzte, eta mutilek beste batzuk. Horrek gustuak eta lehentasunak baldintzatzen ditu (koloreak, jolasak, eta gerora baita lanbideak ere), eta aukerak murrizten ditu.
SEXU-ANIZTASUNA: sexualitatea bizitzeko, sentitzeko, gauzatzeko eta adierazteko modu ezberdinak. Hemen, desira erotiko eta afektiboa orientatzeko moduak sartzen dira (sexu bereko, beste sexuko edo sexu bietako pertsonengana). Gainera, norberaren gorputzarekin, generoarekin eta sexualitatearekin identifikatzeko eta sentitzeko modu guztiak aintzat hartzen dira.
SEXU-IDENTITATEA: pertsonen identitatearen atal bat da, euren burua izaki sexual gisa ikusteko, onartzeko eta hala jokatzeko bide ematen diena.
Sexu-identitatea prozesu dinamiko eta konplexua da, eta bizitza osoan zehar irauten du. Alde hauek dauzka: sexu biologikoa (arra, emea edo intersexuala), genero-identitatea (nork bere burua gizon edo emakume gisa ikustea, gutxi gorabehera bost urterekin gertatzen hasten dena), eta genero-adierazpenak (maskulinitatea edo feminitatea adierazteko moduak, testuinguruko historiko, sozial eta kulturalaren arabera).
SEXU-ORIENTAZIOA: erakarpen emozional, afektibo eta sexuala nolako pertsonekin daukagun: genero berekoekin (orientazio homosexuala), kontrako generokoarekin (orientazio heterosexuala) edo biekin (orientazio bisexuala). Ez da modu arrazional edo kontzientean egiten den aukeraketa pertsonala, baizik eta subjektu bakoitzaren historiaren, prozesu psikosexualen eta afektiboen emaitza. Prozesu dinamikoa da, eta denboran zehar aldatu daiteke.
HAURTZAROKO EZAUGARRIAK
Félix Lópezen arabera (Sexualitatearen psikologiako katedradun emeritua Salamancako Unibertsitatean), haurren sexualitatea gutxi bereizita eta gutxi antolatuta dago helduen sexualitatearen aldean, baina gauza bera gertatzen da maila intelektual, afektibo edo motorrean. Desira erotikoen eta sentimendu afektiboen arteko aldea lausoagoak dira helduengan baino. Ondo dakigunez, umeak plazereko eta plazer ezeko sentsazioen sistema batekin jaiotzen dira, eta hortik, denborarekin, bestelako sentimendu afektibo batzuk bereizten ditu. Umeen sexualitatea definitzeko orduan, zuzenena da ulertzea alde sexualaren, afektiboaren eta sozialaren artean dagoen dimentsio lausoa dela, eta garapenean zehar gehiago argitu eta zehaztuko dela.
Hauek dira umeen sexualitatearen ezaugarri nagusiak:
Haurren sexualitatea gutxi bereizita eta antolatuta dago helduenaren aldean.
Ez dago sexu hutsezko sentsaziorik, ezta umearentzat esanahi erotikoa daukan kanpo objekturik ere.
Eboluzioaren unearen arabera, umeen sexualitatea autoerotikoa eta egozentrikoa da. Egozentrikoa da, umeen unibertsoari hala dagokiolako, umea bere unibertsoaren erdigunea baita. Haren bizipen guztiak printzipio horretan oinarritzen dira. Autoerotikoa da, bestetik, gorputzaren plazerezko sentsazioak modu intrintsekoan bizitzen dituelako. Haurrak oraindik ez dauka gaitasunik besteak sentitzen duen plazeraren ondorioz plazera sentitzeko; ezin du erotikoki beste inor desiratu. Besterik da zenbait jarduera edo joko konpartitu bilatzea, jakinik horrek sentsazio fisiko oso gozagarriak ekarriko dizkiola. Beraz, norberaren gorputzak sortzen dituen plazer-sentsazioen bizipenaz ari gara.
Gorputzeko zona erogeno sentikorrenak ez dira zertan genitalak izan behar. Modu berean, beste zona erogeno batzuk ez daude genitalen menpe.
Estrukturazio faltaren ondorioz, eta objektu erotiko eta zona erogeno zehatzik ez dagoenez, umeen sexualitatea –Félix Lópezek adierazten duenez– dimentsio sexual, afektibo eta sozialari dagokio. Mugak oso lausoak dira eta, batzuetan, nahastu egiten dira. Atxikimenduaren teoriak adierazten du atxikimendu-sistemaren aktibazioaren ezaugarrietako bat hurbiltasuna, kontaktua bilatzea dela. Kontaktu fisikoak lasaitasuna eta sosegua sortzen ditu, baina plazera ere bai, noski. Egoera honetan, plazerezko sentsazio fisikoen helburua ez da asebetetze erotikoa.
Umeen sexu-jokabidea bultzatzen duten motibazio nagusiak hauek dira: a) Jakin-mina asetzea. b) Norberaren gorputza eta besteena esploratzea. c) Besteak imitatzea. d) Plazera bilatzea.
