Zer da HIESa?
HIESa (hartutako inmunoeskasiaren sindromea) 1981ean deskribatu zuten gaixotasun moduan. Lehenengo kasuak AEBetan detektatu ziren. Garai hartan, kutsatzeko arriskua giza talde hauek zutela pentsatzen zuten: droga zainetan sartzen zutenek, homosexualek eta odol-transfusioen hartzaileek. Beraz, amerikar gehienen ustez, HIESa homosexualak, drogazaleak edota prostitutak zigortzen zituen izurria zen. Baina 1985ean Rock Hudson aktorearen heriotzak, eta, urte batzuk geroago, beste pertsonaia ospetsu batzuk (Freddi Merkury, Rudolph Nureyev, Magic Johnson…) hiesak jota zeudela aitortzea nahikoa izan zen munduak gaixotasun honi buruz zuen ikuspegia aldatzeko. Gaur egun eredu epidemiologikoa aldatu egin da eta HIESak munduko populazio ia osoari eragiten dio. Behin betiko baztertu behar dugu arrisku-talde bezalako terminologia eta haren ordez jokabide arriskutsu edo portaera arriskutsu terminoak erabili beharko genituzke. Azken urteetan, herrialde txiroetan eta, batez ere, Afrikako herrialdeetan izan du hedadurarik bizkorrena, neurri profilaktikoak ezartzeko dituzten zailtasunak direla eta.
Zer da GIBa?
GIB (giza inmunoeskasiaren birusa) da HIES gaixotasunaren eragilea. HIESaren birusa 1983ko maiatzean isolatu zuten lehen aldiz Pasteur Institutuko ikerlari batzuek.
Birus guztiak bezala, HIESarena ere zelula barruan baino ezin da ugaldu,eta inmunitate-sistemaren zelulak(linfozitoak) suntsitzen ditu. Hori dela eta, edozein motatako infekzioek eta gaixotasunek eraso diezaiokete gorputzari.
Bestalde, gerta daiteke GIB birusa izatea, baina gaixotasuna ez garatzea; hau da, pertsona horrek beste batzuk kutsa ditzake, bere gorputzean gaixotasuna garatu barik.
Nola transmititzen da ?
Organismoko jariakin hauen bitartez: odola, semena, bagina-jariakinak eta amaren esnea.
Hiru dira transmisio bideak:
· Sexu bidezko transmisioa: sexu harremanetan kondoirik ez erabiltzeagatik transmiti daiteke.
· Odolaren bidez: odolarekin kutsatutako objetuak partekatzeagatik: orratzak, hortz-eskubilak…
· Amarengandik seme-alabetara: haurdunaldian, erditzean edo bularra ematean. Baina gaur egun arrisku hori ia ez da esistitzen.
Nola ez da transmititzen ?
Eguneroko bizitza arrunteko ekintzetan ez da GIBa transmititzen:
· Musu eta laztanen bidez.
· Eztulaz, izerdiaz, listuaz.
· Edalontziak trukatzeagatik.
· Dutxa edo komun bera erabiltzeagatik.
· Etxe, eskola edota lantegiko elkarbizitzan.
Zer esan nahi du seropositibo izateak?
Seropositiboa edo eramailea GIBa organismoan eduki arren, gaixotasunaren sintomak ageri ez dituen pertsona da.
Pertsona batzuk eramaileak dira, eta ez dute horren berri.
Seropositiboek edo eramaileek besteei transmiti diezaiekete birusa jokabide arriskutsuak edukiz gero.
Urte batzuen ondoren, litekeena da eramaileak HIESa garatzea.
Nola jakin pertsona bat GIBaz kutsatuta dagoen?
Odol analisi espezifiko baten bidez. Analisi horrek detektatuko du pertsona batek GIBaren aurkako antigorputzik ba ote duen .
Antigorputzak detektatzen badira, pertsona hori seropositiboa da, alegia, GIB-eramailea.
Infektatu eta gero, gutxi gora behera, hiru hilabete igarotzen dira antigorputzak sortu arte.
Sendatu al daiteke?
Infekzioa bizi guztirako da, nahiz eta gaur egun kontrolatu samar izateko tratamenduak egon.
Erretrobiralek (GIBaren kontrako botikak) birusa ugaltzea oztopatzen dute aldi baterako, eta behin betiko suntsitzen ez badute ere, eramaileen bizitza luzatzen eta hobetzen dute.
JARDUERAK
1. Zer da HIESa?
2. Zer esan nahi dute GIB siglek?.
3. Azal ezazu laburki nola jokatzen duen GIBak giza zeluletan.
4. Nola kutsa daiteke GIBa?
5. Nola ez da kutsatzen GIBa?
6. Zer esan nahi du seropositibo izateak?
7. Hiesduna izatea eta seropositiboa izatea: gauza bera al dira?
8. Aipatu zein diren gaur egungo tratamenduak.
9. Zenbat persona daude HIESak jota Euskal Herrian?
10. Zure ustez, ba al du justifikaziorik hiesa duten pertsonak batzertzeak? Arrazoitu erantzuna.
11. Egin gaixotasunaren mapamundia, kontinente bakoitzeko eramaile- eta gaixo-kopuruak adierazten dituena.