Prozesu geologiko gehienak plaken ertzekin lotuta daude. Hala ere, gauza batzuk ertz horietatik oso urrun dauden zonetan gertatzen dira. Horren adibiderik ezagunena, izan ere, adinaren arabera antolaturiko uharte ozeaniko bolkanikoen artxipelagoena da (adibidez, Hawaii).
Halako uharteak eratzeko modua azaltzeko, plaken tektonikak gune beroak(hot spot) egotea proposatzen du; alde horietan mantu sakonetik iritsitako material oso beroen gorakada dago. Harri bero horren urtze partzialak, azaletik hurbileko alde batean sartzen denean (presio baxuko aldea), uharte bolkanikoak eratzen dituzten magmak sor ditzake.