UMEEN SEXUALITATEAREN ADIERAZPENAK
Helduek haurren sexualitateaz duten ikuspegiak haurren sexu-adierazpen oro interes erotikoen adierazpen gisa ikusten du. Aitzitik, aurreiritzi hori baztertuz gero, haurren sexu-adierazpenak bultzatzen dituzten benetako motibazioak modu objektiboagoan ikusiko ditugu. Ezaugarriak deskribatzean adierazi dugunez, honela taldekatu ditzakegu: a) Jakin-mina asetzea. b) Norberaren gorputza eta besteena esploratzea. c) Rolak imitatzea. d) Plazerezko sentsazioak bilatzea.
Laburbilduz, esan dezakegu umeen sexu-adierazpenak jokabide esplizituetan gertatu daitezkeela, bai modu autoerotikoan, bai partekatutako jolas sexualen bidez. Umeen sexu-jokabideak honela taldekatu ditzakegu: a) autoestimulazioko jokabideak, b) esplorazio-jokabideak, c) imitazio-jokabideak.
Umeek euren gorputza esploratzen dute, alderdik sentikorrenak aurkitzen dituzte, sentsazio intentsuak antzematen dituzte, eta errepikatu egiten dituzte. Euren gorputzetik datozen sentsazioez gozatzen dute.
Pubertarotik aurrera, hau da, antolaketa neuroendokrino berriarekin, desira erotikoa konfiguratzen da eta beste pertsonarengan, objektuarengan, bilatzen da plazera. Horregatik, haurren masturbazioa, autoerotikoa dena, apurka-apurka heteroerotiko bihurtzen da. Hau da, kanpoaldera proiektatzen da. Puntu horretan, autoestimulazioa irudiz lagunduta dago. Irudi horiek lausoak dira hasieran, eta gero esplizituagoak (errealak edo norberak asmatuak).
Haurtzaroko jokabide sexual ohikoenetara hurbiltzeko, interesgarria litzateke umeen garapenaren faseak oro har ezagutzea. Gero, enkuadre bat egin genezake beraien artean, eta continuum bat ikusi aipatutako garapen-prozesuan.
UMEEN GARAPENA
Ume bakoitza berezia da eta modu batean garatzen da. Talentu ezberdinak dituzte, testuinguru sozial ezberdinetan bizi dira eta ikasteko modu ezberdinak dituzte. Faktore askok eragiten dute umeen hazkuntzan, baina haien garapenean badira zenbait erregulartasun ere.
Haiek ezagutzea lagungarria izango da adin talde guztietan iradokitako jarduerak egokitzeko. Umeekin jarduerak egiten direnean, garrantzitsua da beraien trebezia fisiko, kognitibo eta sozialen kontzientzia garatzea.
6 eta 7 urte artekoak
Garapen fisikoa
Kanpoan egiten diren jarduerez gozatzen dute, jarduera-aldi labur baina biziekin.
Esku-lan sinpleak gurago dituzte, batez ere trebezia fisiko jakin baten garapenarekin konbinatzen direnak.
Garapen kognitibo eta emozionala
Hitz egitea gustatzen zaie, baina arreta-aldi laburra daukate, baita beste pertsona batzuei entzuteko zailtasunak ere.
Jakin-min handia dute.
Gehiago ikasten dute esperientzia fisikoen bidez.
Erabakiak hartzeko zailtasunak dauzkate.
Irakurri eta idatzi ahal dute, baina ikasten ari dira.
Irudimen handia daukate, eta erraz parte hartzen dute rol-jokoetan eta jolas sinbolikoan.
Laguntasunari buruzko istorioak eta super heroiak gustatzen zaizkie.
Marrazkietako pertsonaiekin ondo pasatzen dute.
Garapen soziala
Oso lehiakorrak dira
Lankidetza zaila izan ohi da
8 eta 10 urte artekoak
Garapen fisikoa
Badirudi energia fisiko amaiezina dutela.
Garapen kognitibo eta emozionala
Gauza berriak ikastea atsegin dute, baina ez du zertan sakonki izan behar
Gehiago jabetzen dira pertsonen arteko ezberdintasunez
Arazoak konpontzea gustatzen zaie
Galdera-erantzun moduko jokoak atsegin dituzte
Frustrazioa sentitu dezakete euren lana ez bada espero zuten modukoa
Garapen soziala
Autonomia gehiago daukate baina oraindik laguntza behar dute
Kidekoen taldearekin gaiak aztertzea gustatzen zaie.
Norbere burua eta besteak kritikatzeko gaitasun handia dute.
Elkarlanerako gaitasun handiagoa dute.
Taldeko kide izatea atsegin dute.
Benetako heroiak, telebistako eta kiroleko izarrak idealizatzen dituzte, marrazkietako pertsonaien ordez.
