Nutrizio motaren arabera, bakterioak heterotrofoak edo autotrofoak izan daitezke.
Bakterio gehienak heterotrofoak dira; hau da, beste izaki bizidun batzuetatik hartutako substantzia organikoz elikatzen dira. Bizimoduaren arabera, mota batekoak edo bestekoak izan daitezke:
Parasitoak. Beste izaki bizidun batzuetatik lortzen dute elikagaia, azken haien kaltean. Bakterio parasitoek gaixotasunak eragiten dituzte; esaterako, tuberkulosia eta kolera.
Saprofitoak. Hilda edo deskonposizio-prozesuan dagoen materia organikoan bizi dira. Batzuk deskonposatzaileak dira; hots, lurzoruko substantzia organikoak substantzia ez-organiko bihurtzen dituzte (landareentzat erabilgarriak). Beste bakterio saprofito batzuk oso erabiliak dira industrian; esnetik jogurtak eta gazta egiteko, esate baterako.
Sinbionteak. Beste izaki bati lotuta bizi dira, elkarren mesederako. Talde horretakoak dira ugaztun askoren digestio-aparatuan bizi diren bakterioak, animalia horiei elikagaien digestioa egiten laguntzeko.
Bakterio autotrofoak ere badira; hau da, substantzia ez-organikoetatik substantzia organikoak egiteko gai direnak. Haien artean zianobakterioak daude, fotosintesia egiteko klorofilaren oso antzeko pigmentua duten bakterioak.
Zianobakterioak ingurune urtarretan bizi dira eta alga berde-urdinska ere esaten zaie. Lurrean sortu ziren lehen organismo fotosintetikoak dira. Zianobakterioen jarduera fotosintetikoak, antzinako atmosferan, oxigenoa agertzea ekarri zuela uste da. Atmosferan oxigenoa agertzeak aldaketa handia ekarri zion biosferari, eta bizitzaren eboluzioa baldintzatu zuen.
Zianobakterio batzuk onddo batzuekin elkartzen dira likenak eratuz. Elkarketa horri sinbiosia esaten zaio. Sinbiosian elkartzen diren izaki biek lortzen dute etekina. Likenetan, onddoak hezetasuna eta babesa ematen dio algari eta algak elikagaiak ematen dizkio onddoari.
Ba al zenekien?
Likenak talde berezia osatzen dute landare erreinuaren barruan, eta oso sentikorrak dira atmosferaren kutsadurarekiko. Kutsadura handiko inguruneetan ez da likenik egoten. Horregatik, likenak ingurune bateko kutsaduraren adierazletzat hartzen dira