Bakterioak zatiketa bidez ugaltzen dira, normalean, eta bakterio bakoitzetik beste bi bakterio sortzen dira. Bakterio horietako bakoitza tamaina egokia izan arte hazten da, eta gero, berriz zatitzen da. Bakterioak zatitu aurretik, DNA bikoiztu behar da, eta ondoren pareta bat eratzen da bakterioaren erdialdean, zelula bitan zatitzeko (ikusi irudia).Sortutako bakteriokumeak bakterio-amaren berdinak dira genetikoki. Prozesua oso azkarra da; baldintzarik egokienetan daudenean ,ordu gutxian, bakterio bakar batek milaka bakterio berdin sor ditzake.
Bakterioak harremanetan daude bizilekuarekin edo ingurunearekin. Aldaketak hautemateko eta aldaketa horiei erantzuteko gai dira.
Inguruneko baldintzak egokiak ez direnean, zenbait bakterio pareta lodi batez bildu eta erresistentzia-espora bihurtzen dira. Horrela, inguruneko baldintza gogorrei aurre egiteko gai dira; oso tenperatura altuei, lehorteei, izozteei...aurre egiteko, adibidez. Inguruneko baldintzak hobetzen direnean, beste bakterio bat sortzen da esporatik.