11 eta 13 urte artekoak
Garapen fisikoa
Fisikoki heltzen dira, baina aldaketa horiek kasuz kasu aldatzen dira, eta konplexu deserosoak sortu ditzakete.
Garapen kognitibo eta emozionala
Modu abstraktuagoan pentsatzeko gaitasuna garatzen dute.
Eztabaidatzea gustatzen zaie.
Jolas batzuk aurresangarriak eta aspergarriak iruditzen zaizkie; jarduera konplexuak nahiago dituzte, estrategiak eta produktuak sorrarazten dizkietenak.
Perfekzionistak izateko joera daukate.
Istorio edo gertakari bat ikuspegi bat baino gehiagotatik ikusi daitekeela konturatzen dira.
Gero eta interes handiagoa daukate gaur egungo gai sozialetan
Garapen soziala
Interes handiagoa dute ingurune fisiko eta sozialean
Norbere mugak eta besteenak probatzen gozatzen dute.
Jolasa eta seriotasuna aldi berean konbinatu ditzakete
Beste pertsonen aurrean duten itxuraz gehiago jabetzen dira.
Ereduengandik ikastea gustatzen zaie.
Jolas aurreratuagoa garatzen hasten dira, taldeka.
Helburu komunak lortzeko elkarlanean aritzen dira.
Kidekoen taldeak eragin handia du beraiengan.
SEXU-JOKABIDE KOMUNAK HAURREN ETA NERABEEN ARTEAN
Estatu Batuetako sexu-hezkuntzako eta -informazioko kontseiluaren arabera
PROGRAMAREN GARAPENA
HELBURU OROKORRAK
Material eta aholkularitza teorikoa eta didaktikoa aurkeztea, lehen hezkuntzan sexu-heziketako jarduerak egin ahal izateko.
Ekarpen kontzeptualak eta orientazioak, sexu-heziketa ikasgelan txertatzeko.
Sexu-heziketa ikasgelan txertatzeko proposamenak.
Erreferentziazko marko honen helburua da irakasleei orientabideak ematea sexualitatearen kontzeptuaz, sexu-heziketa integralaz, haren ikuspegiez, printzipioez eta proposamen pedagogikoaz. Modu berean, ikasleen prestakuntza integralean eta lehen hezkuntzan duen garrantziaz ohartu nahi da.
HELBURU ESPEZIFIKOAK
Pertsonen formulazio harmoniko, orekatu eta iraunkorra lortzeko heziketa-proposamenetan sexu-heziketa txertatzea.
Sexu-heziketa integralaren alderdi guztiei buruzko ezagutza egokiak, zehatzak, fidagarriak eta eguneratuak transmititzen direla bermatzea.
Sexualitatearen aurrean jokabide arduratsuak sustatzea.
Osasun orokorrarekin (eta bereziki sexu- eta ugalketa-osasunarekin) zerikusia duten arazoak prebenitzea.
Neska eta mutilei tratu eta aukera berberak ematea.
ERREFERENTZIA TEORIKOAK
Ondo dakigu sexualitatearen inguruko jardueren proposamen bat sortzeko orduan, batez ere lehen hezkuntzaren eremuan, oso zuhur jokatu behar dela, bai jarduerak sortzean, bai gaiak ezartzerakoan. Ezagutzaren oinarri teorikoez ari garenean, gauza bat frogatuta dago, alegia, hainbat proposamen epistemologiko ditugula, baina horrek ez du baztertzen, bakoitzaren ekarpenak sartzerakoan, ekarpenik onenak eta egokienak sartzeko ideia, aztertu beharreko gaia hobeto ulertzeko eta horrela ikuspegi egokiagoa eta osoagoa transmititzeko.
Ezagutza-iturrietara jotzerakoan, erreferentzia hauek hartu ditugu kontuan.
SEXUALITATEAREN garapen psikodinamikoa.
PSIKOLOGIA SOZIAL PSIKODINAMIKOA.
PERTSONALITATEAREN TEORIA, ERIK ERIKSONENA.
GIZA GARAPENAREN OINARRI KOGNITIBOAK.
SEXOLOGIA SUSTANTIBOA, eta hari buruz idatzi duten autoreak (Efigenio Amezua, Joserra Landarroitajauregi, Javier Gomez Zapiain, beste batzuk…)
FELIX LOPEZEN EKARPENA (Sexualitatearen Psikologiako katedraduna da Salamancako Unibertsitatean).
SEXU-HEZIKETA INTEGRALA, eta horren barruan, beste zenbait ekarpen, epistemologiatik eta pedagogia feministatik.
