Bakterioak mikroorganismo prokariotiko zelulabakarrak dira. Gehienetan, bakanduta bizi dira, baina zenbaitetan, taldekatu eta koloniak eratzen dituzte. Kolonia horietan, zelula bakoitzak bere kabuz egiten ditu bizi-funtzio guztiak.
Ezaugarri orokorrak:
Gaur egun uste denez, Lurrean bizi izandako lehen izaki bizidunak - duela 3.500 milioi urte baino gehiago- bakterioak ziren.
Gure planetako leku guztietan aurki daitezke bakterioak: airean, zoruan, uretan eta beste izaki bizidun batzuengan. Giro heze eta beroan askoz hobeto ugaltzen dira. Batzuk mutur-muturreko baldintzetan ere bizi dira, beste inor bizi ezin den tokietan: iturri termaletan, 80 ºC-an; Antartidako izotzetan; sumendietako ingurune azidoetan; aintzira gazietan... Muturreko baldintzetan bizi diren bakterioak Arkeobakterioen taldean sartzen dira.
Bakterio hitza entzuten dugunean, gaixotasuna datorkigu burura; baina ideia hori ez da zuzena. Egia esan, bakterio espezie batzuk patogenoak badira ere, bakterio gehienak onuragarriak dira gizakiarentzat eta biosferarentzat.
Ba al zenekien?
Gure organismoan bakterio asko bizi dira. Esate baterako, gure hesteetan bizi diren bakterioek digestio-prozesuan laguntzen digute, eta bitaminak sortzen dituzte. Gainera, beste mikroorganismo patogeno batzuk gure organismoan sartzea eragozten dute.