ERRESISTENTZIAK
ERRESISTENTZIA EPISTEMOLOGIKO ETA EPISTEMOFILIKOAK
Sexualitatea, sexua edo sexu-heziketa lantzeko orduan, gaian daukagun prestakuntzaren arabera eta geure biografia pertsonalaren arabera (hau da, aldean daramagun ekipajearen arabera), modu batean edo bestean interpelaturik sentituko gara. Sexualitateari dagokiona ezin dugu bereizi bizi garen testuinguru sozial eta historikotik (zehazki, gure mendebaldeko gizartetik, zeina zama sozioekonomiko, kultural, etiko eta moral ugarik mediatizatzen duten). Ingurune horrek subjektu bat eta marko horretarako egokiak diren subjektibotasun batzuk sortuko ditu. Subjektu horiek zailtasunak eta oztopoak edukiko dituzte, arestian deskribatutakoak izan daitezkeenak, eta batez ere aztergaiarekin (hau da, sexu-heziketarekin eta sexualitatearekin) zerikusia daukatenak, gutako bakoitzarentzat duen esanahiagatik. Beraz, gai honi heltzerakoan erresistentziak sortzen dira. Erresistentzia horiei aurre egin ahal badiegu eta, aldi berean, akonpainamendu eraldatzaile bat egiten badugu, posible izango da erresistentzia horiek gainditzea eta optimistak izatea heldu behar zaion heziketa-lanean jarritako helburuak betetzeko orduan.
Hona hemen eginkizun bati aurre egiteko unean subjektuak izan ohi dituen bi erresistentzia-ereduak.
Oztopo epistemologiko bat eragozpen akademiko bat da, ezagutzaren eraikuntzan aurrera egitea mugatzen edo galarazten duena. Ahoz honela adierazi ohi da: “ez dakit”, “ez zait irteten”. “Ez dut ulertzen” edo “ezin dut”. Jakintza sortzeko ezintasuna sentitu ohi da, ez baitago hori lortzeko tresnarik.
Oztopo epistemofilikoa eragozpen pertsonala da, subjektuaren afektibitateari lotuta dagoena. Modu intelektualean ulertzea galarazten dio, baina zailtasun kognitiboaren jatorria emozionala da. Norberaren historia, sinesmenak, aurretiazko jakintza, balioak eta are aurreiritziak ere garrantzitsuak dira zerbait berriaz jabetzean, eta jokabide estereotipatuak edo erreakziozko jokabideak sortzen dituzte: haserrea, estutasuna, blokeoa. Hala, ikaskuntza egoera baten aurrean, antsietatea sortzen da, eta hori eragozpen epistemofilikoa da hezkuntzazko loturan. Antsietate horrek aldaketaren aurrean erresistentzia sortzen du. Ikastea aldatzea da, eraldatzea, beste batean bihurtzean datza”.
ESKOLAREN ROLA
Eskola eremu ezin hobea da umeek sexualitateaz, euren gorputzaz eta ugalketaz dituzten sinesmenak problematizatzeko, informazio egokia eta zientifikoki balidatua eskaintzen baitu.
Bestetik, umeei euren artean harremanetan sartzeko modu berriak eskaintzen dizkie, ezberdintasunen onarpenean eta errespetuan oinarrituak. Horrela, genero-rolak zalantzan jartzen dira, eta eskubideak ezagutzea eta gauzatzea landu daiteke.
Ikastetxeak mezu esplizitu eta inplizituak transmititzen ditu sexualitateaz eta norberaren eta besteen gorputzaz.
Sexualitatea eraikuntza bat da, baita ikaskuntzaren zati bat ere, beste batzuekin elkarreragiten gertatzen dena (familia, eskola, komunikabideak, ...). Beraz, eskolak prozesu horretan laguntzeko aukera dauka.
Mutilek eta neskek beharrizan berberak dituztela lantzea (sexua gorabehera) genero-rolen eraikuntzan eragiteko moduetako bat da.
Eskubideen ikuspegiarekin lan eginez eta sexu-heziketa ikasgelako proposamenetan txertatuz, abusuko eta tratu txarretako egoerak prebenitu daitezke.
Sexualitatea bizitzeko, sentitzeko eta gauzatzeko moduei heltzeak errespetua sustatzen du, eta gizarte demokratiko eta integratzaile bat sortzen laguntzen du.
Gutako bakoitzak ekipaje bat darama. Ekipaje horrek bere jabea moldatzen du eta haren bizitzan txertatuta dago. Seguruenik ez gara guztiz ohartzen ekipaje horrek zer nolako eragina daukan lan pedagogikoan. Irakaslearen rola betetzeak kulturaren berrirakurketa eskatzen du, baita pentsamendu kritikoa eta gogoeta sustatzea ere.
Garrantzitsua da jakintza berezi horretaz jabetzea, subjektu bakoitzaren historiaren eta beraren garai historikoaren emaitza dena. Garrantzitsua da, modu berean, sexualitateari buruzko sentimenduak eta pentsamenduak berrikustea; izan ere, horrek guztiak eragina dauka edukiak lantzeko moduan eta ikasgelan esaten den edo esaten ez den horretan.
IRAKASLEAREN ROLA
Zein da irakaslearen rola ikasgelan sexu-heziketa lantzerakoan?
Bere sinesmenen, mitoen eta balioen sistemaren kontzientzia hartzea eta berrikustea, horiek hainbat modutan agertzen baititu ikasgelan.
Sexu-heziketa ikasgelan sartzeko dituen beldurrak onartzea; gaiari heltzerakoan, zalantzak eta beldurrak naturalak eta ohikoak dira, sexualitatea bera jokoan baitago.
Irakasle gisa dugun papera eta gure bizitza pribatua argi eta garbi mugatu behar ditugu. Zentzu horretan, garrantzitsua da norberaren intimitateko adibide pertsonalik sekula ez jartzea.
Sexu-heziketari osotasunetik heltzea, arriskuan zentratutako ikuspegi batera murriztu gabe (gaixotasunak, planeatu gabeko haurdunaldiak eta abar), eta sexualitatearen plazeraren dimentsioa aintzat hartzea.
Genero-ikuspegia izatea, ikasgelako eguneroko lanean norberaren burua birpentsatzea, desmitifikatzea eta aurreiritziak haustea eskatzen duena; emakume eta gizon ereduak etengabe berrikustea, baita batzuei eta besteei esleitzen zaizkien baimenak eta espektatibak ere.
Lan zehatzetan sustatzen eta esaten denaren eta ikasgelan egunero egiten denaren artean koherentzia gordetzea.
Dibertsitate afektibo-sexuala ikasgelan txertatzea, landu beharreko edukia eta errespetatu beharreko eskubidea den aldetik.
Eztabaida eta adierazpen librea erraztea. Ideien trukaketa eta elkarrizketa sustatzea ikasgelan ateratzen diren gaiei buruz. Autonomian, parte-hartzean eta pentsamendu kritikoan laguntzea.
Argi izan behar da ezin ditugula beti galdera guztien erantzun guztiak eduki. Beraz, elkarrekin informazioa bilatzeko aukera dugu hemen.
Ulertu behar dugu ikasgelan sortzen diren gai guztiak ezin direla taldeka aztertu; batzuetan baliteke banakako espazio bat behar izatea.
Dena dakien eta aholkuak ematen dituen, ona eta txarra, onartutakoa eta debekatutakoa zer den erakusten duen irakaslearen lekutik ihes egitea.
AZTERTU BEHARREKO GAIAK:
GORPUTZA.
GURE JATORRIA.
GENEROA.
SEXU-ANIZTASUNA.
GORPUTZA:
Beharrezkoa da neska-mutilek ikastea euren gorputzak hainbat ehun, organo eta sistema dauzkala, eta horiek batasun bat osatzen dutela. Euren egitura psikikoaren eraikuntzak –ingurunearekin elkarreraginez– euren gorputza ezagutzen, irudikatzen eta estimatzen laguntzen die, euren identitate pertsonalaren oinarria den aldetik, eta horrez gain emozioak eta sentimenduak adierazi ditzakete, eta printzipio etikoetan oinarritutako arau eta jokabideak izan.
Umeek ulertu behar dute euren gorputzean fisikoki sentitzen dutenak eragina daukala, modu berean, euren emozioetan eta besteekin daukaten harremanean.
Umeengan konexio hori ezartzeak asko laguntzen die euren burua ezagutzen, autobaloratzen (autoestimua garatzen) eta euren gorputzaz jabetzen (euren burua errespetatzea eta euren gorputza errespetatua izan dadin exijitzea). Prozesu hori identitatearen eraikuntzari dagokio: bai banakotasunaren kontzeptua, hau da, pertsona bakoitza berezi egiten duena, bai komuna denaren kontzeptua, hau da, besteekin konpartitzen dena eta erreferentziako talde batean kokatzen eta hartan parte hartzen ahalbidetzen diguna. Horrela, identitatea eraikuntza pertsonala eta soziala da aldi berean; azken horrek ezaugarriak eta atributuak esleitzen dizkie pertsona taldeei, adibidez, identitate etnikoa, identitate nazionala, taldeko identitatea (Rocha, 2009).
Txikitatik, gizakiok geure gorputza esploratzen, ukitzen, estimatzen, sentitzen eta irudikatzen dugu, eta gutxika-gutxika haren formak deskubritzen ditugu, zentzumenen eta mugimenduen bitartez.
Sei eta zazpi urte arteko neska-mutilentzat, norberaren eta besteen gorputza esploratzea, behatzea eta aitortzea interesgarria da. Prozesu hori funtsezkoa da neska edo mutil gisa sexu-identitatea sendotzeko eta jakiteko nor diren, nolakoak diren eta zerk egiten dituen euren kidekoen eta inguruko helduen berdin edo ezberdin.
Lehen aipatu ditugun esplorazioaren eta jakin-minaren zentzua haurtzaro osoan ezkutuan dago. Horregatik, etapa horretan, ume batzuek beste batzuk “zelatatzen” dituzte komunean; txiza zelan egiten duten edo alua edo zakila zelakoa daukaten jakin gura dute.
Norbere gorputza ezagutzeko, hartaz jabetzeko eta besteen gorputzetik bereizteko prozesua lehen haurtzaroan eta haurtzaroaren zati handi batean gertatzen da. Horrexegatik, norbere gorputza hobeto ezagutzeko jakin-mina beharrezkoa da, umeek gorputza esploratu, begiratu, ukitu eta beste batzuekin erkatu behar dutelako, sexudun gorputza nolakoa den jakiteko duten interesa asetzeko, gizonen eta emakumeen gorputzak zertan diren eta zertan ez diren antzekoak jakiteko, eta umeen eta helduen gorputzak zertan diren eta zertan ez diren antzekoak jakiteko.
Gorputzaz elkarrizketak izateko, kezkak azaltzeko eta jakin-minari erantzuteko espazioak ematen badizkiegu, edo gaiaz hitz egitea saihesten badugu, sexualitatearen ikaskuntza libre eta esanguratsua murriztuko dugu beraien garapen integralaren eta eskubideen testuinguruan. Modu berean, eta era mailakatuan, pribatutasunaren eta intimitatearen kontzeptuen ikaskuntza sustatu behar dugu, bestearen baimenari eta bestearen hurbiltasunaren errespetuari dagozkien mugak ipintzeko.
Eskolak, gurasoen laguntzarekin, konfiantzazko giro bat sortu behar dute, umeek gorputzaz ikaskuntza esanguratsuak egin ditzaten, sexu-identitatearen eraikuntzaren erdigunea den aldetik.
HELBURUA:
Nork bere gorputza ezagutzea eta zelan hazten den ohartzea. Beste sexuarekiko eta helduekiko ezberdintasunak ezagutzea, eta zaintzako eta gorputz-ongizateko ohiturak garatzea. Gorputza sentsazioen, komunikazioaren eta plazeraren iturri gisa onartzea, baita genero-elementu baztertzailerik gabeko sexu-identitate libreko iturri gisa ere.
DESKRIBAPENA:
Hazkuntza-prozesuan, zenbait ezaugarri ezartzen dira adinaren arabera. Haietako bat, oso garrantzitsua, norberaren gorputza ikustea eta beste umeekin eta helduekin dituen ezberdintasunak ezagutzea da.
Garrantzitsua da interes horri erantzutea, naturaltasun, konfiantza, elkarrizketa eta parte-hartze giro batean. Modu berean, hiztegi egokia zaindu behar da, gorputzaren atalak izendatzean hizkuntzaren konnotazio peioratiborik edo ebitatiborik erabili gabe (adibidez, “potota” esatea, eta ez “alua”, edo beste izen batzuk, errealitatea ezkutatzeko asmoa dutenak).
Sexu bati edo besteari esleitu ohi zaizkien genero-portaerak zalantzatan jartzea, eta jarrera eta jokabide baztertzaileak ezabatzea.
Interesgarria litzateke gorputzaren zaintzari buruzko zenbait alderdi aurkeztea, higienearekin eta ongizate orokorrarekin zerikusia dutenak (atseden egokia, lo egiteko orduak, pantailen orduak, aisialdiko eta jarduera fisikoko denbora, eta abar).
EDUKIAK:
Gure gorputza hazten da.
Ezberdintasun fisikoak, bai kidekoekin, bai helduekin.
Banakako ezberdintasunak.
Gorputza, sentsazio, komunikazio eta plazer iturri.
GURE JATORRIA.
HELBURUA:
Oinarrizko ezagutzak izatea pertsonen jatorriaz, ugalketa pertsonen arteko topaketa aske eta arduratsuaren emaitza gisa ulertzea, sexualitatea komunikazio, plazer eta afektu iturri dela jakinda.
DESKRIBAPENA:
Puntu honetan, ez dugu gura gure jatorrian zerikusia duten mekanismo guztiak ezagutzea eta ulertzea (ernalketa, haurdunaldia eta erditzea), baizik eta jakin-mina eta galderak aprobetxatzea, eta jarrera berriak eraikitzea, pertsonen jatorriaren eta sexualitatearen aurrean jokabide irekiak eta positiboak izateko.
AFEKTUA:
Ikuspegi emozionaletik, afektua pertsona, animalia edo objektu batenganako maitasunaren edo estimuaren sentimendua eta adierazpena da.
Afektua ulertzeko, zenbait berezitasun izan behar dira kontuan:
Afektua gizakiaren garapenaren oinarria da: gizakiok afektu handia behar dugu behar bezala hazi eta garatzeko. Maitasuna eman eta jaso beharra daukagu. Beharrizan hori handiagoa da haurtzaroan eta ahuldade bereziko egoeretan.
Afektua sentitzen dugu: afektua sentitzen dugu maite gaituztela erakusten digutenean, ekintzekin eta hitzekin erakusten digutenean kontuan hartzen gaituztela, gure beharrizanei arreta ematen dietela, zaintzen eta babesten gaituztela.
Afektua eman edo jaso daiteke: afektua ematen edo jasotzen dugula esaten dugu. Maitasuna emateko eta modu positiboan erantzuteko gaitasuna gehitu edo murriztu daiteke. Inguruabar batzuek energia ematen digute, eta horrek afektua emateko eta erreakzio positiboa izateko gaitasuna areagotzen digu. Badirudi afektua energiaren moduko fenomenoa dela, hau da, gorde eta transferitu daitekeela.
Afektua emateak inplikazioa eta dedikazioa eskatzen ditu: beste pertsona baten arazoak ulertzen saiatzea (enpatia), gustatzen saiatzea, errespetua, esker ona edo maitasuna erakustea, eta pertsona bat zaintzea afektua emateko moduak dira. Esfortzua eskatzen dute denek.
Afektua izan behar diogun lehenbiziko pertsona norbera da: geure burua zaintzeko gaitasuna (atseden hartu, osasuntsu jan, kirola egin, aisialdia eduki, geure gorputza eta irudia zaindu, geure burua babestu...), “ez” edo “nahikoa da” esaten jakitea, laguntza eskatzen jakitea... geure burua zaintzeko moduak dira. Ezerk ez du zuritzen norberaren beharrei entzungor egitea. Besteak zaintzearen eta norbera zaintzearen arteko oreka bilatzea emozioak erregulatzearen kontua da: geure emozioen eta beraiek gorputzean eragiten dizkiguten sentsazioen bidez jakin behar dugu noiz bizi dugun mina ematen digun egoera bat.
PERTSONA BAKOITZA BEREZIA DA. BAITA MAITASUNA ERAKUSTEKO ETA MAITASUN-ADIERAZPENAK ONARTZEKO MODUA ERE.
Ume bakoitzak maitasuna erakusteko modu bat dauka. Era berean, bakoitzak besteen maitasun-erakustaldien mota batzuk edo besteak nahiago ditu.
MAITASUNA ETA AFEKTUA ADIERAZTEKO MODU BATZUK EDO BESTEAK NAHIAGO IZATEA FAKTORE PERTSONAL, FAMILIAR ETA KULTURALEN ARABERA ALDATZEN DA
Ume batzuei asko gustatzen zaie besarkadak eta musuak ematea edo jasotzea, eta beste batzuei ez zaie batere gustatzen. Gorputzen arteko komunikazio moduak ere bortitzagoak edo samurragoak izan daitezke (borroketan jokatzea, kilimak egitea, ...).
Afektuen adierazpenari dagokionez, ume bakoitzak dauzkan moduak errespetatu behar dira eta, nahi izanez gero, harremanetan sartzeko era aldatzen lagundu.
HAUR BATEK PERTSONA ZEHATZ BATEKIN KONTAKTU FISIKORIK IZAN NAHI EZ IZATEA TRATU TXARREN EDO ABUSUEN ADIERAZLE IZAN DAITEKE
Batzuetan, helduok umea behartu gura dugu: esaten diogu norbaiti (edozein adinetako pertsona bati) musu edo besarkada bat eman behar diola, eta ez dugu haren nahia errespetatzen. Jokabide hori arriskutsua: umeak ikasten du berak sentitzen duena ez dela garrantzitsuena, baizik eta obeditzea, nahiz eta egiten duenak sentsazio desatseginak sortu (ez zaio pertsona hori gustatzen, usain txarra dauka, haren bizarrak hazkura eragiten dio, estuegi besarkatzen du, ...).
EDUKAZIOA ETA AFEKTUA ERAKUSTEA OSO PORTAERA EZBERDINAK DIRA
Edukazioa errespetuz jokatzea da (agurtzea errespetua erakustea da). Edukazioz jokatzea betebeharra izan beharko litzateke, gizalegez jokatzea alegia. Baina afektua erakustea aukera bat izan beharko litzateke: musuak eta besarkadak bakarrik eman behar ditugu gogoa daukagunean.
UMEARI BERE JARRERARI EUSTEN LAGUNTZEA –HAU DA, EGIN GURA EZ DUENA (BESARKATZEA, MUSUKATZEA, ...) EZ DEZALA EGIN ONARTZEA– UMEA ERRESPETATZEA DA
Besteek errespetatzen badute, umeak bere burua errespetatuko du eta koertzioa edo abusua dagoenean hobeto jokatuko du.
HELBURUA:
Umeek euren kidekoekin dituzten harreman afektiboak indartzen edo kaltetzen dituzten portaerak identifikatzen dituzten edo ez jakitea.
Umeek konfiantzazko pertsonak identifikatzea, behar izanez gero beraiengana jo ahal izateko.
GENEROA:
Nola sortzen da genero-identitatea?
Gure genero-identitatea jaiotzatik hasten da sortzen.
Izateko, pentsatzeko eta sentitzeko moduak ezartzen dituzten arau eta eredu sozialek eragiten diote, eta gizonen eta emakumeen ezaugarri eta jokabide bereiziak erabakitzen dituzte.
Umeek, txiki-txikitatik, gizonei eta emakumeei esleitutako portaera guztiak esploratzen dituzte, arroparen, ipuinen, jolasen eta fantasien bitartez.
Bost urte inguru dituztenean, euren sexuarekin erlazionatzen diren jolasak bereizten eta haietaz jabetzen hasten dira. Sei urte dituztenean, argi daukate gizarteak euren generoarentzat zelako rolak ezarri dituen. Zortzi bat urterekin, euren sexuko helduek egiten dituzten jarduerekin identifikatzen dira, eta gauza maskulinoen eta femeninoen arteko ezberdintasun esanguratsuak ezagutzen dituzte.
Horregatik, gizon edo emakume jaio gara, eta izaera biologiko horren arabera (zeinak sexuen arteko ezberdintasun fisiologiko eta anatomikoak baitakartza) ezartzen ditu gizarte eta kultura bakoitzak gizonentzako eta emakumeentzako ereduak eta jokabideak, maskulinitatearen eta feminitatearen ikuspegi binario eta hierarkikotik.
Gurasoek seme-alabei gizarteratzearen bidez transmititzen dizkieten ereduak garrantzitsuak dira, adin horretan funtsezkoa baita sexu bereko gurasoa imitatzea. Imitazio hori bakoitzaren generoari dagozkion kultura, jokabideak, jarrerak eta praktikak erreproduzitzeko modua izango da, eta talde sozialaren bidez indartzen da.
Izan dezagun kontuan irakasleak eredua eta erreferentea garela gure ardurapeko ikasleentzat genero-identitatea eraikitzeko prozesu honetan.
Horregatik, irakatsi behar diegu genero-identitatea izateak ez dakarrela gizon eta emakume guztiok kontrako moduan sentitu, atsegin izan edo jokatu behar dugunik. Ez du esan gura, halaber, emakume guztiek edo gizon guztiek berdin-berdin sentitu eta jokatu behar dugunik. Maskulinitate eta feminitate eredu ezberdinak daude eta denak errespetatu behar dira, gure elkarreraginari eta ikaskuntzari lotuta baitaude.
Eskola, batik bat lehen hezkuntzan, umeak eta aurrenerabeak gizarteratzeko espaziorik garrantzitsuenetako bat da. Beraz, bermatu behar dugu eskola leku abegikorra izatea generoen artean elkarreragiteko modu berriak ikasteko, eta bertan ezberdintasunak errespetatu eta baloratu daitezela.
HELBURUA:
Umeek euren kidekoekin dituzten harreman afektiboak indartzen edo kaltetzen dituzten portaerak identifikatu ahal izatea.
Umeek ulertzea gizon edo emakume izatea hainbat modutan adierazi daitekeela, eta batzuetan gizonek eta emakumeek gustu, nahi, ezaugarri etab. berdinak izan ditzaketela eta bestetan ezberdinak, nork bere identitatea galdu gabe.
Neskek eta mutilek jasotzen duten tratu ezberdina konparatzea, eta horrek euren garapen pertsonala zein neurritan mugatzen duen aztertzea.
SEXU-ANIZTASUNA
Sexu-aniztasunaz aritzean, esan nahi dugu pertsona guztiek hainbat aukera dituztela sexualitatea ulertu, adierazi eta bizitzeko, baita sexu eta genero adierazpen, nahi, orientazio eta identitateak bereganatzeko ere, kultura batetik bestera eta pertsona batetik bestera aldatzen direnak. Horrela, baieztatzen da gorputz, sentsazio eta nahi guztiek izateko eta adieraziak izateko eskubidea dutela, gainerako pertsonen eskubideen errespetua izanik muga bakarra. Alegia, “sexu-aniztasuna” terminoaren barruan gizateria osoa sartzen dela, inork ez baitu bere sexualitatea besteen modu-moduan adierazten.
HELBURUAK:
Sexuei dagokienez dagoen aniztasuna behatzea.
Sexu-aniztasuneko egitateen balioa nabarmentzea.
Dibertsitatearen eta berdintasunaren inguruko kontzientzia gehitzea.
Dibertsitatea modu positiboan ikusi dadila sustatzea.
Ulertzea denok ezberdinak garen arren denok ditugula eskubide berberak, eta inor ez dela baztertu behar ezberdina izateagatik.
Geure ezaugarri indibidualak baloratzea eta estimatzea, geure identitatearen parte baitira.
Pertsonen berezitasun indibidualak errespetatzea, baina horrek ez dezala ekarri pertsonak ezberdin tratatzea.
Gorputzetan eta aurpegietan ager daitezkeen antzekotasunak eta aldeak ikustea. Genetikaren araberakoak, etnien araberakoak, norberaren historiaren araberakoak edo garai sozial bakoitzak ezartzen dituen estereotipoen araberakoak.
https://vimeo.com/190868280
https://emaize.com/wp-content/uploads/documentos/Bibliografia-2020-2021.pdf
https://egk.eus/wp-content/uploads/2017/03/Sexualitatearen-Koloreak.pdf